Garbiñe Urrutikoetxea Zabala elkarrizketa
Itzuli

25 urte, Bilbo berriaren ikonoaz geroztik: Guggenheim Museoak 25. urteurrena ospatzen du

Garbiñe Urrutikoetxea Zabala elkarrizketatu dugu, Bilboko Guggenheim Museoko Giza Baliabideen eta Kalitatearen zuzendaria eta Mutualiako Zuzendaritza Batzordeko idazkaria.

Guggenheim Museoa 1997ko urrian iritsi zen Bilbora. Zergatik Bilbo? Eta hirian zer ondorio izan dute museoa sortzeak eta 25 urte hauetan izandako ibilbideak?

Museoa Euskadiren ekonomia suspertzeko prozesuan laguntzeko helburuarekin sortu zen. 1980ko hamarkadaren amaieran zenbait euskal administraziok hasitako jarduera-multzo baten zati izan zen. Jarduera horien bidez, Bilboren oinarri ekonomikoa industria tradizionaletik harago dibertsifikatu nahi zen, garai hartan krisi sakon batean murgilduta baitzegoen, eta ardatz atlantikoko eskualdeen erreferentziazko gune bihurtu nahi ziren Bilbo eta metropoli-eremua.

Une hartan, hiria egoera ekonomiko kritikoan zegoen, gatazka sozial etengabeetan nahasita, eta Bilbok bere etorkizuna birplanteatu behar zuen. Administrazio publikoak modernizatzeko ekintzak ezinbestekoak izan ziren: metroa, itsasadarraren saneamendua, Abandoibarreko hiri-berroneratzea…

Ingurumari horretan, Museoa proiektu nabarmen eta polemikoenetako bat izan zen. 1997an inauguratu zen, mundu mailako oihartzunarekin, eta arte eta arkitekturarako aparteko ekarpen bihurtu zen. Museoa gai izan zen hiriaren eraldaketa sakona indarrez abiarazteko, eta baikortasun- eta itxaropen-dosi handiak ekarri zizkien herritarrei, beste edozein ekimenen gainetik. Hala, Bilboko biztanleen harrotasunaren ikono bihurtu zen.

25 urte hauetan Museoak bizirik mantendu ditu harro egoteko arrazoi haiek. Hasierako berritasunaz harago, inaugurazioarekin izandako boomaren ondoren, proiektua lehen mailako arte-espazio gisa finkatu da, nazioarteko instituzio onenen mailako programazioa aurkeztu baitu kalitatean eta helmenean.

“Nahitaez bisitatu beharreko tokia da, eta Bilbo bere erakargarritasuna zabaldu eta munduaren aurrean konplexurik gabe aurkezten den hiri bihurtu da, eta nazioarteko mapan merezitako tokia eskatzen du.”

Gaur egun zaila izango litzateke Bilbo Guggenheim gabe imajinatzea, ez bakarrik lehen mailako eskaintza kulturala edukitzera ohitu garelako, edo eraikina itsasadarreko paisaiaren berezko zati dela sentitzen dugulako, baizik eta ia umezurtz geratuko ginatekeelako, harrotasuna eta baikortasuna galduta.

Museoaren misioan jasota dago kultura-ondare garrantzitsua eraikitzeko eta gizartera hurbildu ahal izateko ardura. Nola bideratzen duzue jarduera pertsonen onura bilatzeko?

Sortu zenetik, Museoaren helburua lehen mailako arte-bilduma eraikitzea eta artea gizarteratzen laguntzea izan da.

Alde batetik, pixkanakako inbertsioen bidez, 145 lan biltzea lortu da. Bilduma gaztea denez, oraindik kopuru txikia da, baina arte modernoko goi-mailako lanen multzoa osatzen du dagoeneko. Ondare kultural hori hurrengo belaunaldiei utziko zaien ondare handia da, goza eta ikas dezaten.

Baina bildumazaletasunaz harago, Museoak artea eta horren balioak gizarteari hurbiltzeko konpromisoa du. Erabat sinetsita gaude artearen balio humanistikoek onura indibidualak eta sozialak ekartzen dituztela, desberdintasunak errespetatzen, ulertzen ez dugunarekin enpatizatzen eta elkarrengandik hurbilago sentitzen irakasten digutelako. Batzuetan ilun eta gatazkatsua den mundu batean, Museoa bizikidetzarako, gogoetarako eta pentsamendu kritikoa eta gozamena bultzatzeko gunea da.

“Hasieratik oso argi izan dugu bisitariek egon behar zutela Museoaren kudeaketaren erdigunean.”

Museoek elkartzeko, trukerako, ikasteko eta entretenitzeko leku bihurtzeko xedea dute. Horregatik, bisitarien lehentasunetara adi egon behar dugu: haien gustuak eta premiak funtsezko informazio-iturriak dira gure kudeaketan. Ikusleak askotarikoak dira, eta, hortaz, era askotako gauzak eskatzen dituzte, eta ez programazioari dagokionez bakarrik, baizik eta bisitaren esperientziari dagokion guztian. Hala, erakusketa erakargarriak eta kalitate handikoak eskaintzeaz gainera, aisialdirako aukera zabala eskaintzen zaie: dendako produktuak, jatetxeak, erlaxatzeko eta sozializatzeko guneak… eta, nola ez, hori guztia albait modu bizkor, irisgarri eta erosoenean.

“Hain da handia bisitariei entzuteko dugun interesa, ezen zenbait bide jartzen baitizkiegu eskura, beren iritziak, hobetzeko proposamenak, esperientziaren balorazioa… helaraz diezazkiguten. Ildo horretan, proiektu bat ere jarri dugu abian, bisitan sortu diren sentimenduak ezagutzeko eta kolektiboki mapa emozional bat eraikitzeko aukera ematen diguna.”

Ziurtagiri hauek erantzuten al diote ingurune sozial eta ekonomikoarekiko konpromisoari?

Egia da askotariko ziurtagiri ugari eskuratzeko prozesua egin dugula (kudeaketa-sistemak, osasuna, berdintasuna eta aniztasuna, euskararen sustapena, gardentasuna, ingurumen-jasangarritasuna eta abar). Baina ziurtagiri horiek ez lukete inolako baliorik izango, baldin eta ez baliote uste irmo bati erantzungo: horiek eskuratzeko aplikatu beharreko politika eta ekimenak beharrezkoak eta onuragarriak izatea halako proiektu bat zuzentzeko.

“Ez da hain garrantzitsua ziurtagiri-kopurua, baizik eta zein den gure buruari joko-arau zorrotzak ezartzera eramaten gaituen konpromiso sozial, ekonomiko eta are etikoa.”

Garbine-URRUTIKOETXEA

Ziurtagiri horiek lortzeko eta segimendua egiteko baliabide eta denbora asko eskaini behar dira, eta haien helburua zenbait adierazle eta neurketa izatea da, gogoraraziko digutenak ez dugula konplazentzian erori behar. Geure burua ondo ezagutzera eramaten gaituzte, eta lagungarriak dira egiten ari garen bikaintasunerako bidean zenbait eremutan dugun hobekuntza-marjina identifikatzeko.  

Oso ondo dakigu beste erakunde batzuentzako erreferentetzat har gaitzaketela askotariko arloetan, eta, beraz, jatorrian bereizgarri izan genuen espiritu berritzaile hori bizirik mantendu behar dugu.

Nola egiten die aurre Museoak etorkizuneko erronka estrategikoei?

Urte zailak atzean uzten ari gara pixkanaka. Osasun- krisiak eta Ukrainako gerrak, azken hilabeteetako gertaera soziopolitiko kritikoetako batzuk aipatzearren, argi eta garbi utzi digu mundu ezegonkor eta globalki konektatuan bizi garela. Ziurgabetasuna eta zalantza erakundeen kudeaketan sartu beharreko osagaiak izango dira.

Zorionez, 2022. urtean bisitari-kopurua nabarmen igo da, eta jarduera bizia izan dugu Museoan. Horrek itxaropena ekarri digu eta etorkizunarekiko ilusioa itzuli digu.

“Uste dut datozen urteetako erronkei konfiantzaz eta baikortasunez egingo diegula aurre, konpromiso berrituarekin, Museoaren lehen 25 urteen ondoren, eta jakinik erakunde gisa malguak, moldagarriak eta bizkorrak izan behar dugula gure erantzunetan, gure ingurunean motor kultural eta ekonomikoa izaten jarraitzeko.”

Lotutako berriak