sentencia
Itzuli

MutuaLex Epaia- 2022ko ekaina

Gorenak irizpidea aldatu du eta alarguntza pentsioa kobratzeko izatezko bikote gisa inskribatuta egotea eskatu du.

Epai horren bidez, Auzitegi Gorenak zuzendu eta aldatu egin zuen duela urtebete sostengatutako doktrinan (2021eko apirilaren 7ko epaia) ezarritako irizpidea; izan ere, doktrina horretan atea ireki zitzaion ofizialki inskribatu gabeko izatezko bikoteek alarguntza pentsioa eskuratu ahal izateari, beste frogabide batzuen bidez egiaztatuz bizikidetza, hala nola erroldatze ziurtagiriaren bidez.

Egitatezko kasua

Administrazioak alarguntza pentsioa ukatu zion kausatzailearen bikotekideari, zeinarekin bizi izan baitzen etenik gabe 60ko hamarkadaz geroztik, errolda ziurtagiritik ondorioztatzen denez, eta zeinarekin izan baitzituen lau seme-alaba, Erregistro Zibilean jaulkitako jaiotza partidetan agertzen den bezala.

Ukapena apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legearen testu bategineko 38.4 artikulua aplikatuz egin zen, uste baitzen ez zela izatezko bikoterik egiaztatu lege agindu horretan zehatz-mehatz jasotako baliabideren baten bitartez.

Kasuari aplikatzeko araudia

Apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legearen testu bategineko 38.4 artikulua, non zehazten baitira izatezko bikotea egiaztatzeko baldintzak, honako hau adieraziz: “Bizilekua dagoen autonomia erkidegoko edo udaleko berariazko erregistroren batean inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiriaren bidez edo bikote hori eratu dela jasotzen duen agiri publikoaren bidez egiaztatuko da”.

Zuzenbideko oinarriak:

Auzitegiak berak adierazten duen bezala, kasazio interesa duen gaia honako honetan datza: indarrean dagoen 38.4 artikuluaren laugarren lerrokadan ezarritako betekizunak izatezko bikotea dagoela egiaztatzeko, alarguntza pentsiorako eskubidea sortzeari dagokionez, agindu horretan aurreikusitakoak baino ez diren, edo, aitzitik, legez aurreikusitakoez bestelako bide batzuen bidez egiaztatu daitekeen.

Horretarako, gai horri buruz bi interpretazio daudela hartzen du abiaburu Auzitegi Gorenak:

a) 2020ko maiatzaren 28ko epaian ezarritakoa:

Zeinak defendatzen baitzuen “izatezko bikote bat alarguntza pentsioa aitortzearen ondorioetarako era honetara baino ezin dela egiaztatu: 38.4 artikuluaren laugarren lerrokadan adierazitako bitartekoen bidez, hau da, bizilekua den autonomia erkidegoko edo udaleko erregistro espezifiko batean inskribatuta egonik edo agiri publiko baten bidez, eta biek izan behar dute gutxienez kausatzailea hil baino bi urte lehenagokoak”.

b ) 2021eko apirilaren 7ko epaian jasotakoa:

Zeinak honako doktrina hau ezartzen baitzuen: “Izatezko bikote bat ezin da egiaztatu soilik alarguntza pentsiorako eskubidea aitortzeko 38.4 artikuluaren laugarren paragrafoan adierazitako bitartekoen bidez, hau da, bizileku den autonomia erkidegoko edo udaleko berariazko erregistro batean inskribatuta egonda edo agiri publiko baten bidez, eta biek izan behar dute kausatzailea hil baino gutxienez bi urte lehenagokoak; elkarbizitza zalantzarik gabe egiaztatzen duen errolda ziurtagiriaren bidez edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein frogabideren bidez ere egiaztatu ahal izango da”.


Irizpide desberdintasun horren aurrean, Gorenak berak adierazi du beste erabaki bat hartu behar dela, bere doktrina argitzeko eta, hala badagokio, jurisprudentzia berresteko, indartzeko, osatzeko, zehazteko edo zuzentzeko.

Magistratuek defendatzen dute, doktrina desberdintasun hori justifikatzeko, 2021eko apirilekoaren kasuan oso zirkunstantzia partikularrak zeudela (erreklamatzen zuen pertsonak ez zuen diru-sarrera propiorik, etxekoandre gisa aritu baitzen beti, eta muturreko egoera bat zen), eta adierazten dute hor zehaztu zena salbuespena zela eta ez duela araua izan behar; horregatik onartu zuen izatezko bikote bat zegoela egiaztatzen zuen froga gisa errolda ziurtagiria edo elkarbizitza frogatzeko balio duen beste edozein bide.

Orain, Auzitegi horrek doktrina hori zuzendu eta 2020ko maiatzaren 28ko epaiari dagokiona berreskuratu du. Horretarako, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzian oinarritzen da, zeinak baieztatzen baitu “arauak ezartzen duen alarguntza pentsioa ez dela izatezko bikote guztien aldekoa, bizikidetza egiaztatua duten bikoteen aldekoa baizik, legez ezarritako moduan eratutako bikoteen mesederako bakarrik (bizileku den autonomia erkidegoetako edo udaletako berariazko erregistroren batean inskribatuta egotearen ziurtagiria edo bikotea eratu dela jasotzen duen agiri publikoaren bidezkoa), eta horrek ez duela urratzen legearen aurreko berdintasunerako eskubidea”, zalantzan jarritako arauak ikuspegi konstituzionaletik justifikazio objektibo eta arrazoizko bati erantzuten diola baieztatzeagatik, pentsioen aitorpenean segurtasun juridikoa emateko eta Gizarte Segurantzaren prestazio sistema koordinatzeko.

Ondorio gisa, Auzitegi Gorenak zehaztu du, azkenik izatezko bikotea dagoela frogatzeko, alarguntza pentsiorako eskubidea aitortzeari begira, 170/1987 Errege Lege-dekretuaren 38.4 artikuluaren laugarren lerrokadan adierazitako bitartekoak erabili behar direla, hau da, bizilekua autonomia erkidegoan edo udalerrian berariaz inskribatuta egotearen bitartez edo agiri publiko bidez, eta biek kausatzailea hil baino gutxienez bi urte lehenagokoak izan behar dutela.

María José Marcilla


Letrada de la Asesoría Jurídica de Mutualia

Lotutako berriak