boe 167 2022
Itzuli

15/2022 LEGEA (BOE 2022-07-13), UZTAILAREN 12KOA, INTEGRALA, TRATU-BERDINTASUNERAKO ETA DISKRIMINAZIORIK EZERAKO

Espainiako diskriminazioaren aurkako zuzenbidearen oinarrizko definizioak bilduko dituen gutxieneko esparru arau-emaile komuna bihurtzeko bokazioa du, eta, aldi berean, haren oinarrizko bermeak ere bere barruan hartu nahi ditu. Berariaz diskriminazioaren aurkako zuzenbideko lege bat da, eta gure artean dauden eta etorriko diren diskriminazio kasuetarako estaldura ematera dator.

Bi helburu hauek lortu nahi ditu legeak: a) Edozein diskriminazio-motari aurrea hartzea eta halakoak errotik erauztea; b) Biktimak babestea (prebentzioaren ikuspegia eta ikuspegi errestauratiboa bateratzen ahalegintzen da, prestakuntza eta prebentzio orokorreko zentzuak ere bilduz). Horretarako, ataletan banatutako testuak hiru ezaugarri hauek ditu: bermeen lege bat da, lege orokorra da, eta lege integrala da.

  • Bermeen lege bat da, eta haren asmoa, eskubide berriak aitortzea baino gehiago, lehendik daudenak bermatzea da. Konstituzioaren 14. artikulua garatzen du, eta horri buruzko konstituzio-jurisprudentzia zabala txertatzen du horretarako.
  • Lege orokorra da, lege sektorialekin alderatuta; diskriminazio mota ororen aurrean babesteko legedi orokor gisa dihardu. Irisgarritasun unibertsalean inspiratzen da, haren alderdi guztiak ulertuz, onartuz eta aplikatuz: alderdi fisikoa, kognitiboa, jarrerarekin lotutakoa eta komunikaziokoa; izan ere, lege honek zentzua izango badu, biltzen dituen eskubide guztiez gozatzeko modua izan behar dute pertsona guztiek, salbuespenik gabe eta aplikagarri den eremu guztietan.
  • Legearen ezaugarri da integrala izatea ere, diskriminazio-arrazoiei dagokienez, eta horixe islatzen da atariko tituluan bertan, aplikazio-eremu objektiboa eta subjektiboa ezartzen baititu.

Eremu subjektiboari dagokionez:

  • Europar Batasuneko araudian jasotako sei diskriminazio-arrazoiekin batera (sexua, arraza- edo etnia-jatorria, desgaitasuna, adina, erlijioa edo sinesmenak, eta sexu-orientazioa), honako hauek ere jasotzen ditu berariaz: gaixotasuna edo osasun-egoera, egoera serologikoa edota patologia eta nahasmenduak jasateko aldez aurreko joera, sexu-identitatea, genero-adierazpena, hizkuntza eta egoera sozioekonomikoa; eta aipatutako artikulua ixten duen klausula irekiari eusten dio.
  • Izaera integral hori legea aplikatzen den eremuetan ere ageri da: bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean; hau da, enpleguan, lanean, hezkuntzan, osasunean, gizarte-zerbitzuetan, ondasun eta zerbitzuetarako sarbidean; barnean hartuta etxebizitza, parte-hartze soziala edo politikoa, publizitatea eta komunikabideak.

Bestalde, abiapuntutzat hartzen du tratu bereizi oro ez dela diskriminazio-ekintza bat, eta nabarmendu behar da tratu berdinaren mugen gaiari heltzen diola berariaz, hala, ez daitezen hor babestu berez zuzenean nahiz zeharka tratu-berdintasunaren kontra doazen jokabideak.

Legearen egitura:

Atariko titulua: barnean hartzen ditu xedea, aplikazio-eremu subjektiboa eta objektiboa, eta bost titulu.

  1. titulua.
  • Diskriminazio anizkoitz eta intersekzionala definitzen eta arautzen du, bai eta diskriminazio-mota espezifiko horretarako egokiak diren ekintza positiboko neurriak ere, emakumeei zuzendutako berdintasun-politiken garapenerako duten garrantziagatik; diskriminazio-mota horrekiko berariaz zaurgarriak diren emakumeen kasuan batik bat, zaurgarriagoak baitira sexuagatiko diskriminazioari legean aurreikusitako beste edozein arrazoi eransten zaionean.
  • Tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubidea arautzen du bizitza politiko, kultural eta sozialeko hainbat eremutan: enplegu eta lanean, hezkuntzan, osasun-arretan, gizarte-zerbitzuetan, ondasun eta zerbitzuen eskaintza publikoan, herritarren segurtasunean, etxebizitzan eta jendearentzat zabalik dauden establezimendu edo espazioetan.
  • Komunikabide eta publizitatean, debeku horri men egin beharko diotela aurreikusten da, bai eta arlo horretako autorregulazio-akordioak sustatuko direla ere.
  • Tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza lantzen ditu adimen artifizialaren esparruan eta erabakiak hartzeko mekanismo automatizatuetan ere.

II. titulua:

  • Tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidean jasotzen diren bermeak arautzen ditu, zer babes-neurri hartzen dituen zehaztuz, eta ekintzarako uzi posible gisa ematen ditu deuseztasunaren deklarazioa, uztea, erreparazioa, prebentzioa, kalte material eta moralen ordaina, bai eta babes judizialari buruzko xedapenak eta diskriminazioaren kontrako administrazio-jardunari buruzkoak ere. Bi eremu horietan, hurrenez hurren, legitimazio kolektiboa aitortzen die giza eskubideen defentsa eta babesa xede dituzten zenbait entitate eta erakunderi.
  • Frogatu beharraren kargarako arauak ezartzen ditu, eta berebiziko garrantzia dute horiek, lortzen horren zailak direnez.
  • Fiskaltzako kideentzat arlo horretako prestakuntza espezializatua sustatzea aurreikusten du.
  • Tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidea sustatzeko agindua ematen zaie botere publikoei.

III. titulua:

  • Legearen berrikuntza nagusietako bat arautzen du, erakundeen babesari buruzkoa, eta, zehazkiago, tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako autoritate independentearen sorrera; erakunde independentea da, pertsona bakarrekoa, titularraren auctoritasean oinarritzen dena batik bat, diskriminazioaren aurrean babesa emango duena, eta diskriminazioaren aurkako eskubidea betetzea sustatuko duena.

IV. titulua:

  • Tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloko arau-haste eta zehapenen araubidea arautzen du.

V. titulua.

  • Diskriminazioaren eta intolerantziaren biktimei zuzendutako informazioari, arreta integralari eta babesari buruzko aginduak hartzen ditu barnean, bai eta aholkularitza eta laguntza ere, osasun-laguntza bereziki; eta barnean hartzen ditu, halaber, haiei erabat errekuperatzen laguntzeko neurri sozialak; arreta berezia jarrita erasoetarako sare sozialak edo teknologia berriak erabili diren kasuetan.

LEGE BERRIKO AGINDU NAGUSIAK, LAN-ARLOARI ETA GIZARTE-SEGURTASUNARI ERAGITEN DIOTENAK

·         2.3. art. Gaixotasunak ez ditu justifikatuko tratu-desberdintasunak, baldin eta ez badira gaixotasun horren tratamendu-prozesutik bertatik datozenak, jarduera jakin batzuetan aritzeko ezartzen diren muga objektiboei dagozkienak edo osasun publikoko arrazoiengatik eskatzen direnak.

·         2.4. art. Lege honetan zehazten diren betebeharrak sektore publikoari aplikatuko zaizkio. Izaera pribatuko pertsona fisikoei edo juridikoei ere aplikatuko zaizkie, baldin eta Espainiako lurraldean bizi badira edota lurralde horretan badaude edo badihardute, pertsona horien nazionalitatea, helbidea edo bizilekua dena delakoa delarik ere, lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan aurreikusitako moduan eta irismenarekin.

·         3.1. art. Honako eremu hauetan aplikatuko da lege hau:

o    a) Enplegua, besteren konturakoa eta norberaren konturakoa, eta barnean hartzen ditu honako hauek: sarbidea, lan-baldintzak (ordainsariak eta kaleratzeari dagozkionak barne), lanbide-sustapena eta enplegurako prestakuntza.

o    j) Gizarte-babesa, prestazioak eta gizarte-zerbitzuak.

·         4. art. Debekatuta dago berdintasunerako eskubidearen kontrako jarrera, jokabide, ekintza, irizpide edo praktika oro. Eskubide horren urraketatzat hartzen dira honako hauek: asoziazio bidezko edo hutsegite baten ondoriozko diskriminazioa, zuzenean nahiz zeharka eragindakoa; diskriminazio anizkoitza edo intersekzionala; arrazoizko doikuntzak egiteari uko egitea; jazarpena, diskriminatzera edo intolerantziazko ekintza batera eragitea edo horretarako agindua edo jarraibideak ematea; errepresaliak; arauzko betebeharretatik edo betebehar konbentzionaletatik eratorritako ekintza positiboko neurriak ez betetzea; egin beharrekoen aurrean ezer ez egitea, utzikeria edo norberaren eginkizunak ez betetzea.

Ez da diskriminaziotzat hartzen lege honen 2. artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako arrazoiren batean oinarritutako tratuan bereizketa egitea, baldin eta xede legitimo batek objektiboki justifikatutako jarrera, jokabide, ekintza, irizpide edo praktika baten ondorio bada, eta hori lortzeko bitarteko egokia, beharrezkoa eta neurrikoa bada

 

·         6. art. Definizioak:

1. Zuzeneko diskriminazioa eta zeharkako diskriminazioa.

2. Asoziazio bidezko diskriminazioa eta hutsegite baten ondoriozko diskriminazioa.

3. Diskriminazio anizkoitza eta diskriminazio intersekzionala.

4. Diskriminazioan oinarritutako jazarpena.

5. Diskriminatzera eragitea, agintzea edo horretarako jarraibideak ematea.

6. Errepresaliak.

7. Ekintza positiboko neurriak.

·         9. art. Besteren konturako lanean tratu berdina izateko eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidea.

  1. Ezin izango da ezarri ez mugarik, ez segregaziorik eta ez bazterketarik, besteren konturako enplegua (publikoa edo pribatua) eskuratzeko lege honetan aurreikusitako arrazoiengatik, barnean hartuta hautaketa-irizpideak; ez enplegurako prestakuntzan, ez lanbide-sustapenean, ez ordainsarian, ez lanaldian eta ez gainerako lan-baldintzetan; ez eta lan-kontratua etetean, kaleratzean edo kontratu hori azkentzeko gainerako kausetan ere.
  2. Enplegua, publikoa edo pribatua, eskuratzeko irizpideak eta sistemak diskriminatzailetzat hartuko dira, baldin eta lege honetan aurreikusitako arrazoiengatik zeharka diskriminazio-egoerak sortzen badituzte, edota baita horrelako diskriminazio-egoerak sortzen dituzten lan-baldintzak ere.
  3. Enplegu-zerbitzu publikoek, horiekin lankidetzan diharduten erakundeek eta enplegu-agentziek edo baimendutako erakundeek berariaz arduratu behar dute tratu berdina izateko eskubidea betearazteaz eta lege honetan aurreikusitako arrazoiengatik zeharka diskriminaziorik ez sortzeaz, eta xede hori erdiesteko lagungarriak diren neurriak aplikatzen saiatuko dira; besteak beste, curriculum vitae anonimoa.
  4. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak, aplikagarria den araudian aurreikusitako baldintzetan, tratu berdina izateko eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidea betetzen den ikuskatu beharko du berariaz enplegu-sarbideetan eta lan-baldintzetan
  5. Enplegatzaileak ezin izango du galdetu lanposturako hautagaiaren osasunari buruz.
  6. Araudiari jarraituz, 250 langiletik gorako enpresetako enplegatzaileei soldaten arteko aldeen faktoreak aztertzeko beharrezkoa den informazioa argitaratzeko eskatu ahal izango zaie, 2.1. artikuluko baldintzak edo inguruabarrak kontuan hartuta.

 

·         10. art. Negoziazio kolektiboa.

  1. Aldeek hitzarmen kolektiboen edukia zehazteko duten askatasunaren aurka egin gabe, negoziazio kolektiboak ezin izango du mugarik, bereizketarik edo bazterketarik ezarri enplegua lortzeari begira, ez hautaketa-irizpideetan, enplegurako prestakuntzan, lanbide-sustapenean, ordainsarian, lanaldian edo gainerako lan-baldintzetan, ez eta lana etetean, kaleratzean edo lege honetan aurreikusitako arrazoiengatik lan-kontratua amaitzeko beste arrazoi batzuetan ere.

Botere publikoek elkarrizketa sustatuko dute gizarte-solaskideekin, jokabide-kodeak eta jardunbide egokiak egon daitezen sustatzeko.

  1. Lege honetan eta lan-arloko legerian xedatutakoarekin bat etorrita, negoziazio kolektiboaren bitartez ekintza positiboko neurriak ezarri ahal izango dira, lege honetan aurreikusitako arrazoiengatik enpleguaren eremuan eta lan-baldintzetan diskriminazio mota oro prebenitzeko, ezabatzeko eta zuzentzeko. Negoziazio kolektiboaren esparruan adostu daitezkeen neurrien artean, enpresek eta langileen legezko ordezkariek elkarrekin ezarri ahal izango dituzte helburuak eta aldizkako informazio- eta ebaluazio-mekanismoak.
  2. Langileen legezko ordezkariek eta enpresak berak zainduko dute tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubidea betetzen dela enpresan, lege honetan aurreikusitako arrazoiekin lotuta, eta, bereziki, ekintza positiboko neurriei eta helburuak lortzeari dagokienez.

·         11. art. Norberaren konturako lanean tratu berdina izateko eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidea .

  1. Ezin izango dira lege honetan aurreikusitako arrazoiekin lotutako mugarik, bereizketarik edo bazterketarik egin norberaren konturako jarduera bat egin eta garatzean.
  2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie, halaber, langile autonomoaren eta langile horrek lanbide-jarduera garatzen duen bezeroaren artean banaka ezarritako itunei, bai eta ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoak ordezkatzen dituzten elkarteen edo sindikatuen eta langile horiek beren jarduera gauzatzen duten enpresen artean hitzartutako interes profesionaleko akordioei ere.
  3. Aurreko paragrafoan aipatutako interes profesionaleko akordioek ekintza positiboko neurriak ezarri ahal izango dituzte, norberaren konturako lanaren esparruan lege honetan aurreikusitako arrazoiengatik diskriminazio-mota oro prebenitzeko, ezabatzeko eta zuzentzeko.

·         25. art. Diskriminazioaren aurrean babesteko eta erreparatzeko neurriak.

  1. Diskriminazioaren aurreko babesak hura detektatzeko metodo edo tresna nahikoak aplikatzeko beharra dakar, bai eta prebentzio-neurriak hartzeko nahiz diskriminazio-egoerak eteteko neurri egokiak antolatzeko beharra ere.
  2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako betebeharrak ez betetzeak administrazio-erantzukizunak ekarriko ditu, bai eta, hala badagokio, erantzukizun penal eta zibilak ere, erator daitezkeen kalte-galerengatik; horien artean, itzulketa eta kalte-ordaina egon ahal izango dira, biktimek erabateko erreparazio eraginkorra lortu arte.
  3. Gertakari diskriminatzaile baten aurrean, lege hau betearazteko ardura duten agintariek neurri egokiak hartuko dituzte halakorik berriro gertatzen ez dela bermatzeko, bereziki eragile diskriminatzailea administrazio publikoa denean.

·         26. art. Erabateko deuseztasuna: erabat deusezak dira negozio juridikoen xedapen, egintza edo klausulak, baldin eta lege honen 2. artikuluaren lehen paragrafoan aurreikusitako arrazoiren batengatik diskriminazioa eragiten badute.

·         27. art. Ondare-erantzukizuna esleitzea eta kaltea konpontzea.

  1. Lege honetako 2. artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusitako arrazoiren batengatik diskriminazioa eragiten duen pertsona fisiko edo juridikoak eragindako kaltea konponduko du, eta kalte-ordaina emango du eta biktima gertakari diskriminatzailearen aurreko egoerara itzularaziko du, horretarako aukera dagoenean. Diskriminazioa egiaztatu ondoren, kalte morala dagoela ulertuko da, eta honako hauek hartuko dira kontuan hori balioesteko: kasuaren inguruabarrak, legean aurreikusitako diskriminazio-kausa bat baino gehiago egotea edo horien arteko elkarreragina gertatzea eta gertatutako lesioaren larritasuna; horretarako, kontuan hartuko da, hala badagokio, diskriminazioa gertatu den bitartekoaren zabalkundea.
  2. Eragindako kaltearen erantzule izango dira, halaber, enplegu-emaileak edo ondasunak eta zerbitzuak ematen dituzten pertsonak, diskriminazioa, jazarpena barne, beren antolaketa- edo zuzendaritza-eremuan gertatzen denean eta 25. artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako betebeharrak bete ez dituztenean.

·         28. art. Tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubidearen babes judiziala. Tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren eskubidearen urraketen aurkako babes judizialak, lege prozesaletan ezarritakoaren arabera, barnean hartuko ditu diskriminazioa amaitzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea, eta, bereziki, diskriminazioa berehala bertan behera uztera zuzendutakoak; horrez gain, kautelazko neurriak hartu ahal izango dira, berehalako edo geroko urraketak prebenitzeko, eragindako kalte eta galeren ordaina emateko eta kaltea jasan duen pertsona eskubide osoz leheneratzeko, pertsona horren nazionalitatea edozein izanik ere eta adin nagusikoa edo adingabea den edo legezko bizilekua duen edo ez kontuan hartu gabe.

·         29. art. Tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubidea defendatzeko legitimazioa. Eragindako pertsonen banakako legitimazioa alde batera utzi gabe, alderdi politikoek, sindikatuek, langile autonomoen elkarte profesionalek, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek eta legez eratutako elkarte eta erakundeek, baldin eta haien helburuen artean giza eskubideak defendatzea eta sustatzea badute, legitimazioa izango dute –lege prozesalek ezarritako baldintzetan– beren zerbitzuetako afiliatuen, elkartekideen edo erabiltzaileen eskubideak eta interesak defendatzeko prozesu judizial zibiletan, administrazioarekiko auzietan eta gizarte-auzietan, baldin eta horretarako berariazko baimena badute.

·         30. art. Frogatu beharraren kargari buruzko arauak.

  1. Prozesu-legeetan eta administrazio-prozedurak arautzen dituzten legeetan aurreikusitakoarekin bat etorrita, auzi-jartzaileak edo interesdunak diskriminazioa dagoela adierazten duenean eta horren zantzu sendoak ematen dituenean, auzia zuzendu zaion alderdiari edo diskriminazio-egoera egozten zaionari dagokio hartutako neurrien eta haien proportzionaltasunaren justifikazio objektiboa eta arrazoizkoa, behar bezala frogatua, aurkeztea.
  2. Lehenengo lerrokadan xedatutakoaren ondorioetarako, organo judizial edo administratiboak, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, txostena eskatu ahal izango die berdintasunaren arloan eskumena duten erakunde publikoei.
  3. Lehenengo paragrafoan ezarritakoa ez zaie aplikatuko ez prozesu penalei, ez administrazio-prozedura zehatzaileei, ez eta ikastetxeetako antolamendu-, bizikidetza- eta diziplina-arauen babesean hartutako neurriei eta izapidetutako prozedurei ere.

·         31.2 art. Diskriminazioaren aurkako administrazio-jarduera. 2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, sindikatuek, langile autonomoen elkarte profesionalek, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erakundeek eta legez eratutako elkarte eta erakundeek, baldin eta beren helburuen artean giza eskubideak defendatzea eta sustatzea badute eta lege honen 29. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, interesduntzat jo ahal izango dira Administrazioak lege honetan aurreikusitako diskriminazio-egoera bati buruz iritzia eman behar duen administrazio-prozeduretan, baldin eta eragindako pertsonaren edo pertsonen baimena badute. Baimen hori ez da beharrezkoa izango eragindako pertsonek halako multzo zehaztugabe bat osatzen dutenean edo zehazteko zaila den talde bat osatzen dutenean, nahiz eta kaltetutzat jotzen direnek ere prozeduran parte hartu ahal izango duten.

  • 2 art. Tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubidea sustatzea. 2. Enpresek beren gain hartu ahal izango dute gizarte-erantzukizuneko ekintzak egitea, hala nola neurri ekonomikoak, merkataritzakoak, lanekoak, laguntzakoak edo bestelakoak hartzea, tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako baldintzak sustatzeko enpresen barruan edo haien gizarte-ingurunean. Nolanahi ere, langileen ordezkariei aurrera eramandako ekintzen berri emango zaie.

Ekintza horiek langileen ordezkariekin hitzartu ahal izango dira, bai eta tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza defendatu eta sustatzeko helburu nagusia duten erakundeekin eta tratu-berdintasunerako erakundeekin ere.

Enpresek berdintasunaren arloan dituzten erantzukizun-ekintzen publizitatea egin ahal izango dute, publizitateari buruzko legeria orokorrean ezarritako baldintzen arabera.

Indarrean sartzea. 2022ko uztailaren 14a
Bilbo, 2022ko iraila
Aholkularitza Juridikoa
MUTUALIA

Lotutako berriak