Azaroko hirugarren igandean, mundua gelditu egiten da zirkulazio-istripuek —edo, gaur egun esaten den bezala, errepide-ezbeharrek— eragindako biktimak oroitzeko.
2005eko urriaren 26an aldarrikatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak egun hori, errepide-istripuek eragiten dituzten ondorio ekonomikoen eta giza sufrimenduaren gainean kontzientzia pizteko.
Bestalde, larrialdi- eta laguntza-zerbitzuek egiten duten lan garrantzitsua aitortu nahi da, eta ekintzak sustatu nahi dira, etorkizunean errepideetako tragediak prebenitzeko. Egun horrek bizitzaren hauskortasuna eta bide-segurtasunaren garrantzia gogorarazteko balio izan du ezarri zenetik.
Aurten, 2024ko azaroaren 17an, Errepide Ezbeharren Biktimak Oroitzeko Mundu Eguna ospatuko da. Hausnarketa, elkartasuna eta ekintza bultzatuko ditu egun horrek.
STOP ACCIDENTES eta beste zenbait erakunde eta laguntza-taldek bat egin dute mundu osoan jarduerak antolatzeko. Ildo horretan, omenaldi-ekitaldiak eta kontzientziazio-kanpainak antolatu dituzte, besteak beste. Helburua argia da: halako istripuetan bizitza galdu dutenak gogoratzea eta errepidean etorkizun seguruagoa lortzearen alde egitea.
Aurtengo gaiak prebentzioa eta hezkuntza ditu ardatz. Bide-segurtasuneko adituek nabarmentzen dutenez, neurri zorrotzagoak eta eraginkorragoak ezarri behar dira ezbehar-kopurua murrizteko. Horren barruan sartzen dira segurtasun-uhalaren erabilera sustatzea, kontzientzia piztea alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeak dituen arriskuei buruz, eta abiadura-mugak errespetatzearen garrantzia zabaltzea. Horretaz gainera, azpiegitura seguru eta irisgarrietan inbertitzeko deia egiten zaie gobernuei, bai eta biztanleriaren sektore guztietara iristen diren hezkuntza-kanpainak bultzatzekoa ere. Teknologiak ere garrantzi handia du; gidariari laguntzeko sistemetan izaniko aurrerapenei esker, badirudi errepideak seguruagoak izango direla etorkizunean.
Oroitzapen-egun honetan, funtsezkoa da gutako bakoitzak geure gidatzeko moduari eta ohiturei buruz hausnartzea. Bide-segurtasuna guztion erantzukizuna da, eta gure jokabidean egiten dugun aldaketa txiki orok alde handia eragin dezake. Gogora dezagun giza faktoreak eragiten dituela errepide-ezbeharren % 70 eta % 90 bitarte.
Espainian ere egoera kezkagarria da. Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emaniko datuen arabera, 2023an 1.100 pertsona hil ziren Espainiako errepideetan. Aurreko urteekin alderatuta beherakada txiki bat izan bada ere, onartezina izaten jarraitzen du.
2024an, 850 pertsona hil dira zirkulazio-istripuetan orain arte. Horrek esan nahi du asko dagoela oraindik ere egiteko, bide-segurtasuna hobetzeko ahaleginak egiten ari diren arren.
