ERRADIOGRAFIAK

(X izpiak)

Zer da erradiografia bat?

Erradiografia bat gorputzaren irudi bat da, X izpi bidez sortua. Irudi horretan batez ere hezur-egiturak (hezurrak eta artikulazioak) agertzen dira, eta, hein batean, baita parte bigunak ere.

Erradiografia da miaketa ohikoena Irudi bidezko Diagnostikoko Zerbitzuan. Oinarrizko teknika da gaixotasunen diagnostikoan, bereziki patologia traumatikoan, hezur-egiturak oso ondo erakusten baititu.

Azken belaunaldiko X izpien areto bat dugu. Zuzeneko ekipo digital bat da, eta sortutako irudia zuzenean bidaltzen da irudiak biltegiratzeko eta bidaltzeko sistema informatiko batera. Dagoeneko ez dira egiten euskarri konbentzionaleko “plaka” klasikoak. Teknologia honek irudi-kalitate hobea ematen du, erradiazio-dosi txikiagoa erabilita.

Teknika segurutzat jotzen da?

Erradiografia da miaketa ohikoena Irudi bidezko Diagnostikoko Zerbitzuan.

X izpiek erradiazio ionizatzailea erabiltzen dute irudia sortzeko. Erradiazio ionizatzailea energia-iturri bat da, eta berez dago gure ingurunean (radon gasa, erradiazio kosmikoa…). Jasotzen dugun erradiazioaren % 80 baino gehiago iturri naturaletatik dator, eta parte txiki bat baino ez dugu jasotzen iturri artifizialetatik (adibidez, medikuntzako X izpietatik).

X izpiek ez dute erradioaktibitaterik eragiten, eta ez dira gorputzean metatzen. Edozein uhin elektromagnetikoren antzera, sortzen den unean baino ez dago.

Zer arrisku daude?

X izpiek eragin biologiko kaltegarriak eragin ditzakete gizakiengan. Mende bat baino gehiago da eragin horiek ezagutzen direla, eta oso inprobablea da helburu medikoekin egindako esposizio baten ondorioz gertatzea. Izan ere, X izpien ekipoak kontrolatu egiten dira behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko, eta haiek erabiltzen dituzten langileek kualifikazio egokia izan behar dute.

Haurdun bazaude, edo haurdun egon zaitezkeela susmatzen baduzu, adierazi egin behar diguzu, erradiografia egitea komeni zaizun baloratzeko. Kasu horretan, informazio espezifikoa irakurri beharko duzu, eta guk emango dizugun baimen informatu bat sinatu.

Babes Erradiologikorako Espainiako Elkarteak (SEPR), bideo honetan, proba eta tratamendu mediko horiek egin behar dituzten pazienteen zalantza nagusiak azaldu nahi izan ditu.

ERRADIAZIO IONIZATZAILEAREN ERAGIN KALTEGARRIAK

Erradiologian, X izpiek ehunetan sartzeko duten ahalmenaz baliatzen gara giza gorputzaren irudiak lortzeko. X izpiak erradiazio ionizatzaileak dira: energia handiko uhinak dira, eta atomoetako eta molekuletako elektroiak askatzeko gai dira (ionizatu egiten dituzte). Horregatik, lesioak eragin ditzakete ehunetan eta gure zeluletako DNAn.
Hona hemen erradiazio ionizatzailearen efektu biologikoetako batzuk: minbizi induzitua, akats genetiko heredagarriak, lesio dermikoak, alopezia, kataratak, etab.
Kasu batzuetan (erradiazioak induzitutako minbizian), efektu ausazkoa da; hau da, ez da jasotako dosiaren araberakoa. Zenbatespenen arabera, erradiazio ionizatzaileak eragindako minbiziaren ehunekoa (helburu medikoekin egindako mota guztietako miaketa erradiologikoak oro har hartuta) % 1,5etik beherakoa da. Minbizi-kasu gehienak eragile kantzerigeno ezagunek eraginak dira (tabakoa, alkohola, dieta, genetika, etab.). 
Beste kasu batzuetan, efektuak erlazioa du jasotako dosiarekin. Gorputzeko edozein tokitan erradiografia bat egiteko jasoko duzun dosia efektu horiek eragiteko behar den atalasearen oso azpitik daude. Beraz, ia ezinezkotzat jotzen da efektu horiek jasatea.
Adibide gisa, artikulazio baten erradiografia (esate baterako, belaunarena) egiteko behar den erradiazioa modu naturalean egun batez jasotzen dugun erradiazio-dosiaren balokidea da, eta zure osasunerako arrisku hutsala duela jotzen da.
Haurrek eta fetuek sentsibilitate handiagoa dute erradiazioarekiko. Beraz, kasuan kasu baloratuko dira arriskuak eta onurak.
Gogoan izan behar dugu miaketa erradiologiko horrek dakartzan onurek (zure patologia diagnostikatzeko informazioa) soberan gainditzen dutela erradiazio ionizatzailearen ondoriozko arrisku teorikoa.
Ez da ezarri paziente batek helburu medikoetarako miaketa baten ondorioz jaso dezakeen dosiaren mugarik.

ZER EGITEN DUGU ERRADIOGRAFIAK SEGURTASUNEZ EGITEN DIRELA BERMATZEKO?

Gaur egun, irudi bidezko diagnostikoko zerbitzu guztiek lege ugari bete behar dituzte, X izpien bidezko miaketak segurtasunez egin ahal izateko, bai pazienteei dagokienez, bai langileei dagokienez.
Kalitatea eta Babes Erradiologikoa Bermatzeko Programa dugu, non zehazten baita nola betetzen ditugun lege horiek.
Enpresa baimendu batek X izpien ekipoen eta instalazio erradiologiko honen kalitate-kontrola egiten du, eta txostena Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari bidaltzen zaio.
Eusko Jaurlaritzako ikuskapenak izaten ditugu aldian behin, legeak betetzen direla egiaztatzeko.
Barne-ikuskaritzak ere egiten ditugu, beharrezkoak diren neurri guztiak betetzen ditugula ziurtatzeko.
Alderdi hauek barne hartzen dira kontrol horietan:
Pazienteei ematen zaizkien dosiak egiaztatzea.
Eremuko erradiazio-mailak neurtzea.
Paretetako blindajeen eraginkortasuna egiaztatzea.
Ekipoek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzea.
Langileen dosimetria-irakurketak egiaztatzea.
Irudiaren kalitatea kontrolatzea.
Eremuak behar bezala seinaleztatuta daudela egiaztatzea.

Horregatik guztiagatik, miaketa erradiologikoak ekarrizko dizkizun onurek erabat justifikatzen dute miaketa hori egitea.

Bete beharreko urratsak

Ohiko galderak