servicio-hogar
Itzuli

16/2022 Errege lege-dekretua, irailaren 6koa, etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak hobetzekoa.

Irailaren 6an, etxeko langileen lan-harremanen erreforma egiteko araudi berria onartu da. Araudi berri horrekin, nabarmen aldatu da langile horiei aplikatzen zaien araubidea, batez ere bi gai nagusiri dagokienez: alde batetik, atzera egiteari dagokionez, inolako justifikaziorik gabe kaleratu ahal izateko aukera aldatzen baita; eta, bestetik, etxeko zerbitzuaren enplegatzaileek langabeziagatik zein Soldatak Bermatzeko Funtsagatik (FOGASA) kotizatzeko duten betebeharrari dagokionez.

Ikusi behar dugu gaur egungo erregulazioa Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2022ko otsailaren 24ko Epaiaren emaitza dela (C-389/20 gaia). Prozedura hori Vigoko Administrazioarekiko Auzien 2. zenbakiko Epaitegiko magistratuak eskatuta izapidetu zen, eta, bertan adierazten denez, langile horien kolektiboa emakumez osatuta dago ia erabat. Hori dela eta, Justizia Auzitegiari eskatzen dio Gizarte Segurantzaren arloko berdintasunari buruzko Zuzentaraua interpreta dezala, kasu horretan sexuagatiko zeharkako diskriminaziorik dagoen ala ez zehazteko, zeina Zuzentarauak berariaz debekatzen baitu.

Lehenik eta behin, eta atzera egiteari dagokionez, araudi hau indarrean jarri arte aukera zegoen langileak inolako justifikaziorik gabe kaleratzeko, eta arau-aldaketa honen ondoren, kaleratzea Langileen Estatutuan ezarritako arrazoien menpe jarri beharko da. Halaber, arrazoi horiek zabaldu egin dira zenbait kasutan, etxeko langileen lan-harremanaren berezitasunarekin lotuta; hartara, azkentzearen arrazoi justifikatutzat hartuko dira zerbitzuen hartzaile den etxean gastuak areagotu izana, aipatutako etxekoen diru-sarrerak murriztu izana, etxekoen premiak funtsean aldatu izana, edo langilearen jokabideak konfiantza-galera eragin izana, betiere zentzuz eta era proportzionalean funtsatuta. Kasu horietan guztietan, kalte-ordainak hamabi egunekoak izango dira lan egindako urte bakoitzeko, sei hileko mugarekin, eta zazpi egun lehenago jakinarazi beharko da. Edonola ere, epea hogei egunekoa izan ahalko da urtebete baino gehiago iraun duten lan-harremanetan.

Bigarrenik, eta berritasun handi gisa, langabezia-prestaziorako eta FOGASAgatik kotizatzeko betebeharra dugu. Hala, lehen aipatutako Epaian adierazitakoa aplikatuz, legegileak araudia aldatu egin du; etxeko zerbitzuko langileen kontratuetan bi kontzeptu horiengatik kotizatzeko derrigortasuna finkatu du, eta, ildo horretan, etorkizunean langabezia-prestazioa eskuratzeko eskubidea ezarri du, baita FOGASAren estaldura ere, enplegatzaileak zor dituen soldatak ordaintzeko kaudimengabezia duen kasuetarako, eta lan-harremana amaitzeagatik kalte-ordainak ordaindu behar direnerako.

Horrekin lotuta, kontuan hartu behar da langile zein enplegatzaileek noiz hasi beharko duten kotizatzen (16/2022 Errege Lege-dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarrian arautua). Hartara, bi egun egongo dira, hileko kontratazio-orduen arabera: hilean 60 orduko edo gehiagoko lanaldia duten lan-kontratuetan, betebeharra 2022ko urriaren 1etik aurrera ezarriko da, eta adierazitako lanaldia baino txikiagoa duten kontratuetan, berriz, betebeharra 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Kotizazioaren zenbatekoei dagokienez, adierazi behar dugu % 6,05ekoa izango dela langabeziaren kasuan (% 5 enplegu-emaileari dagokio eta % 1,05 langileari), eta % 0,2koa FOGASAren kasuan (oso-osorik enplegatzailearen kontura). Era berean, arauak aurreikusten du enplegatzaileak aukera izango duela kotizazioan % 80ko hobaria izateko, langabeziari zein FOGASAri dagokienez.

Azkenik, eta azken berritasun gisa, etxeko langileen lan-kontratua idatziz egin behar da kasu guztietan, eta ezin da ahoz egin, ezta, orain arte bezala, lau astetik beherako kontratuen kasuan ere.

Lotutako berriak