ALTAK ETA HAIEK AURKARATZEAREN ERAGINAK – AURKARATZE JURISDIKZIONALAK
Pentsiodunen eskubideak hedatzeko, genero-arrakala murrizteko eta pentsio-sistema publikoaren jasangarritasun-esparru berri bat ezartzeko premiazko neurriei buruzko martxoaren 16ko 2/2023 Errege Dekretuak aldaketak egin ditu Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 170. artikuluan; arau horrek Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari (GSIN) aitortzen dio 365egunetik gorako aldi baterako ezintasuneko prozesuetan mediku-alta emateko eskumen esklusiboa, edozein dela ere haiek eragin dituen kontingentzia.
Arauaren aldaketaren eraginez, GSINeko ikuskaritza medikoek erabakiko dute mediku-alta eman ala ez, eta berariazko luzapen-ebazpenak emateko legezko aurreikuspena kendu da. Baldin eta 365 egunak igaro ondoren ez bada ematen mediku-altarik, aldi baterako ezintasuneko prozesua luzatu egin dela joko da, eta ez da beharko berariazko adierazpenik; aldi horretan, enpresa-kotizaziorako betebeharrak jarraituko du.
GSINeko ikuskaritza medikoak mediku-alta eman ostean, aukera dago, arauan zehazten denez, haren aurka egiteko, dagokion prozeduraren bidez. Desadostasuna formulatze hutsak aldi baterako ezintasunaren eraginak luzatzea (gehienez ere hamaika egun natural) eragiten du, GSINek mediku-altaren baliogabetzea onartzen duen edo ez alde batera utzita.
365 egunetik gorako aldi baterako ezintasuneko prozesuetan GSINek igorritako mediku-alta egoitza judizialean aurkaratzeko, ez da beharrezkoa desadostasun-prozedura hastea, Lan Arloko Epaitegian eska baitaiteke zuzenean, Lan Arloko Jurisdikzioa Arautzen duen Legearen 140.1 artikuluan zehazten denez. Eskaera zuzenean eginda, aldi baterako ezintasuna ez da luzatuko desadostasun-prozedura izapidetze hutsagatik. Beraz, kasu horietan, GSINek igorritako alta berresten badu epaiak, haren eraginak alta igorri zen datari egokitu behako zaizkio.
Adierazitako errege-dekretuaren bidez Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 170. artikuluan egin den aldaketaren harira, GSINek 12/2023 zk.-ko Kudeaketa Irizpidean argitu du GSINeko ikuskaritza medikoak mediku-altaren berariazko ebazpena jakinarazten duenean planteatu beharko dela desadostasuna. Hala, une horretan hasiko da zenbatzen desadostasuna Osasun Zerbitzu Publikoaren ikuskaritza medikoari (ez GSINen ikuskaritza medikoari) formalki planteatzeko lau egun naturaleko epea. Lehenago adierazi denez, prozedura hori hasteak eragiten du aldi baterako ezintasunaren eragina muga baten barruan hedatzea, baina ez da halakorik gertatuko izapide horiek hasi ordez eskaera zuzenean egiten bazaio lan-arloko jurisdikzio sozialari.
Iñaki Esnal Zalakain
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
