Jarduera uztea
Langile autonomoentzako jarduera uzteagatiko babesa araututa dago Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren V. tituluan (327. artikulutik 350. artikulura) (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bategina, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua), eta haren helburua da Gizarte Segurantzan alta ematea eragin zuen jarduera erabat uzterako ezarritako prestazioak eta neurriak ematea.
Jarduera uzteagatik kotizatu izanak ez du ematen jarduera-uzteagatiko prestaziorako eskubiderik. Prestazio horiek jaso ahal izateko, beharrezkoa da langile autonomoak jarduera uzteagatiko estaldura izatea eta baldintza jakin batzuk betetzen dituela egiaztatzea.
Jarduera uzteak EZ-BORONDATEZKOA izan behar du, hau da, jarraitzeko nahia eta gaitasuna egonda ere jarraitu ezina gertatzen denekoa. Era berean, jarduera ERABAT utzi behar da, eta araubide berezian alta emateko arrazoi izan ziren jarduera guztiak eten behar dira, kontrakoa adierazten den kasuetan izan ezik, zeinetan jarduera partzialki uzten baita.
Hauek dira onuradun izan daitezkeen langile autonomoen kolektiboak:
- Langile Autonomoen Araubide Berezia (LAAB), Nekazaritzako Langile Autonomoen Sistema Bereziak (LASB) barne. Hauek ere sartzen dira:
- Lan elkartuko kooperatibetako bazkideak.
- Jarduera profesionala elkarrekin gauzatzen duten langile autonomoak.
- Itsasoko Araubide Bereziko norberaren konturakoak (IAB).
- Langile Autonomo Mendekoak (LAEM).
Zer hartzen du barnean jarduera uzteagatiko babesak?
- Jarduera-uzteagatiko prestazioan sartzen dira:
- Prestazio ekonomiko bat ordaintzea
- Kotizazioa ordaintzea dagokion autonomoen araubidean.
Jarduera uztearen lege-egoera
Prestazioa jasotzeko aukera ematen duten jarduera-uzteak desberdinak dira autonomo-motaren arabera:
A) Kolektibo guztiei aplikatzeko baldintza orokorrak:
- Ekonomia-, teknika-, ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiak, jarduera ekonomiko edo profesionalarekin jarraitzeko ezintasuna eragiten dutenak, honako egoera hauetakoren bat gertatzen denean:
- A1) Urte oso batean jarduera garatzearen ondoriozko galerak, diru-sarreren %10etik gorakoak, jardueraren lehen urtea alde batera utzita.
- A2) Betearazpen judizialak edo administratiboak, diru-sarreren %30eko zorrak kobratzeko.
- A3) Jarduerarekin jarraitzea eragozten duen konkurtso-deklarazio judiziala.
- A4) Enpresan alta emanda dauden langile guztien lanaldia %60 murriztea edo enpresan alta emanda dauden langileen gutxienez %60ren lan-kontratuak aldi baterako etetea, betiere baldintza hauek betetzen badira:
- Eskaera egin aurreko bi hiruhileko fiskaletan sarrera arrunten edo salmenten maila gutxienez %75 murriztu bada aurreko ekitaldiko/ekitaldietako hiruhileko berekiko.
- Hiruhileko horietan hileko etekin garbiak ez badira iristen lanbide arteko gutxieneko soldatara edo kotizazio-oinarrira (oinarri hori txikiagoa bada).
- Ez badu egin beste jarduerarik bere kontura.
- A5) Eskaera egin aurreko bi hiruhileko fiskaletan diru-sarrera arrunten edo salmenten %150 gainditzen duten zor galdagarriak izatea hartzekodunekin. Beren kargu langilerik ez duten autonomoentzat bakarrik, baldin eta:
- Diru-sarrerak/salmentak %75 murriztu badira, gutxienez, aurreko ekitaldiko/ekitaldietako hiruhileko beretan erregistratutakoen aldean, eta hori kontuan hartu gabe Gizarte Segurantzarekin eta Zerga Administrazioarekin dituen betebeharrak ez betetzeagatiko zorrak.
- Hiruhileko horietan hileko etekin garbiak ez badira iristen lanbide arteko gutxieneko soldatara edo kotizazio-oinarrira, oinarri hori txikiagoa bada, Gizarte Segurantzarekiko eta Zerga Administrazioarekiko zorrak kontuan hartu gabe.
- Ez badu egin beste jarduerarik bere kontura.
- Negozioaren titularraren heriotza, erretiroa edo ezintasuna, titularraren senitartekoentzat, familia-laguntzako eginkizunak betetzen ari badira.
- Ezinbesteko kasua, jarduera aldi baterako edo behin betiko erabat edo partzialki uztea eragiten duena. Aldi baterako uzte partzialaren kasuan:
- Jarduneko sektore edo lantoki bati eragiten badio.
- Agintari eskudunak larrialdi-adierazpena egin badu.
- Diru-sarrerak %75 jaitsi badira aurreko urteko aldi berarekiko.
- Hileko diru-sarrerak ez badira iristen lanbide arteko gutxieneko soldatara edo kotizazio-oinarrira.
- Administrazio-lizentzia galtzea, baldin eta jarduera gauzatzeko baldintza bada eta ez bada arau-hauste penalengatik.
- Genero-indarkeria edo sexu-indarkeria, jarduera uztea eragiten duena (aldi baterako edo behin betiko).
- Dibortzioa edo ezkontza-banantzea, negozioan lankidetza etetea eragiten duena, baldin eta eskatzaileak familia-laguntzako eginkizunak betetzen baditu.
B) Kapital-sozietateetako bazkide diren langile autonomoentzako arrazoi gehigarriak:
- Sozietatearen kontseilari edo administratzaile izateari edo zerbitzuak emateari nahi gabe uzten diotenean, eta sozietateak urte oso batean %10etik gorako galerak izan dituenean (jardueraren lehen urtea alde batera utzita), edo ondare garbia kapital sozialaren 2/3 baino gutxiago murriztu denean.
C) Langile autonomo ekonomikoki mendekoentzako (LAEM) arrazoi gehigarriak:
- Kontratuaren iraupena amaitzea edo bezeroari emandako obra edo zerbitzua amaitzea.
- Kontratuaren ez-betetze larria, bezeroaren aldetik.
- Bezeroak justifikatutako kontratu-hutsaltzea.
- Bezeroak justifikatu gabeko kontratu-hutsaltzea.
- Bezeroaren heriotza, ezintasuna edo erretiroa.
Erregistratutako LAEMez gain, prestazioa aitortzeko orduan, halakotzat hartuko dira gutxienez diru-sarreren %75 bezero edo enpresa bakar batengandik jasotzen duten autonomoak ere, baldin eta 20/2007 Legearen 11. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
D) Lan elkartuko kooperatibetako bazkideentzako arrazoi gehigarriak:
- Kooperatibatik bidegabeki kanporatzea.
- Sozietate-loturaren aldia amaitzea.
- Probaldian lana uztea, zuzendaritza-organoek hala erabakita.
E) Nekazaritzako norberaren konturako langileentzako arrazoi gehigarriak:
- Aldi baterako uztea, ezinbesteko arrazoiengatik laborea edo abeltzaintza-jarduera aldatzen denean.
- Aldi baterako uztea, ezinbesteko arrazoiengatik ustiategietan kalteak gertatzen direnean.
- Aldi baterako uztea, abeltzaintza-ustiategietan eritasunak erauzteko.
GARRANTZITSUA: LAEM, kooperatibistek eta jarduera beste batzuekin batera egiten duten autonomoek, prestazioa amaitu eta urtebeteko epean jarduera berriz hasten badute bezero, kooperatiba edo profesional berdinekin, jasotako prestazioa itzuli beharko dute.
Jarduera uzteagatiko prestazioa jasotzeko eskubidea izateko betekizunak
Hauek dira jarduera uzteagatiko prestazioa jasotzeko eskubidea izateko betekizunak:
- Jarduera uzten den egunean afiliatuta eta alta-egoeran egotea.
- Dagokion autonomoen araubidean baja ematea, 3. ataleko A4) eta A5) ataletan ezarritako jarduera uzteko legezko egoeretan izan ezik, eta aldi baterako ezinbesteko kasuetan izan ezik, horiek bateragarriak baitira jarduera uztea eragiten duen jarduerarekin.
- Gabealdia betea izatea, hau da, dagokion araubidean altan egon izana jarduera utzi aurreko 24 hilabeteetan.
- Jarduera uztearen legezko egoeran egotea, hau da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginean aurreikusitako arrazoietako batengatik utzi izana.
- Enplegu Zerbitzu Publikoarekin jarduteko konpromisoa sinatzea eta atxikitzea (GSLOTBren 300. art.), 3. ataleko A4) eta A5) ataletan ezarritako jarduera uzteko legezko egoeretan izan ezik, eta aldi baterako ezinbesteko kasuetan izan ezik.
- Behin betiko uzteen kasuan, erretiro-adin arrunta ez izatea (salbu eta gutxieneko kotizazio galdagarria egiaztatu ez bada).
- Autonomoak jarduera utzi aurretik bere kargura langileak bazituen, lan-legerian araututako bermeak, betebeharrak eta prozedurak bete beharko ditu.
- Autonomoak jendearentzat irekita dagoen lokal batean lan egiten badu, gutxienez bi agiri aurkeztu beharko ditu hura itxi izana egiaztatzeko, salbu eta 3. ataleko A4) eta A5) ataletan ezarritako jarduera uzteko legezko egoeretan.
- Jarduera profesionala bada, dagokion profesionalen elkargoko baja.
- Administrazio-baimena behar duen jarduera bat bada, haren baja-ebazpena.
- Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketak egunean izatea. Hala ez bada, eta gainerako baldintzak betetzen baditu, zor dituen kuotak ordaintzeko gonbita egingo zaio, luzatu ezineko 30 eguneko epean.
Jarduera uzteagatiko babesaren iraupena
Prestazioaren iraupena desberdina da jarduera utzi aurreko 48 hilabeteetan kotizatutako hilabete-kopuruaren arabera:
Autonomo-jarduera uzteagatiko prestazioaren zenbatekoa
Prestazioaren oinarri arautzailea kotizazio-oinarriaren azken 12 hilabeteetako batezbestekoa da, jarduera uzten den hilabetea barne.
Prestazioaren hileko zenbatekoa oinarri arautzailearen % 70 izango da, muga hauekin:
-
- Gehieneko zenbatekoa:
- 1.225,00 € , seme-alabarik gabe.
- 1.400,00 €, seme-alaba baten ardurarekin.
- 1.575,00 €, bi seme-alabaren edo gehiagoren ardurarekin.
-
- Gutxieneko zenbatekoa:
- 749,00 €, seme-alaben ardurarekin.
- 560,00 €, seme-alabarik gabe.
- ataleko A4) eta A5) kasuetan eta aldi baterako jarduera-uzte partzialeko ezinbesteko kasuetan, oinarri arautzailearen % 50 aplikatuko da, % 70 aplikatu beharrean, eta ez dira aplikatuko aurreko gutxieneko eta gehieneko mugak.
- ataleko A4) eta A5) jarduera-uzte kasuetan, mutualitateak, jarduera uzteagatiko prestazioarekin batera, langile autonomoak ordaintzen duen Gizarte Segurantzako kuotaren % 50 ordainduko du, eta beste % 50a langilearen kontura izango da. Nolanahi ere, langile autonomoak ordaindu beharko ditu Gizarte Segurantzako kotizazio guztiak.
Prestazioaren hasiera-data
Noiz hasiko den prestaziorako eskubidea, aitortzen den jarduera-uztearen legezko egoeraren arabera:
- Araubideko bajaren ondorioetarako dataren biharamunean, diru-sarreren % 10etik gorako galeren ondoriozko jarduera-uzteetan, konkurtso-deklarazioetan, exekuzio judizial eta administratiboetan eta LAEMen kasuan.
- Bajaren ondorioetarako dataren hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunean, behin betiko ezinbesteko kausaren ondoriozko jarduera-uzteetan, lizentzia galtzen denean, genero- edo sexu-indarkeria kasuetan eta dibortzio eta banantzeetan.
- Jarduera-uztearen legezko egoeraren egunean, aldi baterako ezinbesteko kausaren ondoriozko jarduera-uzteetan.
- Laneko agintaritzari jakinarazi eta hurrengo hileko lehen egunean, jarduera-uztearen A4 legezko egoeran.
- Eskaera egin eta hurrengo hileko lehen egunean, jarduera-uztearen A5 legezko egoeran.
Jarduera uzteko epeak eta tramitazioa
Mutuari eskaera aurkezteko epea amaitzen da benetako jarduera-uztearen hurrengo hileko azken egunean, salbu eta jarduera-uztearen legezko egoera ziurtatzen den dataren aurretik aldi baterako ezintasun-egoeran edo amatasun- edo aitatasun-egoeran badago interesduna; kasu horretan, epea amaituko da aldi baterako ezintasun-egoera, amatasun-egoera edo aitatasun-egoera amaitu eta 15 egun baliodunera.
Dagokion epea amaitutakoan aurkezten bada eskaera, eskaera aurkezten den egunean hasiko da prestazioaren ordainketa, eta prestazioaren iraunalditik kenduko dira eskaera egiteko muga-egunaren eta hura aurkezten den egunaren arteko egunak.
Jarduera utzi eta gerora aldi baterako ezintasun-egoeran edo amatasun- edo aitatasun-egoeran badago interesduna, eskaera egiteko epea jarduera-uztearen hurrengo hileko azken egunean amaitzen da.
Eskabide-eredua eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazioa webgune honetako formularioak eta inprimakiak atalean deskargatu daitezke.
Eskaera eta gainerako agiriak Mutualiaren edozein zentrotan aurkeztu daitezke aurrez aurre, edo, bide telematikotik, CATA@mutualia.es helbide elektronikoan.
Zure prestazioaren izapideei buruzko edozein kontsulta duzula ere, deitu 944252500 telefono-zenbakira , edo idatzi aurreko helbide elektronikora
Espedientea ebazteko legezko epea 30 egunekoa da, dokumentazio osoa eskura dagoenetik zenbatzen hasita.
Jarduera-uzteagatiko prestazioa eteteko kausak
Jarduera-uzteagatiko prestazioaren ordainketa eten egingo da egoera hauetan:
- Besteren konturako edo norbere konturako lan batean hastea.
- Zehapenak jartzea; adibidez, enplegu-eskariaren altari eta berritzeari buruzko dokumentua (DARDE) epearen barruan ez aurkezteagatik.
- Atzerrira joatea aldian behin, 30 egun natural edo gutxiago.
- Atzerrira lekualdatzea 12 hilabete baino denbora gutxiago lana bilatzeko edo lan egiteko, lanerako prestakuntza hobetzeko edo nazioarteko lankidetzan aritzeko.
- Askatasuna kentzen duen kondena bat betetzea.
Prestazioa eteteko kausa horien berri emateko betebeharra du langileak. Prestazioaren ordainketarekin berriz hasteko, ordainketarekin berriz hasteko eskatu beharko dio Mutualiari prestazio-etena amaitu eta hurrengo 15 egun baliodunetan; hurrengo egunean hasiko da berriz ordainketa. Epez kanpo aurkezten bada ordainketa berriz hasteko eskaera, eskaera aurkezten den egunean hasiko da prestazioaren ordainketa, eta prestazioaren iraunalditik kenduko dira ordainketa berriz hasteko eskaera egiteko muga-egunaren eta hura aurkezten den egunaren arteko egunak.
Norbere konturako lan bat hasteagatik eten bada ordainketa eta prestazioaren ordainketa hasi nahi bada berriz, beharrezkoa da jarduera-uzteagatiko beste prestazio bat eskatzea eta egindako azken jardueraren jarduera-uztearen legezko egoera berriz ziurtatzea.
Jarduera-uzteagatiko prestazioa azkentzeko kausak
- Prestazioaren iraupen-epea agortzea.
- Gizarte-ordenako arau-hauste eta zehapenei buruzko Legean jasotako zehapen oso larri bat ezartzea.
- Besteren kontura edo norberaren kontura lan egitea 12 hilabete baino gehiagoan.
- Erretiro-adin arrunta edo teorikoa betetzea Itsasoko Araubide Berezian, erretiro-prestazioa jasotzeko baldintzak betetzen ez badituzte izan ezik.
- Erretiro-pentsioa edo ezintasun iraunkorra aitortzea.
- Bizilekua atzerrira aldatzea.
- Borondatez uko egitea.
Gizarte segurantzako kotizazioa
Oro har, Mutualiak bere gain hartuko ditu jarduera-uzteagatiko prestazioa jasotzen den aldiari dagozkion araubideko kuotak, egoera hauek salbuesten direla:
- Prestazioa jasotzeko hasierako eskaera epez kanpo aurkeztuz gero, eskaera egin eta hurrengo hileko lehen egunean hasiko da kotizazioa.
- Prestazioaren ordainketa eteten bada besteren konturako edo norbere konturako lan bat egiteagatik, DARDEa epearen barruan ez berritzeagatik zehatzen bada edo atzerrira joaten delako, kotizazioa hasiko da ordainketa berriz hasteko eskaeraren dataren hurrengo hileko lehen egunean.
- Interesdunak aldi baterako ezintasun-egoeran dagoela uzten badu jarduera, kotizazioa hasiko da aldi baterako ezintasuna amaitu eta hurrengo egunean, hasierako eskaera epearen barruan aurkezten bada. Hortaz, jarduera-uztearen ondoren aldi baterako ezintasun-egoeran dagoen inork ez du kotizatuko aldi hori.
Hasierako eskaera epez kanpo aurkezten bada, a) atalean xedatutakoa aplikatuko da.
- Interesduna jarduera-uzteagatiko prestazioa jasotzen ari dela aldi baterako ezintasun-egoera bat hasten bada, kotizazioa aldi osoan mantenduko da, jarduera-uzteagatiko prestazioa jasotzea dagokion epea amaitu arte.
Prestazioa jasotzen dutenen betebeharrak
Prestazioa aitortzeko, eteteko, azkentzeko edo berriz hasteko behar den dokumentazioa eta informazioa ematea.
- Prestazioa eteteko eskatzea, eskubidea eten edo iraungitzen denean edo prestazioa jasotzeko eskatzen diren baldintzak betetzeari uzten zaionean, egoera horiek gertatzen diren unean.
- Prestazioa jasotzen den bitartean norberaren edo besteren kontura lanik ez egitea.
- Enplegu-eskatzaile gisa izena emanda edukitzea eta DARDEa epearen barruan berritzea. Betebehar hori ez betetzeak zehapenak ekar ditzake (dagokion prestazio-aldia murriztea eragiten dute); ez-betetzea behin eta berriz gertatzen bada, prestazioa iraungitzea ere ekar dezake.
- Bidegabe jasotako prestazioak itzultzea.
- Organo kudeatzaileak eskatuz gero agertzea eta Enplegu Zerbitzu Publikoaren esanetara egotea, proposatzen diren prestakuntza-jarduerak, lanbide-orientazioko jarduerak eta ekintzailetza-jarduera sustatzeko jarduerak egiteko.
Bateraezintasunak
Jarduera-uzteagatiko prestazioa eta norbere konturako lana eta besteren konturako lana ez dira bateragarriak, salbu eta langile autonomoak besteren kontura lan egiten badu jarduera-uztearen legezko egoeraren datan eta jarduera-uzteagatiko prestazioaren eta jarduera-uztearen legezko egoeraren aurreko azken lau hilabeteetako besteren konturako batez besteko ordainsariaren batura indarreko LGSa baino txikiagoa bada.
Ez da bateragarria, halaber, Gizarte Segurantzaren beste prestazio batzuekin ere, salbu eta jarduera-uztearen legezko egoeraren aurretik aitortu badira eta egiten den jarduerarekin bateragarriak badira.
Langile autonomo mendekoek (LAEM), bazkide kooperatibistek eta jarduera profesionala beste batzuekin batera egiten duten langile autonomoek, jarduera uzteagatiko prestazioa amaitu eta urtebeteko epean berriro ekiten badiote jarduerari bezero, kooperatiba edo profesional berdinekin, jasotako prestazioa itzuli beharko dute.
Aldi baterako ezintasunarekiko eta jaiotzarekiko eta adin txikiko bat zaintzearekiko bateragarritasuna
Jarduera-uzteagatiko prestazioa eta aldi baterako ezintasunagatiko, jaiotzagatiko eta adin txikiko bat zaintzeagatiko prestazioa aldi berean jasotzen badira, kontuan hartu behar dira alderdi hauek:
Aldi baterako ezintasun-egoeran dagoen eta jarduera uzten duen langile autonomoa: Aldi baterako ezintasun-egoeran jarraituko du eta aldi baterako ezintasuna kobratuko du jarduera-uzteagatiko prestazioaren zenbatekoan, jarduera-uztearen dataren hurrengo egunetik aldi baterako ezintasuna amaitu arte. Dagokion jarduera-uzteagatiko prestazioaren aldia kontsumituko du aldi horrek.
Jarduera-uzteagatiko prestazioa jasotzen ari den eta aldi baterako ezintasunagatiko baja hartzen duen langile autonomoa: Jarduera-uzteagatiko prestazioa ordaintzeari utziko zaio eta aldi baterako ezintasuna kobratuko du jarduera-uzteagatiko prestazioaren zenbatekoan; dagokion jarduera-uzteagatiko prestazioaren aldia kontsumituko du aldi horrek.
Dagokion jarduera-uzteagatiko prestazioaren aldi osoa kontsumitu ondoren aldi baterako ezintasun-egoeran jarraitzen badu, aldi baterako ezintasuna kobratuko du jarduera-uzteagatiko prestazioaren zenbatekoan, baldin eta aldi baterako ezintasuna aurreko prozesu baten berrerortzeak eragin badu. Ez bada aurreko prozesu baten berrerortzea, Ondorio Askotariko Errenta Adierazle Publikoaren % 80ri dagokion aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa jasoko du.
Jaiotza-egoeran eta adin txikiko bat zaintzeko egoeran dagoen eta jarduera uzten duen langile autonomoa: Osorik kobratuko du jaiotzagatiko eta adin txikiko bat zaintzeagatiko prestazioa. Amaitzen denean, jarduera-uzteagatiko prestazioa eskatu beharko du, hurrengo 15 egun baliodunetan.
Jarduera-uzteagatiko prestazioaren iraupena ez da aldatzen jaiotzagatiko eta adin txikiko bat zaintzeagatiko prestazioa jasotzeagatik.
Jarduera-uzteagatiko prestazioa jasotzen ari den eta jaiotzagatiko eta adin txikiko bat zaintzeagatiko prestazioa prestazioa egokitzen zaion langile autonomoa: Jarduera-uzteagatiko prestazioa etengo da eta jaiotzagatiko eta adin txikiko bat zaintzeagatiko prestazioa jasotzera igaroko da. Prestazio hori amaitzean, jarduera-uzteagatiko prestazioa hasiko da berriz ofizioz.
Jarduera-uzteagatiko prestazioaren iraupena ez da aldatzen jaiotzagatiko eta adin txikiko bat zaintzeagatiko prestazioa jasotzeagatik.
Langile autonomoen jarduera uzteagatiko prestazioaren ordainketa bakarra
Jarduera uzteagatiko prestazioa eskatu eta onarpena jaso ondoren lan-kooperatiba edo lan-sozietate bateko langile autonomo edo bazkide gisa lan-jardueraren bat egingo duten langile autonomoek prestazioaren ordainketa bakarra eskatu ahal izango dute, nahiz ordainketa bakar gisa, prestazioaren zenbatekoaren egungo balioaren arabera, nahiz Gizarte Segurantzako kotizazio-kuoten hileko dirulaguntzaren modalitatean, nahiz bietan.
Eskakizunak:
- Jarduera uzteagatiko prestazioa jasotzeko eskubidearen titular izatea.
- Gutxienez sei hilabeteko epealdiari dagokion zenbatekoa jasotzeke izatea.
- Lan-kooperatiba bateko edo lan-sozietate bateko langile autonomo gisa edo bazkide langile gisa jarduera profesional bat egingo duela ziurtatzea, haren kontrola izango badu, betiere.
- Jardueraren bideragarritasuna ziurtatzea memoria baten eta azterketa baten bidez.
- Ordainketa bakarraren eskaera aurkeztea, kooperatiba edo lan-sozietatea eratu edo han lanean hasi aurretik, edo langile autonomo gisa lanean hasi aurretik.
Ordainketa bakarraren eskabide-eredua webgune honetako Formularioak eta inprimakiak atalean deskargatu daiteke.