conducir en invierno
Itzuli

2020: NEGURIK “HOTZENEAN” GIDATZEA

Beste behin ere, negua heldu da, eta ez edonolakoa, gogoratzen ditugunen artean “hotzena”, koronabirusaren negua eta XXI. mendeko beste pandemia handiarena, trafiko istripuena, hain zuzen.

Negua urteko urtarorik arriskutsuena da (RACEren datuen arabera, hildakoen eta zauritu larrien % 30 inguru urtaro honetan gertatzen dira, gutxien gidatzen den urteko garaia izanik ere).

Hori Bide eta Inguru Faktorea dela-eta gertatzen da, urteko garai honetan bere bertsiorik okerrena ematen baitigu (euria, lainoa, haizea, elurra, izotza…), eta, beraz, beste bi faktoreentzako garairik zorrotzena izaten da: Giza Faktorea eta Ibilgailu Faktorea.

Negua hastean, ibilgailuko likido guztiak egiaztatu behar ditugu (bereziki, izotzaren aurkakoa), bai eta erregai-tanga beteta dagoela ere, eta pastillak, diskoak eta sistema zuzentzailea ere egiaztatu behar ditugu. Bateria ahaztu gabe, garai honetan osagai elektrikoek gehiago eskatuko baitiote. Halaber, garrantzi handia dauka, baita ere, argiztapen sistemak, ikusteko eta ikusiak izateko. Gurpilek egoera ezin hobean egon behar dute, eta kateak edo homologatutako gailu analogoak eta klimatizazioa ere aztertu behar dira.

Ez ahaztu segurtasun pasiboko gailuak (segurtasun uhala, airbaga eta buru-euskarriak) eta arriskua seinaleztatzeko triangeluak. Ibilgailuaren puntu orokor hauek berrikusi ostean, kontrako klima baldintzak daudenean, buruan gogoeta batzuk izan behar ditugu gidatzen gauden bitartean:

– Ondorio okerrenak dituen klima fenomenoa EURIA da, eta ez euri indartsua, espero zitekeen bezala, zirimiria baizik, gidaria erlaxatuago doalako eta zoruak gehiago irristatzen duelako. Ez ahaztu, errepide lehorrarekin alderatuta, balaztatze distantzia bikoiztu egiten dela. Beraz, aurreko segurtasun distantzia handitu behar da, abiadura murriztu eta maniobra eta bat-bateko balaztatzeak saihestu. Arreta berezia jarri ur-putzuetara hurbiltzean, aquaplaning-a dela-eta. Arrisku horren aurrean, norabidea mantendu behar dugu, eta balazta ez zapaldu, gurpilak ura ateratzeko eta itsaspena eta norabidea errekuperatzeko gai izan arte.

-LAINOA istripu gehien sortzen dituen bigarren fenomenoa da. Kasu honetan, garrantzitsuena IKUSTEA ETA IKUSIA IZATEA da, eta abiadura ikusgarritasun baldintzetara egokitzea, maniobra arriskutsurik egin gabe.

-Hirugarren arrazoia HAIZEA da, batez ere alboko haizea. Haizearen intentsitatea eta norabidea kontrolatu behar dugu beti. Aintzat hartuko dugu ibilgailuaren gainean duen eragina ez duela tamainak bakarrik baldintzatzen, baita grabitate zentroak, zamak eta ibilgailuko banaketak ere. Gidatzean, haizearen efektuak murriztuko ditugu bolanteari gogor eutsiz (mugimendu suabeak eta progresiboak haizearen kontrako noranzkoan, beharrezkoa

izatekotan), abiadura murriztuz eta dimentsio handiko ibilgailuak aurreratzean kontu handiz ibiliz, baita tunelen sarrera eta irteeretan ere, pantaila efektua dela-eta.

-Azkenik, ELURRA eta IZOTZA ditugu, beldur gehien sortzen duen egoera, baina uste dugunaren aurka, kuantitatiboki garrantzi txikiena duena. Istripuen % 8 soilik izaten da errepidea izoztuta edo elurtuta dagoenean. Hala ere, baldintza horietan gidatzea benetan zaila da, eta EZ gidatzea gomendatzen da.

Kotxea hartu behar badugu, neguko gurpilak edo kateak erabiliko ditugu. Beste ibilgailuek utzitako marken gainean ibili, ahalik eta martxarik altuenean, ez irristatzeko eta itsaspena laguntzeko. Jaitsieretan, aldiz, motorraren balazta erabili ibilgailuak abiadura handia ez hartzeko, eta, beraz, martxarik laburrenean ibili. Itsaspen faltak balaztatze distantzia 10 bider handitzea dakar; beraz, bolantearen mugimenduak oso suabeak izan behar dira, eta maniobrak aurrez prestatuak eta oso progresiboak.

Eta IZOTZA? Izotzarekin prebentzioz jardun behar dugu; izotza dagoela aurreikusi, termometroak 0ºC inguruko tenperaturak markatzen dituenean eta zona ilun edota hezeetatik igaro behar garenean, eta batez ere errepidean zona distiratsuak ikusten ditugunean.

Datu bitxi bat; ba al zenekien izotz plakak errazago sortzen direla eskuinerako bihurguneetan? Bada, hala da, errepidearen inklinazioa dela-eta hezetasun handiagoa pilatzen delako zona horretan.

Gainera, azaldutako guztiaren arabera, neguan gidatzeak exijentzia handiagoa eta nekea eta estresa handitzea sortzen du (bidaietan geldiune kopurua handitzea gomendatzen da).

Beraz, gaztelaniaz esaten den bezala, “Eguraldi txarrarekin ere, aurpegi ona”, eta koronabirusaren aurkako txertoari buruz hitz egiten ari diren honetan, gure “txerto txikia” jarriko diegu trafiko istripuei, zuhurtzia, erantzukizuna eta bide hezkuntza trafiko istripuek osatzen duten beste pandemia handi honen aurkako gure ekarpena izan daitezela.

Lotutako berriak