Maiz egindako galderak

Prestazio ekonomikoak

Juridikoa

Osasun Arloa

Prestazio ekonomikoak

Bateragarriak al dira ezintasun iraunkor eta erabatekoa eta lana?

Bateragarriak dira ezintasun iraunkorragatiko pentsioaren eta beste lan bat bateragarritasuna (baita enpresa berean ere), baldin eta funtzio berriak ez badatoz bat ezintasuna eragin zutenekin. (Gizarte Segurantzaren sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen TRLGSSaren 141.1. artikuluak jasotzen du). Edonola ere, 55 urtetik gorako langileei aitortzen zaien pentsioaren %20ko igoera ez da bateragarria besteren kontura edo norbere kontura lanean jardutearekin, ezta lan horietatik erator litezkeen Gizarte Segurantzaren prestazioekin ere, hala nola, aldi baterako ezintasunagatiko saria edo horiei dagozkien langabeziagatiko prestazioak.
Aurrekoa gorabehera, edozein lan egiten dela ere, bai norbere kontura bai besteren kontura, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari jakinarazi beharko dio pentsiodunak, gaixotasun profesionalaren ondorioa izan ezean, izan ere, kasu horretan, Erakunde Kudeatzailearen baimena beharko da.

Lan-istripu baten edo gaixotasun profesional baten ondoriozko pentsioek eta kalte-ordainek PFEZn ordaintzen dute?

Lan-istripuaren ondoriozko pentsioen eta kalte-ordainen zerga-erregimena aldatu egiten da zer lurraldetan ordaintzen den kontuan hartuta. Oro har, Arabako Lurralde Historikoan ordaintzen duten pertsonen kasuan izan ezik, zerga-ordaintzetik salbuetsita baitaude, zenbatekoak laneko errendimenduaren kontzeptuaren barruan sartuta daude Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez (horren zenbatekoa egozten diren ekitaldian handituz), eta, hortaz, atxikipenaren mende daude, berezitasun hauekin:

Baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrak Ezintasun iraunkor partziala Ezintasun iraunkor osoa Ezintasun iraunkor oso eta kualifikatua Ezintasun iraunkor absolutua eta baliaezintasun handia
Araba Salbuetsita Salbuetsita Salbuetsita Salbuetsita (2) Salbuetsita
Bizkaia %50 zergapean; eta gainerako %50, salbuetsita %50 zergapean; eta gainerako %50, salbuetsita %100 zergapean
Gipuzkoa
Nafarroa %60 zergapean; eta %40, salbuetsita %60 zergapean; eta %40, salbuetsita %100 zergapean
Lurralde erkidea (Estatuaren gaineratikoa)

(1)   Oro har, aurretik aipatutako prestazioei ez zaie aipatutako salbuespena aplikatzen aldi berean jarduera ekonomiko bat egiten bada edo lanaren ondoriozko errendimenduak jasotzen badira (zenbait errendimendu izan ezik, salbuespenarekin bateragarriak baitira). Kasu horietan, jasotzen den prestazioagatik zein gainerako errendimenduengatik ordaindu beharko da. Edonola ere, aldian aldian prestazioak jasotzen direnean, bateraezintasun hori ezingo da aplikatu prestazioa lehenengo aldiz jasotzen den zergaldian.
(2) 55 urtetik gorako pentsiodunei aplikagarria, pentsioa beste inolako lan ordaindurekin bateratzen ez dutena.
Laneko istripuen ondoriozko heriotzen edo gaixotasun profesionalengatiko pentsioei dagokienez, salbuetsita dauden bakarrak zurztasun pentsioak dira 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta senideen aldeko pentsioak, baldin eta onartzen bada ezintasun iraunkor baten ondorio direla erabateko ezintasunaren edo ezintasun larriaren mailetan, edo horien onuradunak 22 urtetik beherakoak badira. Heriotzaren ondoriozko oroharreko kalte-ordainek baremoko zenbatekoen edo ezintasun iraunkor eta partzialen zerga-erregimen bera dute.
Aurreko guztiaz gainera, terrorismo ekintzen ondoriozko pentsio guztiak zergak ordaintzetik salbuetsita daude.

Noiz kobratuko dut prestazioa?

Eskatutako dokumentazioarekin batera eskaera aurkeztu ondoren, ordainketa bat egingo dizugu aurkeztutako azken egiaztapen-partearen data arte gelditzen diren kopuru guztiekin. Une horretan, ohiko posta bidez ordainketa zuzeneko eskaeran adierazitako helbidera bidaliko dugu prestazioaren edukiari dagokion jakinarazpena. Orduz geroztik, ordainketak hilerokoak izango dira, hilabetea amaitzean eta hilabete bakoitzeko hilaren 5a eta 10a bitartean. Informazio gehiagorako, begiratu gure webguneko ordainketen egutegian.

Nola eska dezaket mutuak kudeatutako prestazioen ordainketa zuzena?

Eskatutako dokumentazioa Mutualiaren edozein zentrotan aurkeztu liteke. Horrez gainera, bide hauen bitartez igor dezakezu Prestazio Ekonomikoen izapideen zentroetara:

Fax bidez:

Bizkaia: 944 042 103
Gipuzkoa: 943 430 153
Araba: 945 009 091
Madril: 91 567 03 71

Mail bidez:

Bizkaia: erandioprestaciones@mutualia.es
Gipuzkoa: prestacioneseconomicasgipuzkoa@mutualia.es
Araba: prestacionesvi@mutualia.es
Madril: madridprestaciones@mutualia.es

 

Enpresak ez dit ordaintzen, arazo ekonomikoak ditu, nola kobratu dezaket laneko baja?

Enpresak ez badizu ordaintzen zailtasun ekonomikoak dituelako, ordainketa zuzena eska dezakezu (markatu eskaeran enpresak ez betetzeari dagokion laukitxoa). Bi egoera sor litezke:

  • Enpresak onartzen duenean ez duela bete, enpresaren ziurtagirian, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:                                                    -NANaren edo indarrean den agiri baliokidearen fotokopia.

-Ordainketa zuzenaren eskaera (interesdunek beraiek izenpetu beharreko inprimakia – kontu korrontearen zenbakiak titularrarenak edo hark baimendutakoarenak izan behar du).

-Kotizazio ziurtagiria (enpresak bete eta izenpetu beharko du inprimakia).

  • Enpresak onartzen ez duenean bete ez duela, dokumentazio hau aurkeztu dezake:

-NANaren edo indarrean den agiri baliokidearen fotokopia.

-Ordainketa zuzenaren eskaera (interesdunek izenpetu behar dute inprimakia – kontu korrontearen zenbakiak titularrarenak edo hark baimendutakoarenak izan behar du).

-Enpresak prestazioa noiztik ordaintzen ez dion adierazten duen idazkia.

Kasu horietan, enpresarekin jartzen gara harremanetan, idazkian adierazten digun egoera baieztatzeko helburuarekin.

Zuk eta zure enpresak emandako informazio guztiarekin, Mutualitateak erabakiko du zure eskaerarekin zer egin.

 

Zer egin behar dut haurdunaldiaren eta edoskitzearo naturalaren arriskuari dagokion arriskuaren aurkezpena eskatzeko?

Arriskuaren prestazioa eskatu aurretik, ezinbestekoa da mutualitatearen zerbitzu medikoak aintzat hartzea zure lanpostua arriskutsua den haurdunaldirako edo bularreko haurrarentzat, eta zer aukera dauden enpresan bertan lanpostua egokitzeko edo aldatzeko, gure prebentzio zerbitzuarekin elkarlanean.

Horretarako, lanpostuaren arriskuaren balorazioa eskatu beharko da. Inprimaki honetan adierazten den dokumentazioarekin batera.

Lanarekin zerikusia duen arrisku bat badela egiaztatzen bada, eta hori ezin bada saihestu eta enpresak ezin badu egoerarekin bateragarria den beste lanpostu bat eman, orduan, prestazio ekonomikoa eskatu ahal izango du, inprimakian bertan adierazitako dokumentazioarekin batera.

Gutun bat iritsi zait baja amaitu zaidala esanez, ez naizelako medikuarekin nuen hitzordura joan; joatera behartuta nago?

Haurdunaldia ezin da gaixotasuntzat hartu; beraz, haurdun egoteagatik zure medikuak ez du zertan baja eman edo ez duzu zertan lanera ez joan. Edonola ere, bi egoera sor litezke lan-jarduera etetea egokia dela zehazten dutenak: lehena, lanerako ezgai egiten duen patologia/gaixotasun bat edukitzea; egoera hori lehen arretako medikuak baloratu beharko du, eta hark egokia irizten badio, baja medikoa emango dio.

Bigarrena, zure osasunari edo umekiarenari modu negatiboan eragin diezaiokeen lan jarduera bat egiten duten langileei dagokie; kasu horretan, enpresak arrisku hori saihestu beharko du, eta, horretarako, lanpostua aldatu, egokitu, etab. egin beharko du, Laneko Arriskuen Prebentziorako Legean adierazten den bezala (26. art.). Hori posible bada, eta mutualitateko medikuek baloratu dutenean benetan laneko arriskua dagoela, langileak badu bere jarduera etetea enpresarekin adostuta eta prestazio ekonomikoaren ordainketa eska diezaioke mutualitateari

Nire semeari gaixotasun larria diagnostikatu diote. Nola egiaztatu dezaket zuzeneko zaintzak, etengabeak eta jarraituak, behar dituela?

Adingabearen asistentzia medikoaren ardura duen Osasun Zerbitzu Publikoko fakultatiboaren adierazpen medikoaren bitartez, zeinetan adieraziko den zer gaixotasun duen adingabeak, iraupen luzeko ospitaleratzearen ondoriozko diru-sarrerak zein diren, eta zehaztuko den zenbat denboraz pentsatzen den beharko dituela zuzeneko zaintzak, etengabeak eta jarraituak. Adingabearen laguntzaren ardura duen medikua erakunde pribatu batekoa bada, aitorpen hori aipatutako fakultatiboak bete beharko du.

Aitorpen medikoa ezinbesteko agiria da prestazioaren lehenengo hilabetearen aitorpena eta baita interesdunak eskatzen dituen ondorengo luzapenetarako ere, gehienera ere bi hilabeteko aldietan. Mutualiak, aitortutako jardunaldiaren murrizketa aldi bakoitza amaitu aurretik, behar adina denboraz jakinaraziko dizu, gutun ziurtatu bidez, aitorpen mediko berri bat bidali behar duela hurrengo luzapena onartzeko.

Gainera, hasieran eta aldian-aldian adingabearen txosten mediko eguneratuak eskatuko dizkizugu, gaixotasunaren bilakaera eta egoera zehaztuko duena, eta jasotzen duen tratamendua (medikua, errehabilitatzailea, botikaria, etab.) eta zer zaintza behar dituen.

Gaixo adingabeak zaintzeko prestazio ekonomikoa eskatu nahi dut eta nire senar/emazteak aldi baterako ezintasuna badu edo amatasun/aitatasun egoeran edo haurdunaldi/edoskitze naturalaren arriskuan badago edo aitortuta badu ezintasun iraunkorrean, jaso al dezaket prestazioa?

Prestazioa jasotzeko, gurasoak, adoptatzaileak, hartzaileak edo tutoreak afiliatuta egon behar dute eta alta emanda Gizarte Segurantzako sistemaren erregimenen batean, eta, aldi berean, adingabeak behar dituen zuzeneko zaintzak, etengabeak eta jarraituak ematea galarazten dieten lanen bat egiten egon behar dute. Aurretik aipatutako egoera horietan ez da baldintza hori betetzen, egoera horretan dagoen pertsonak a priori baduelako behar adina denbora adingabea zaintzeko.
Ziurtagiri mediko bidez zehazki ziurtatzen bada pertsona horrek ezin dizkiola adingabeari zuzeneko zaintzak, jarraituak eta etengabeak eman haren osasun egoera dela-eta, kasu horretan baino ez da kontuan hartuko prestazioa jasotzeko baldintzak betetzen direla baloratzean.

Laneko bajan nagoela, nire jarduera langile autonomo gisa behin betiko etetea erabaki dut; noiz arte kobra dezaket baja?

Lehenik, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrera joan behar du autonomoen erregimenean baja eskatzeko, GSDOn bertan hitzarmen berezi bat izenpetzeko aukerarekin.  Mutualiak, bestalde, hitzarmen berezi hori izenpetu edo ez, aldi baterako ezintasunari dagokion prestazioa ordaintzen jarraituko du, osatzen den bitartean.

Zer egin dezake enpresak gizarte segurantzak egin dituenean ez badu langileren baten Aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa deduzitu edo gutxiago deduzitu bada?

Enpresak mutualitateari eska diezaioke egin ez diren eta dagozkion dedukzio horiek itzultzeko; horretarako, enpresak bete eta mutuari bidali beharko dio Mutualiaren webgunetik deskargatu litekeen “Ordainketa delegatuaren erregimenean eta kotizazio buletinean ez murriztua itzultzeko eskaera”. Horrez gainera, bajaren aurreko hilabeteari dagozkion eta itzultzea eskatzen duen hilabeteetako TC-1 eta TC-2 ereduak erantsi behar ditu, bai eta itzultzea eskatzen duen pertsonaren NANaren kopia bat edo agiri baliokidea ere.

Juridikoa

Derrigorrezkoa al da Gizarte Segurantzan alta ematea lana modu eraginkorrean hasi aurretik, edo bideratu daiteke lana hasita dagoela? Zer ondorio izan ditzake?

Erregimen Orokorrean ez da egokia lan-jarduerari ekitea Gizarte Segurantzan alta eman dela egiaztatu arte, eta une hori data eta ordu zehatzarekin erregistratzen du Diruzaintza Orokorrak. Denbora-erregistro horrek zehazten du aseguramendua noiz hasten den; hori dela eta, aurretik sor litezkeen gertaerak estalduratik kanpokotzat hartzen dira (langilea ez dagoelako Gizarte Segurantzan alta emanda) edo afiliazioaren betebeharrak ez betetzeagatiko erantzukizuna izan daitezke (Gizarte Segurantzan alta eman aurretiko lan-istripuak). Ondorioak ekonomikoki larriak izan litezke langilearentzat, babesik gabe gelditu bailiteke, bai eta enpresarentzat ere, erantzukizun ekonomiko larrian eror baitaiteke gertaeraren larritasunaren arabera; beraz, garrantzizkoa da Gizarte Segurantzan alta erregistratu dela egiaztatzea, zerbitzuari modu eraginkorrean ekin aurretik.

Zer egin dezaket medikuaren altarekin bat ez banator?

365 eguneko baja bete baino lehen Osasun Zerbitzu Publikoek edo Mutualitateek igortzen dituzten alta medikoekin bat ez datozen gaixoek kontra egin diezaiokete Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren aurrean, eta alta medikoa berrikusteko prozedura bereziari ekin diezaiokete. Aldi berean, 365 egunetik gorako prozesuetan, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak berak igorritako alta medikoei kontra egin diezaioke, Institutu Nazionalaren beraren aurrean, altarekin bat ez datorren prozedura berezi baten bitartez. Bi prozedurak borondatezkoak dira; beraz, prozedura ez erabiltzeak ez du galarazten alta medikoen egoitza judizialean kontra egiteko aukera.

Lan-istriputzat hartzen da lanetik etxera edo etxetik lanera joatean gertatzen den istripu oro, baldin eta lanera sartu baino ordu bat lehenago edo irten eta ordubetera gertatzen bada?

Egia bada ere Epaitegi Gorenak in itinere lan-istriputzat hartzeko ezinbestekotzat jotzen duela denborazko lotura egotea istripua gertatzen denetik eta lanera sartzeko eta irteteko orduaren artean, osagai kronologiko hori kasu zehatz bakoitzean zehaztu beharko da, desplazamendu zehatzaren ezaugarrien arabera. Ez dago, beraz, kasu guztietarako aipatutako ordubeteko tarte hori modu automatikoan ezartzen duen irizpide orokorrik.

Lan-istriputzat hartzen da langile batek, enpresak baimenduta, lanaren eta osasun-zentroaren artean egiten duen desplazamenduan edo itzulerako desplazamenduan gertatzen dena, baldin eta desplazamenduaren helburua lanaren eremuarekin zerikusirik ez duen kontsulta medikora joatea bada?

Epaitegi Gorenak ezartzen duen moduan, in itinere lan-istriputzat hartzeko, ezinbestekoa da osagai teleologiko deitua, hau da, aipatutako desplazamenduaren helburua lanak mugatua izatea. Kasu horretan, eta oro har desplazamendua helburu pertsonal batek eragina bada, lanaren eremuarekin batere zerikusirik ez duena, aipatutako osagai hori faltako litzateke, eta, hortaz, ezin har liteke lan-istriputzat. Eta hori guztia, alde batera utzi gabe enpresak baimendutako desplazamendua dela.

Lanpostura itzultzeko betebeharra eten egiten al da langile batek aldi baterako ezintasuneko 365 eguneko epea amaitu ondoren Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak igorritako alta medikoaren aurrean jarritako erreklamazioarekin?

Ez. Gizarte Segurantzako Institutuak aurretiko Erreklamazioaren balioa ematen dio erreklamazio horri, berez exekutiboa den ebazpen baten aurrean; beraz, erreklamazioa jartze hutsak ez ditu haren ondorioak eteten eta langileak ebazpen horretan jarritako egunean itzuli beharko du lanpostura.

Derrigorrezkoa al da ezintasun iraunkorra aitortu dioten langile bati lanpostua gordetzea?

Ezintasun iraunkorraren aitorpena da, hain zuzen ere, Langileen Estatutuaren 48.2 artikuluan aurreikusitako lanpostua gordez etendako kasuetako bat, eta bi urteko aldira zabalduko da, ezintasun hori aitortzen den ebazpen-datatik zenbatzen hasita, baina ebazpen horretan zehazten bada bi urteko edo hortik beherako epea dagoela berriro azterketa bat eskatzeko, interesdunaren ezintasuna eragin duen egoera hobetu litekeela aurreikusirik.

Mutualitateak ordaintzen al ditu laneko istripu baten ondoriozko kalte materialak?

Mutualitateek eskaintzen dituzten estaldurak Gizarte Segurantzaren erregimenak arautzen dituzten legeetan zehazten diren prestazio publikoetara mugatzen dira. Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorraren zein Erregimen Berezien ekintza babeslearen barruan sartzen dira langilea sendatzeko prestazioak edo lana aldi baterako edo behin betiko galarazten duten egoeren ondorioz galdutako soldaten errenta-galerak osatzeko prestazioak. Estaldura horien barruan ez da sartzen istripu batek, lan-istripua izan edo ez, eragin ditzakeen kalte materialen ondoriozko ordainak, langilearen gorputzaren kalteak edo kalte fisikoak ez direnak.

Derrigorrezkoa al da Mutualitatearen kontrol medikoetara joatea Mutualitatea denean gaixotan arruntaren ondoriozko bajak irauten duen bitartean laguntza ordaintzearen erantzulea? Zer ondorio du kontrolera ez joateak?

Kontingentzia arrunten ondoriozko bajen laguntza medikoa Osakidetzako zerbitzu medikoei edo Osasun Zerbitzu Publikoei dagokie. Horrek pentsarazi diezaioke gaixoari, oker, ez dagoela derrigortuta Mutualitatearen kontrol medikoen mende jartzera hark ordaintzen dituen bajetan. Kontrol mediko horiek prestazio ekonomikoaren ordainketa justifikatzen duten baldintza legal guztiak gertatzen direla egiaztatzeko balio dute; beraz, justifikatu gabe kontrol horietara ez agertzea ordainketa eteteko arrazoi legala da. Iraungitze horren ondorioak ezin dira konpondu baja justifikatuta dagoela egiaztatzen bada ondoren. Iraungitze hori kontrol horien mende jartzeko betebeharra ez betetzearen ondorioa da, baina hori ez da alta medikoarekin nahastu behar, hori igortzea osasun laguntzaren arduradun diren zerbitzu medikuei baitagokie.

Enpresak langile bat derrigortu dezake osasuna zaintzeko azterketa mediko bat egitera?

Beharrezkoa da langilearen baimena, eta, hortaz, uko egin diezaioke, honako kasu hauetan izan ezik, eta langileen ordezkariei jakinarazi ondoren, azterketa beharrezkoa denean:

a)    Lan-baldintzek langileen osasunean dituzten ondorioak ebaluatzeko.

b)    Langilearen osasun egoera egiaztatzeko, langilearentzat berarentzat, beste langileentzat edo beste pertsonentzat arriskua izan baliteke (alkoholismoaren kasua izan liteke).

c)    Horrela aurreikusten badu arrisku berezietatik eta arriskugarritasun bereziko jardueretatik babesteko Lege batek (Laneko Arriskuen Prebentziorako Legearen 22. artikulua).

Lehen Arretako Medikuak (ohiko medikuak) idatz dezake Lan-istripuaren ondoriozko baja mediko bat?

Ez, Mutualitateko sendagileari baino ez dagokio kontingentzia profesionalei erantzutea. Edonola ere, kontingentzia hori aitortzeko eskumena duen bakarra, aipatutako medikuaz gainera, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala da.

Osasun Arloa

Zer egin laneko istripua izatekotan?

Istripua larria edo oso larria bada, zuzenean larrialdietako 112 zenbakira deitu.

Istripua arina bada eta mugitu ahal bazara, Mutualiako asistentzia zentro batera joan beharko zara. Gertuen daukazun zentroa kontsultatu dezakezu webguneko 24 orduko asistentzia linean edo Mutualiaren app-an. Gogoratu NANa eta enpresak betetako asistentzia partea eraman behar dituzula.

Istripua arina bada baina ezin bazara mugitu, deitu 900 50 60 70 telefonora, lekualdatzea eskatzeko. Mediku batek zure egoera baloratuko du, eta egokiena den garraiobidea bidaliko du. Gogoratu NANa eta enpresak betetako asistentzia partea eraman behar dituzula.

Zer egin asistentzia medikoa jaso ondoren?

Istripua baja gabekoa bada, artatua izan ondoren lanera itzul zaitezke edo hurrengo egunean joan, medikuak esaten dizunaren arabera. Gogoratu dokumentazioa enpresan aurkeztu behar duzula (asistentzia partea).

Istripua bajarekin bada, baja partea enpresan aurkeztu behar duzu 3 egun balioduneko epean, berrespen partea 3 egun balioduneko epean, eta, alta eman ondoren, gogoratu enpresari alta partea entregatu behar diozula 24 orduko epean.

Zer pauso eman behar ditu enpresak?

Enpresak asistentzia partea bete eta Mutualiari bidali behar dio, istripua izan duen pertsonaren bitartez edo Extranetetik.

Istripuak laneko bajarik sortu ez badu, enpresak bajarik gabeko istripua Delt@ sistemaren bidez jakinarazi beharko du, hurrengo hileko lehenengo bost egunetan.

Istripuak laneko baja sortu badu, enpresak laneko istripu partea bete beharko du Delt@ sistemaren bidez, hurrengo hileko lehenengo bost egunetan.

Istripua larria edo oso larria bada edo lau pertsona baino gehiago inplikatuta badaude, gehienez 24 orduko epean jakinarazi beharko da.  

  • EAEren kasuan:
    • DT Araba: tlf 945017034 – fax 945017031 – trabajoaraba@euskadi.eus
    • DT Bizkaia: tlf 944031233 – fax 944031212
    • DT Gipuzkoa: tlf 943023209 – email: ordenacion-gipuzkoa@euskadi.eus
  • Gainerako probintzietan, Delt@ sistemaren bidez jakinarazi behar da, www.delta.mtin.es webgunearen bidez.
  • Jakinarazpen hau egitetik salbuetsita daude in itinire izandako istripuak (lanera joatean edo lanetik bueltan izandakoak).

ERRESONANTZIA MAGNETIKOA (EM)

Zergatik eskatu didate proba hau?

Erresonantzia magnetikoa irudi bidezko teknika bat da, eta, giza gorputzaren kalitate handiko irudiak eskaintzen dituenez, lagungarria da patologia askoren diagnostikoa egiteko. Zure medikuak zalantza diagnostiko batzuk argitu nahi ditu edo zure sintomen zergatiaren ideia zehatzagoa izan nahi du.

Nola sortzen dira EMko irudiak?

Erresonantzia magnetikoak bi energia-iturri erabiltzen ditu: magnetismoa (ekipoa iman handi bat da) eta irrati-maiztasuna (irrati-uhinak). Ez du erradiazio ionizatzailea (X izpiak) erabiltzen.

Segurua al da erresonantzia magnetikoa?

Teknika segurua da; erabiltzaileentzako ondorio kaltegarririk ez da ezagutzen, 30 urte baino gehiagoz erabili den arren. Baina balizko arriskuak ditu EMren gelan gailu metalikoak edo elektronikoak sartzen badira. Hori dela eta, EMren gelako sarbidea kontrolatuta egoten da, eta EM seguru egiterik baduten jakiteko galdetegia bete dutenak baino ezin dira sartu.

Nola jakin dezaket erresonantzia magnetikoa arriskurik gabe egin dezakedala?

Irudi bidezko diagnostiko-zerbitzuko langileak (teknikariak eta erradiodiagnostikoko sendagile espezialistak) gaituta daude proba arriskurik gabe egin daitekeen ala ez baloratzeko. Inplantatutako gailuari buruzko informazioa eska dezakete (marka, modeloa) inoiz, segurtasuna egiaztatu ahal izateko. Garrantzitsua da ahal den informazio guztia ematea. Inplante metaliko batzuk seguruagoak dira EMrako, baina irudian artefaktu bat sortzen dutenez, irudien interpretazioa ezin izaten da egin.

Prestakuntza bereziren bat egin behar dut erresonantzia bat egiteko?

Ez da inolako prestakuntza berezirik egin behar proba hau egiteko.

Zenbat denbora irauten du?

Oro har, erresonantzia magnetikoak 20 eta 30 minutu artean irauten du, aztertu behar den eremu bakoitzeko. Eremu bat baino gehiago aztertu behar badizkizute (adibidez, bizkarrezurra eta sorbalda), proba luzatu egiten da.

Zergatik erabiltzen da batzuetan kontrastea? Zer arrisku ditu?

Batzuetan, komenigarria izaten da zain barneko kontrastea jartzea; zuri hala egin behar izanez gero, informatuko zaitugu. Kontrasteak informazio gehiago eman dezake zenbait kasutan, eta irudien interpretazioan egon daitezkeen zalantzak argitzeko lagungarria izan daiteke. Erresonantzian erabiltzen diren kontrasteek segurtasun altuko profila dute: erreakzioak ezohikoak dira, eta, gertatuz gero, oso arinak izaten dira (adibidez, botalarria).

Zergatik biluztu behar naiz eta bata bat jantzi behar dut erresonantzia magnetikoa egiteko?

Proba egiteko bata eta emango zaizkizun oinetako babesak jantzi behar dituzu. Higieneagatik egiten da, baina baita objektu metalikorik ez daramazula ziurtatzeko ere. Objektu metaliko guztiak kendu beharko dituzu: bitxiak, piercingak, erlojua, betaurrekoak, ortodontziak, urkilak, audifonoak, etab. Aldatzen zaren kabinan utz ditzakezu objektu horiek.

Erresonantzia magnetiko irekia da?

Erresonantzia egiteko ekipoa tutu bat da, bi aldeetatik irekita dago, eta pertsonarik gehienak itolarririk gabe hartzeko adinako diametroa du. Ekipoa aireztatuta dago, eta barneko tenperatura erregulatu dezakegu. Zerbitzuko langileekin harremanetan jar zaitezke une oro.

Klaustrofobia dut, egin dezaket erresonantzia bat?

Gehienetan ez da egiazko klaustrofobia izaten; aitzitik, probagatik larri eta kezkatuta egoten gara. Erresonantziako ekipo modernoak zabalak dira, eta pazienterik gehienek arazorik gabe egin dezakete proba. Dena dela, toki itxietan larritasuna senti dezakezulako kezkatuta bazaude, esan zure sendagileari EM eskatzen duenean eta guri ere bai, ondorio horiek minimizatzen saia gaitezen.

Batzuetan, burua aurrera duzula sartu behar izaten da ekipoan, eta beste batzuetan, berriz, oinak aurrera dituzula. Zergatik?

Aztertu behar den eremuaren arabera izaten da, eremu hori imanaren erdian geratu behar baita. Orkatila aztertu behar badugu, burua ekipotik kanpo geratuko da. Zerbikalak aztertu behar baditugu, pazientearen burua sartuko da lehenengo.

Zer antzemango dut proban zehar?

Probak irauten duen bitartean ekipoaren ohatilan etzanda egongo zara eta intentsitate zenbaitetako zaratak entzungo dituzu. Ez duzu sentsazio arrarorik sentitu behar; oztopo bakarra zarataren ondoriozkoa izan behar da, edo irudiak mugitu gabe irten daitezen ohatilan geldirik egotearen ondoriozkoa. Beraz, garrantzitsua da erlaxatzea eta lasai egotea. Gehienetan, kasko batzuk jartzen dizkizute, erresonantziaren zarata gutxiago entzuteko. Kasko horietatik musika entzun daiteke, eta teknikariarekin komunikatzeko ere balio dute.

Proban zehar komunikatu naiteke teknikariarekin?

Teknikariak bere postutik programatuko du azterlana, erresonantziako gelaren kanpotik, eta zu leiho batetik ikusiko zaitu, bai eta ekipoaren atzeko aldean dagoen telebista-kamerak bidaltzen dizkion irudien bidez ere. Txirrin bat emango dizu, eta teknikariaren postuan entzungo da jotzen baduzu; txirrin hori gaizki bazaude edo sentsazio arraroren bat sentitzen baduzu baino ez duzu erabili behar. Txirrina jo duzulako azterketa eteten bada, sekuentzia batzuk errepikatu beharra izango dugu.

Piercing bat dut. Proba egin dezaket?

Piercingak kendu egin behar dira EM egiterako, berotu egin baitaitezke eta erredurak sortu. Piercingetik imanaren erdira dagoen distantziaren araberakoa izango da. Esate baterako, aurpegian baduzu piercinga eta belauneko EM egin behar badizugu, ezohikoa litzateke arazoak izatea.

Tatuaje bat dut. Proba egin dezaket?

Batzuetan, tatuajea egiteko erabilitako pigmentuek elementu metalikoak izaten dituzte; horiek berotu egin daitezke, eta azaleko erredurak eragin. Ezohikoa da, baina arrisku horren berri emango dizugu. Proban zehar tatuajean ezohiko sentsazioren bat sentituz gero, guri jakinarazi behar diguzu, proba eteteko. Makillaje iraunkorrarekin ere gauza bera gertatzen da.

Ebakuntza batean gailu metaliko bat jarri zidaten aspalditxo, baina ez naiz gogoratzen zer zen. Proba egin dezaket?

Gure Zerbitzuko langileek galderak egingo dizkizute ahalik eta informaziorik gehien lortzeko, eta erabakiko da proba segurtasun osoz egin daitekeen ala atzeratu eta informazio gehiago biltzea komeni den.

Haurdun nago edo egon naitekeela uste dut. Proba egin dezaket?

Erresonantzia magnetikoak oro har ez du arriskurik umekiarentzat eta haurdunaldiarentzat. Baina ahalik eta zuhurrenak izaten saiatzen gara, beraz, haurdun bazaude edo egon zaitezkeela uste baduzu, proba orain egitea edo haurdunaldia amaitu arte (edo haurdun zaudela seguru jakin arte) zain egotea komeni den baloratuko dugu.

Noiz emango dizkidate emaitzak?

Lortutako irudiak erradiodiagnostikoan espezialista den sendagile batek aztertuko ditu, eta zure medikuarentzako txosten bat egingo du. Zu bidali zaituen medikua Mutualiakoa bada, irudiak eta txostenak zure historia kliniko elektronikoan ikusi ahal izango dituzu zuzenean. Zure medikua Mutualiakoa ez bada, esteka bat emango dizugu sartzeko kode batekin, zure irudiak eta txostenak hodeiko plataforma batean eskuratu ahal izateko. Gehienetan, txostenak prest izaten dira 48 ordura.

ERRADIOGRAFIAK (X IZPIAK)

Zergatik eskatu didate erradiografia bat?

Zure medikuak zure gorputzeko atal baten erradiografia bat eskatu du, zure patologiaren berri hobeto izateko eta diagnostiko bat egin ahal izateko edo zure patologiaren eboluzioa baloratzeko.

Nola egiten da erradiografia bat?

Erradiografia gorputzaren irudi bat izaten da, eta X izpien bidez sortzen da irudi hori. Bertan hezur-egitura (hezurrak eta artikulazioak) ikusten da, batez ere, eta zati bigunak ere bai, hein batean. Patologia traumatologikoaren diagnostikoan oinarrizko irudi-teknika da.

Zer arrisku ditu erradiografia egiteak?

X izpiek erradiazio ionizatzailea erabiltzen dute irudia sortzeko eta gizakietan ondorio biologiko kaltegarriak izan ditzakete. Ondorio horiek duela mende bat baino gehiagotik ezagutzen dira, eta gaur egun erabat ezohikoa da xede medikoen ondoriozko esposizioak ondorioak izatea, X izpien makinei kontrol zorrotzak egiten baitzaizkie ongi funtzionatzen dutela egiaztatzeko. Gainera, makina horiekin ibiltzen diren langileak kualifikatuta daude.

Prestakuntza bereziren bat egin behar dut erradiografia bat egiteko?

Ez da inolako prestakuntza berezirik egin behar proba hau egiteko.

Erradiografia asko egin dut dagoeneko; zenbat egin ditzake pertsona bakoitzak gehienez? Bada mugarik?

Xede medikoekin egiten den azterketa erradiologikoagatik paziente batek jaso dezakeen dosi mugarik ez dago. Garrantzitsua da gogoan izatea azterketa erradiologikoaren onurak (zure patologiaren diagnostikorako informazioa) askoz handiagoak direla erradiazio ionizatzailearen ondoriozko arrisku teknikoak baino.

X izpiak zergatik izan daitezke kaltegarriak?

X izpiak erradiazio ionizatzaile mota ba da: energia altuko uhinak dira, eta atomoetako edo molekuletako elektroiak askatu ditzakete (ionizatu egiten dituzte) gure gorputzeko ehunak zeharkatzean. Hori dela eta, ondorio kaltegarrik izan ditzakete gure zelulen ehunetan eta DNAn.

Zer ondorio kaltegarri dituzte X izpiek?

Erradiazio ionizatzailearen ondorio biologikoak bi motatakoak dira. Batzuetan (minbizi erradioinduzitua), ausazko ondorioa izaten da, hau da, ez du zerikusirik izaten jasotako dosiarekin. Minbizia izateko aukera (xede medikoekin egindako azterketa erradiologiko mota guztiak oro har hartuta) oso txikia da gure gizartean minbiziak duen intzidentziarekin alderatuz gero, gehienetan eragile kantzerigenoen ondoriozkoa izaten baita (tabakoa, alkohola, dieta, genetika, etab.). Beste batzuetan, jasotako dosiarekin lotuta dago ondorioa (azaleko lesioak, alopezia, kataratak, etab.). Gorputzeko edozein atalen erradiografia egitean jasoko den dosia ondorio horiek izateko atalasearen oso azpitik egoten da; beraz, ia ezinezkoa da ondorio horiek izatea. Adibidez, artikulazio baten erradiografia egiteko (belaunarena, esaterako), egunean zehar modu naturalean jasotzen dugun erradiazioaren pareko dosia behar da, hau da, osasunarentzat ia ez du inolako arriskurik.

Nola jakin dezaket X izpien ekipo honen arriskua kontrolatuta dagoela?

Gaur egun, irudi bidezko diagnostiko-zerbitzu oro legedi zorrotzaren mende dago, eta erradiografiak pertsonentzako (pazienteak eta langileak) inolako arriskurik gabe egiteko baldintzak ezartzen ditu.

Kalitatea bermatzeko eta babesteko programa bat dugu erradiologian, eta hor zehazten da legedi hori nola betetzen dugun.

Urtero egiten du X izpien ekipoen eta instalazio erradiologiko honen kalitate-kontrola baimendutako enpresa batek, eta Segurtasun Nuklearraren Kontseilura bidaltzen da txostena.

Aldiro izaten ditugu Eusko Jaurlaritzaren ikuskapenak, legediak esandakoa betetzen dela egiaztatzeko.

Barne-auditoretzak ere egiten ditugu, eskatutako neurri guztiak behar bezala ezarrita daudela ziurtatzeko.

Haurdun nago edo egon naitekeela uste dut. Erradiografia bat egin dezaket?

Baloratu egingo ditugu probaren arriskua eta erradiografiak emandako informazioaren onura, eta gero erabakiko dugu egin ala ez. Oro har, erradiografia baten erradiazio-dosiak ez du arrisku esanguratsurik umekiarentzat edo haurdunaldiarentzat. Dena dela, erradiografia pelbisaren eremuan egin behar bada, emandako dosiaren estimazioa egin behar da.

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK