Erresonantzia magnetikoa irudi-teknika bat da, giza gorputzaren irudiak kalitate handiz ematen dituena; lagungarria da patologia askoren diagnostikoan. Zure medikuak erresonantzia magnetiko bidezko azterketa bat egiteko agindu badizu, zure patologia hobeto ezagutu nahi duelako da, sintomak azalduko dituen diagnostiko zehatzagoa lortu ahal izateko.
EMak bi energia-iturri erabiltzen ditu irudiak lortzeko:
Beste teknika batzuen aldean duen abantaila nagusia da ez duela erabiltzen erradiazio ionizatzailerik (X izpiak).
Eremu handiko EMko ekipoa dugu, punta-puntako teknologiakoa.
Medikuntzan 30 urtez erabili ondoren, ez da ikusi hura erabiltzeak efektu kaltegarririk sortzen duenik . Hala ere, ez da gomendatzen haurdun dauden pazienteei EMrik egitea, medikuek aurkakoa erabakitzen dutenean izan ezik.
Arrisku potentzialak daude gailu metaliko edo elektronikoak sartzen badira EMko aretoan. Horregatik, aretoak sarbide kontrolatua du, eta galdetegia bete duten pertsonak baino ezin dira sartu.
Elementu metalikoen arriskuak
Gailu metalikoek bi motatako arazoak eragin ditzakete: desplazamenduari dagozkionak, imanak erakartzen baititu; eta berotzea, irrati-maiztasuneko uhinen ondorioz.
Piercingak kendu egin behar dira, berotu egin baitaitezke, eta erredurak eragin. Piercingetik imanaren erdigunera dagoen distantziak ere zerikusia du.
Tatuaje batzuek (baita makillaje iraunkor jakin batzuek ere) pigmentu metalikoak dituzte, zeinak berotu egin baitaitezke, eta gainazaleko erredurak eragin.
Gorputzean ezarritako gailu elektronikoen (taupada-markagailuak, infusio-ponpak, neuroestimulagailuak, etab.) funtzionamendua aldatzea eragin dezake EMko ekipoak. Beraz, oro har, kontraindikaziotzat hartzen dira.
Irudi bidezko Diagnostikoko Zerbitzuko langileek (erradiodiagnostikoko teknikari eta mediku espezialistek) baino ezin dute baloratu proba modu seguruan egin daitekeen. Kasu batzuetan, ezarritako gailuari buruzko informazio gehiago eskatu ahal izango da (marka, modeloa), segurua den egiaztatzeko.