Itzuli

11/2024 Errege Lege Dekretua, abenduaren 23koa, erretiro-pentsioaren eta lanaren bateragarritasuna hobetzekoa

Arau hori 2024ko abenduaren 25ean sartu zen indarrean, baina haren edukia, salbuespen batzuekin, 2025eko apirilaren 1ean sartuko da indarrean. Salbuespen horien artean daude manufaktura-industriako erretiro partzialaren aurreikuspenak.

Aldaketak manufaktura-industriako erretiro partzialen araubide iragankorrean, zeina 2029ko abenduaren 31ra luzatzen baita:

  • Erretiro partzialak irauten duen bitartean, enpresak eta langileak lanaldi osoko erretiro partzialari legokiokeen kotizazio-oinarriaren % 80ri dagokiona kotizatuko dute. Kotizazio hori gradualki aplikatuko da urtetik urtera: 2025. urtean % 40 kotizatuko da, eta 2029an % 80.
  • Aldi berean txanda-kontratua duten erretiro partzialen araudia aplikatzen jarraituko da araua betetzen duten eta 2030eko urtarrilaren 1a baino lehen sortzen diren pentsioei.
  • Langileen % 75ek baino gehiagok kontratu mugagabea izan behar dute.

Erretiro-adin arruntera iritsi gabe txanda-kontratuarekin erretiro partziala hartzen den kasurako aldaketak:

  • Erretiro partziala erretiro-adin arrunta baino bi urte lehenago hartzen denean, lehenengo urtean % 20tik % 33ra bitartean murriztuko da lanaldia. Kasu horietan, bigarren urtetik aurrera, alderdiek lanaldiaren murrizketa aldatu ahal izango dute.
  • Langileak erretiro-adin arruntarekin hartzen duenean erretiro partziala, txanda-kontratu bat egin ahal izango da; haren lanaldia, gutxienez, erretiro partziala hartu duen pertsonak hutsik uzten duena bestekoa izango da, eta denbora mugarik gabea edo iraupen jakin batekoa izan daiteke. Iraupena mugatua bada, aldi bateko kontratu horrek indarrean egon behar du erretiro partzialak irauten duen bitartean, eta, kasu guztietan, bi urtekoa izango da gutxienez. Txanda-kontratua langabezian dagoen edo enpresarekin iraupen mugatuko kontratua duen pertsona batekin egingo da.
  • Txanda-kontratuak mugagabeak eta lanaldi osokoak izango dira, eta erretiro partziala amaitu ondorengo bi urteetan mantendu behar dira, gutxienez. Baldin eta txanda-kontratua erretiro partziala hartzen duen langileak erretiro osoa hartu baino lehen amaitzen bada, enpresaburuak beste kontratu bat egin behar dio baldintza beretan.
  • Lanaren eta pentsioaren bateragarritasun efektiboari esker, lana pilatu ahal izango da (asteko egunetan, hilabeteko asteetan, urteko hilabeteetan edo beste denbora-tarte batzuetan), banaka hitzartutakoaren edo, hala badagokion, negoziazio kolektiboaren arabera, haren adierazpena dena dela, lantokiko hitzarmena barne, eta inongo esparrutan ezin da haren erabilera mugatu edo eragotzi.
  • Adinak kasuan kasuan Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko (GSLO) 205.1.a) artikulua aplikatuta dagokiona baino hiru urte gutxiago izan behar du gehienez, eta, oro har, hogeita hamahiru urteko kotizazio-aldi bat frogatu behar da. Lanaldia % 25etik % 75era bitartean murriztuko da.
  • Halaber, erretiro-adin arrunta baino geroago erretiratzea sustatzeko eta erretiro aktibo deritzona bultzatzeko aldaketak egin dira araudian.
  • Araua indarrean sartu aurretik sinatzen diren txanda-kontratuak sinatzen diren unean indarrean dagoen araudiaren arabera eraenduko dira.

Lotutako berriak