
2017ko abenduaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1077/2017 Errege Dekretua, abenduaren 29koa,2018rako lanbidearteko gutxieneko soldata finkatzen duena, Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministro Fátima Bañez andreak proposatu, eta abenduaren 29ko Ministroen Kontseiluak onartuta.
Errege Dekretu horren bitartez, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean egongo diren zenbatekoak ezarri dira, bai langile finkoentzat bai aldi baterako edo sasoikakoentzat bai etxeko langileentzat.
Zenbateko berriak ehuneko lau handiagoak dira, 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean indarrean egondakoak baino.
Igoera, ekonomiaren egoera orokorraren hobekuntza kontuan hartuta ezarri da, eta, horrekin batera, lehiakorrago izateko modu orekatuan bultzatzen jarraitu da; hala, soldaten bilakaera eta enplegua lehengo mailara itzultzeko prozesua batera doaz.
Errege-dekretu honi buruzko kontsulta jaso dute ordezkaritza handiena duten sindikatuek eta enpresaburu-elkarteek.
Nekazaritzako, industriako eta zerbitzuetako edozein jardueratan, langilearen sexua eta adina edozein dela, gutxieneko soldata 24,53 euro egunean edo 735,9 euro hilean izango da, soldata egunaren edo hilaren arabera den.
Gutxieneko soldatak diruzko ordainsaria bakarrik hartzen du kontuan, eta gauzazko soldatak ez du inola ere ekarriko diruzkoaren zenbatekoa gutxitzea.
Errege Dekretuak, halaber, aldi baterako eta sasoikako langileen lanbidearteko gutxieneko soldata arautzen du, baldin eta enpresa batean, gehien jota, ehun eta hogei egun lan egiten badute. Kasu horretan, soldata hau da: 34,85 euro lanaldiko. Orduka lan egiten duten besteren konturako etxeko langileen kasuan, lanbidearteko gutxieneko soldata 5,76 euro da benetako lanordu bakoitzeko.
Errege Dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko aldirako.
