Itzuli

ENPRESEN ZIGOR ARRISKUEN MAPAK BERRIKUSTEKO PREMIA

Zigor Kodearen erreforma berriak, otsailaren 20ko 1/2019 Lege Organikoaren bitartez onetsi eta martxoaren 13an indarrean jarri denak, zabaldu egin du pertsona juridikoen erantzukizun izan litezkeen delituen zerrenda; europar zuzentarauen transposizioaren ondorio da hori, izan ere, horien bitartez behartzen da Espainia, pertsona juridikoek delitu berrietan duten zigor erantzukizuna onartzera.

Berritasun nagusiak delitu hauei buruzkoak dira:

Organoen trafikoa (ZK 156 bis art.). Ohiko jokabideen mugaketa argiagoa da, larritu egin dira zigorrak gaitzespen bereziko hipotesietan, eta esplizitatu egin dira erakundearen edo talde kriminalen jardunaren hipotesiak, gizakien salerosketaren delituei egiten zaien tratamenduaren antzera; gainera, nazioartean berriro erortzearen astungarria ere sartzen da.

Merkatuari eta kontsumitzaileei buruzko delituen atalaren barruan, 284. eta 284. artikuluetan dagoenekozigortzen ziren informazio pribilegiatuaren eta merkatuaren manipulazioaren jokabide zehatzak, baina oraingoan hiru manamendu berri txertatu dira:

  • ZK 285 bis artikuluan delitu gisa tipifikatuta dago informazio pribilegiatua duenak hura ezagutaraztea eta bere lanaren, lanbidearen edo funtzioen jardun normaletik kanpo agertzea, arriskuan jarriz merkatuaren integritatea edo inbertitzaileen konfiantza. Era berean, merkatu azterketa batean informazio pribilegiatua ezagutaraztea ere txertatzen da, baldin eta merkatuen eta finantza tresnen alorrean europar araudiak aurreikusten dituen betebeharrei erreparatu gabe egiten bada.
  • ZK 285 ter artikuluak kontzeptuzko edukiak (finantza tresnak, kontratuak, jokabideak, eragiketak eta aurreikusitako aginduak) merkatuaren eta finantza tresnen alorreko europar eta espainiar araudira igortzen ditu.
  • ZK 285 quater artikuluak berariaz adierazten du aurreko delituen proposamen, konspirazio eta probokazio ekintzen zigorra.

Korrupzioa negozioetan (286 bis art. 1. atal.)

Mota horren barruan sartzen da etekin edo abantaila justifikatu gabea “lortzeko eskaintza edo promesa”, salgaiak modu bidegabean erosteko edo saltzeko edo zerbitzuak kontratatzeko beste baten alde egitearen ordainetan.

Herri Ogasunaren kontrako delituak (ZK 305. eta 308. art.) 

Aldatu egiten da Europar Batasuneko Ogasunaren kontrako zigor haustetzat hartzeko iruzur egindako kuota, eta egokitu egin dira dagozkion artikuluak; hala, delitutzat hartzeko iruzur egindako kuotaren zenbatekoa 50.000 €-koa izatetik 100.000 €-koa izatera aldatu da (zerga delituen ohiko kasuetarako, 120.000 €-an utzi da atalasea).

Indarrean den dirulaguntzen iruzur delituaren helburua zabaldu egin da, eta Europar Batasunak ematen dituen laguntzak edozein Herri Administrazioren laguntzekin parekatu dira; era berean, araudi bateratua ezarri da laguntza publikoen iruzurren esparruan, 120.000 eurotik 100.000 eurora murriztuz delitu atalasea.

Diruaren faltsifikazioa (ZK 386. eta 387. art.)

Zabaldu egin da pertsona juridikoei ezar dakiekeen zigorren aukera, pertsona horiek delitu mota horien erantzule penalak direnean.

Hobetu egin da ZK 387. artikuluaren erredakzioa diruaren zigor babesa dirua ofizialki zirkulazioan jarri aurreko faseetara aurreratzen den kasuetarako.

Zabaldu egin da euroaren eta atzerriko edozein diruren zigor babesa, faltsifikazioak Europar Batasuneko mugei eragiten dienean oro har –aurretik, lurralde nazionalari baino ez zion eragiten babes horrek–.

Eroskeria eta bidegabeko eralgitzea (ZK 423. eta 427. art.)

Zabaldu egin da eroskeria eta bidegabeko eralgitze delituetan kontuan hartu beharreko funtzionario publikoaren kontzeptua. ZK 427. artikuluan d) atal berria erantsi da, zeinean adierazten den funtzionario publikoa dela Europar Batasunaren edo hirugarren herrialdeen finantza interesen kudeaketan diharduena edo interes horiei buruzko erabakiak hartzen dituena.

Berariaz ezarri da pertsona juridikoen erantzukizuna eralgitze delitu guztietarako (ZK 425.5. art.), eta, ondorioz, zabaldu egin da pertsona juridikoa erantzule izan litekeen delituen katalogoa. Hemendik aurrera zigortu ahalko dira administrazio desleialagatik edo ondare publikoaren bidegabeko jabetzeagatik, agintaritzak edo funtzionarioak erakunde publikoen kontularitza faltsutzeagatik edo bidegabeko eralgitzeagatik.

Terrorismoaren kontrako borroka (ZK 572. art. eta hurrengoak)

Pertsona juridikoen zigor erantzukizuna terrorismoko edozein delitu motatara zabaldu da (ZK 580 bis artikulu berria), zeina orain arte terrorismoaren finantzaketa delituetarako baino ez zen aurreikusten. Horren ondorioz, pertsona juridikoak erantzule izan litezke beren baitan delitu hauek egiten badituzte: terrorismoa, ekitaldi terroristekin bat egitea, doktrinatzea, terrorismoa goratzea, gorestea edo horretara bultzatzea. Horren ondorioz, berrikusi egin behar dira delitu hori egiteko aurreikusten diren gaur egungo arriskuen ebaluazioak.

Goreneko zigorrak jaso egin dira eta gaitasungabetzea berezia izatetik erabatekoa izatera igaro da zigorrak irauten duen denbora guztian (ZK 572. art.). Era berean, terrorismoko delituen artean sartu da agirien faltsutasuna, orain arte aurreikusi gabea, eta terrorismo helburuekin egiten den bidaiari dagokionez, ezabatu egin da bidaiaren helburua terroristek kontrolatutako lurralde bat izan beharraren eskakizuna (ZK 575.3. art.).

Lege erreformak agerian jartzen du zabaldu egin dela legez pertsona juridikoen zigor erantzukizun esparrua eta gogortu egin direla zigorrak; beraz, ezinbestekoa da enpresek zigor compliancekoprogramak ezartzea, bai erakundeen bai bertako administratzaileen, zuzendaritza organoen edo langileen erantzukizunen prebentzioari, karga arintzeari edo ahultzeari begira.

Susana Castaños del Molino

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko eta Betetze korporatiboko Zuzendaria

Lotutako berriak