Itzuli

2022: URTE BERRIA ETA ARAU BERRIAK

.


Diputatuen Kongresuko Barne Arazoetako Batzordeak oniritzia eman dio Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea aldatzeari. 2022ko martxoan jarriko da indarrean aldaketa. DGTren asmoa da zenbait arau Europako gainerako herrialdeetan daudenekin bat egitea eta hildakoen kopurua murrizten jarraitzea, istripuen zergatiak aztertuz eta konponbideak ematen ahaleginduz.

Aldaketarik polemikoena errepide arruntetan aurreratzeko abiadura-muga gainditzea baimentzen duen araua kentzea da. Espainian, muga horren gainetik orduko 20 kilometro arinago ibil zitezkeen turismo-automobilak eta motozikletak.

Aldaketak egiten diren guztietan bezala, batzuk aurka azaldu dira, eta beste batzuek, berriz, egokitzat jo dute. Zenbait plataformak jarrera kritikoa agertu dute aldaketaren aurrean, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 85. artikuluak dioena oinarri hartuta: “Aurreratzeetan, aurreratzen ari den gidaria nabarmen azkarrago joan beharko da aurreratu beharrekoa baino, eta segurtasunez egiteko behar adinako tartea utzi beharko du alboan”.


Badira, bestalde, DGTk sustatu duen araudi-aldaketa hori justifikatu eta babesten duten elkarteak;esaterako, FESVIAL (Bide Segurtasunerako Fundazioa). Besteak beste, honako arrazoi hauek aipatu dituzte neurri horren alde agertzeko:

  • Errepide arruntetako istripuek hildakoen % 70 baino gehiago eragiten dute. Normalean, aurreratzean edo aurreratzeko prestatzean gertatzen dira.
  • Zenbat eta abiadura handiagoa izan, arrisku handiagoa dago hiltzeko, eta are gehiago buruz buruzko talketan, abiadurak elkarri batzen zaizkio eta. Datuek adierazten dutenez, aurrez aurreko talka batean bizia galtzeko aukera % 50ekoa da 77 km/h-ko abiaduran, % 65era igotzen da 80 km/h-koan, % 92ra 96 km/h-koa izanez gero, eta, 105 eta 110 bitartean (gaur egun aurreratzeko behar dena), hiltzeko arriskua %100ekoa da, autoarekin 14. solairutik jaustearen baliokidea. Hori guztia, beste ibilgailuarekin abiadura batu gabe.
  • Zalantzan jartzen dute benetan premia ote dagoen 90 km/h-ko muga orokorra orduko 20 kilometroan gainditzeko, segurtasunez aurreratzeko, eta, gero, norberaren erreira itzultzean, berriz ere arauzko abiadurara itzultzeko. Abiadura-mugaren gainetik maiz gidatzera bultza dezake horrek.
  • Europako herrialdetako araudiek ez dute baimentzen aurreratzeko orduan abiadura-muga gainditzea. Hortaz, salbuespena gara.
  • Aldaketa hau onartzeak lagundu egiten du gizarteak eskatzen duen trafikoaren baretzea eta baketzea lortzen.


Arrazoi horiengatik, araudi berriari egokitu behar gatzaizkio, eta, hemendik aurrera, are kontu handiagoz egin maniobra hori. Aurreratzeko orduan, autoa ongi erabiltzea eta erabaki egokiak hartzea askoz faktore garrantzitsuagoak dira merkatuko autorik indartsuena edukitzea baino.

Hauek dira Trafiko Legearen testu bategina aldatzen duen legearen beste arau aipagarri batzuk:
Adingabeek ezin izango dute inola ere 0 alkohol-tasa gainditu (zikloak, ziklomotorrak, A1 baimeneko motozikletak eta MPIak).

  • Aldaketak puntu-galerari dagokionez: gidabaimenaren 6 puntu galduko dira gidatzen den bitartean telefonia mugikorreko gailuak eskuz oratzeagatik, bidera edo haren ingurura objektuak botatzeagatik eta txirrindulariak aurreratzean arriskua sortzeagatik edo 1,5 metroko gutxieneko tartea ez uzteagatik. Orain arte 4 puntu galtzea eragin izan dute arau-hauste horiek. Segurtasun-uhala, haurrak atxikitzeko sistemak eta kaskoa ez erabiltzeak, edo era desegokian erabiltzeak, 4 puntu galtzea eragingo du, eta ez 3, gaur egun bezala.
  • Derrigorrezkoa izango da ibilgailua abiaraztea eragozteko alkoholimetroa (alcoholock), 2022ko uztailaren 6tik aurrera matrikulatzen diren bidaiarien garraioko ibilgailuetan.

Lotutako berriak