Abenduaren 27ko 1060/2022 Errege Dekretuak 625/2014 Errege Dekretua aldatzen du, aldi baterako ezintasunak kudeatzeko izapideak azkartzeko.
ABEaren kudeaketa hiru puntu hauen bidez sinplifikatu da:
1. ABEko agiri medikoak egiten dituen medikuak haien kopia bakarra emango dio langileari, eta, beraz, langileak ez du izango enpresarentzat zen kopia jaso eta aurkeztu beharrik. Une horretatik aurrera, baja-, berrespen- eta alta-agiri medikoei buruzko datuak Enpresen INSS Fitxategietatik (FIE eta FIER) eskuratuko dituzte enpresek. Fitxategi horiek 2019ko abendutik daude martxan.
2. Jakinarazpen guztiak bide telematikotik helaraziko dira.
Osasun-zerbitzu publikoak edo, hala badagokio, mutualitateak edo enpresa laguntzaileak, baja-, berrespen- eta alta-agiri medikoetan dauden datuak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalera bidaliko ditu bide telematikotik, berehala edo, beranduenera, agiria egin eta hurrengo lehen egun baliodunean.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, era berean, osasun-zerbitzu publikoko edo mutualitateko medikuek emandako langileen baja-, berrespen- eta alta-agiriei buruzko identifikazio-datu administratibo hutsak helaraziko dizkie enpresei, erakunde horretan jaso eta hurrengo lehen egun baliodunean, jakinaren gainean egon daitezen, eta, hala badagokio, hurrengo paragrafoan ezarritakoa bete dezaten.
Enpresek Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari helarazi behar dizkiote datua ekonimkoak, Datuak Elektronikoki Igortzeko Sistemaren (RED) bidez, berehala edo gehienez ere hiru egun balioduneko epean, baja medikoaren jakinarazpena jasotzen denetik hasita. Datuok helaraztea ez da nahitaezkoa izango, baldin eta langilea enpresak edo enplegatzaileak RED sisteman sartzeko obligaziorik ez duen kolektibo batekoa bada.
Obligazio hori ez betetzea arau-haustea izan liteke; hain zuzen ere, 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Ordena Sozialeko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren 21.4 artikuluan tipifikatutako arau-hausteetako bate.
3. Errege Dekretu horren bidez, medikuak dagokion mediku-azterketa kasu bakoitzean adierazitakoa baino epe laburragoan finkatzeko aukera sartzen da. Era berean, enpresak administrazioari jakinaraz diezazkioke aldi baterako ezintasun-egoera eta hari dagokion prestazioa kudeatu eta kontrolatzeko behar dituen datu gehigarriak, langileak aldez aurretik agiri medikoa aurkeztu beharrik gabe.
Aldaketa horiek apirilaren 1ean sartuko dira indarrean, martxan dauden eta 365 egunetik gorako iraupenik ez duten prozesuak barne.
