justicia
Itzuli

2024ko martxoaren 20tik aurrerako LEKUKOTZA-PROZEDURA BERRIA LAN-ARLOKO JURISDIKZIOA ARAUTZEN DUEN LEGEAN

Justizia, funtzio publiko, toki-araubide eta mezenasgoko zerbitzu publikoaren arloan Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betearazteko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 19ko 6/2023 Errege Lege Dekretuak, prozesuekin loturiko beste zenbait berrikuntzaren artean, neurri jakin batzuk jasotzen ditu lau jurisdikzio-ordenetako prozesu judizialak arintzera eta prozesu horien eraginkortasuna hobetzera bideraturik, kasu guztietan ere bermerik handienekin. Neurri-sorta horri esker, epaitegiek eta auzitegiek arrazoizko denboran erantzun ahalko diote herritarrek eskaturiko babes judizialari. Errege Lege Dekretuak lege hauek aldatzen ditu: urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea, Prozedura Zibilari buruzkoa; urriaren 10eko 36/2011 Legea, Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duena; uztailaren 13ko 29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena; eta, neurri txikiagoan, Prozedura Kriminalaren Legea. Aldaketa horien xedea da bizkortze- eta efizientzia-neurriak ezartzea auziak izapidetzerakoan, auzitegien ebazpen-denbora ahal den neurrian murrizteko, alferrikako izapideak saihesteko, eta segurtasun juridikorik eza sortzen duten akats teknikoak argitzeko. Ez dira galduko justiziara jotzen dutenen bermeak, eta ez zaie bermeoi uko egin beharko, ezta oinarrizko berehalakotasun- eta ahozkotasun-printzipioei ere.

Hori horrela, nabarmendu behar da administrazioarekiko auzien eremuan lehendik martxan dagoen lekukotza-auziaren eta efektuen hedapenaren teknika ezartzen dela arlo zibilean eta lan-arloan. Horren xedea da gure sistemak tresna egokiak izatea, sektore jakin batzuetan oso pisu handia duen masako auzibideak bizkorrago ebatzi ahal izateko.

Esparru zibilean eta administrazioarekiko auzien esparruan bezalaxe, lan-arloko jurisdikzioa arautzen duen legean ere egituratzen da lekukotza-prozedura, hain zuzen ere, lege haren 86 bis artikuluan (prozesu arruntari buruzko II. liburuko I. tituluko II. kapituluaren barruan).

Era berean, bi artikulu berri gaineratzen dira, 247 bis eta 247 ter, epaiak betearazteari buruzko IV. liburuko I. tituluko I. kapituluko bigarren atalaren barruan.

Arautze horrekin, bi prozesu-izapide sartu nahi dira: bata, lekukotza-prozedura —hau da, abian den prozedura judizial bat edo batzuk etenda geratzea erabaki judizial baten bidez, harik eta lehentasunezko prozeduran emandako epaia irmoa atera arte—; eta, bigarrena, epai irmoa izan ondoren, alderdiei aukeran uztea nola jokatu nahi duten —auziari berriro ekitea, bertan behera uztea, edo ondorioak azkar zabaltzeko bideren batera jotzea—. Bestalde, ondorioak hedatzeak esan nahi du ebazpen judizial irmo baten ondorioak zabaldu ahal izango direla prozedura judizial bat abiarazi ez duten beste pertsona batzuengana ere, baldin eta haien banakako egoera juridikoak epai irmo bidez aitortutako egoeraren identitate substantziala badu.

Era berean, gai hori jurisdikzio zibilerako ezarritakora egokitzeko, aldatu egiten da 191.3 b) artikulua, erregutze-errekurtsoaz baliatu ahal izan dadin auzialdian eman diren eta ondorioak hedatzeko aukera duten epaien kasuan.

Susana Castaños del Molino


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak