2023/01/02an indarrean jarriko den Errege Dekretu honek bi erregelamendu orokor aldatzen ditu: Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari, eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorra, eta Kotizazioari eta Likidazioari buruzko Erregelamendu Orokorra. Xedea da gradualki ezartzea LAAB kotizazio-sistema berri bat, jardueraren diru-sarreren arabera.
Une honetan, Errege Dekretu honek forma emango dion eta arautuko duen Lege Aurreproiektuaren zirriborroa zehazten ari da. Aurtengo azken hilabeteetan argitaratuko da.
Argitaratzen denean, haren laburpen xehea igorriko dizuegu.
Oro har, Errege Dekretu honek, langile autonomoei dagokienez, balioa ematen dio izapidetze elektronikoari, eta altaren eta datu-aldaketen izapideetan eman beharreko informazioa sendotzen du, zenbait datu sartuta, hala nola alta gertatzen den urte naturalean langileak aurreikusten dituen etekin ekonomiko garbien adierazpena.
Autonomoen zenbait kontingentzia estaltzeko erregimenari dagokionez, kontingentziak estaltzeko derrigortasun orokorra ezartzen du, eta zenbait salbuespen arautzen ditu, zeinetan borondatezkotasuna baimentzen den (batzuk aurreikusita daude dagoeneko; esaterako, jarduera-aniztasunak, langile autonomo ekonomikoki mendekoen kasuan izan ezik).
Era berean, Erregelamenduari gehitu zaizkio mutualitatearekiko atxikimenduaren indarraldiak (dagoeneko Lankidetza Erregelamenduaren 75. artikuluak arautzen dituenak), baita balizko mutualitate-aldaketen baldintzak eta ondorio-egunak ere.
Kotizazioari eta Likidazioari buruzko Erregelamendu Orokorrean egin beharreko aldaketei dagokienez, prima-tarifaren kotizazio-tasari buruzko erregelamenduko erreferentziak ezabatu dira, eta adierazi da, LAABen LI/GPengatiko kotizazioa egiteko, urtero Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean ezartzen den kotizazio-tasa aplikatuko dela, nekazaritzako beren konturako langileen kasuan izan ezik. Horientzat, jarduera ekonomikoei dagozkien tasen erreferentzia mantenduko da, zenbait kasutan.
Kotizazioaren hasierako oinarriak ezartze aldera, derrigorrezkoa izango da, alta eskatzen den une berean, aurreikusitako etekin ekonomiko garbien adierazpena aurkeztea.
Bestalde, lautik seira igoko da urte berean LAABeko langileek kotizazio-oinarria alda dezaketen aldien kopurua, honako ondorio-data hauekin:
a) Martxoaren 1a, eskaria urtarrilaren 1aren eta otsaileko azken egun naturalaren artean egiten bada.
b) Maiatzaren 1a, eskaria martxoaren 1etik apirilaren 30era bitartean egiten bada.
c) Uztailaren 1a, eskaria maiatzaren 1etik ekainaren 30era bitartean egiten bada.
d) Irailaren 1a, eskaria uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean egiten bada.
e) Azaroaren 1a, eskaria irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean egiten bada.
f) Hurrengo urteko urtarrilaren 1a, eskaria azaroaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egiten bada.
Hau da, langile autonomoek bi hilez behin izango dute kotizazio-oinarria aldatzeko aukera.
Hileroko kotizazio-oinarria aldatzeko eskatzeaz batera, langileek beren jarduera ekonomiko edo profesionalagatik irabaztea aurreikusten duten etekin ekonomiko garbien adierazpena egin beharko dute.
