empleada de hogar
Itzuli

893/2024 Errege Dekretua, familia-etxeko zerbitzuaren eremuan segurtasunaren eta osasunaren babesa arautzen duena 

Lan Ministerioak etxeko langileen laneko arriskuen prebentzioa hedatzen duen arau bat onartu du. Arauaren helburuak dira, alde batetik, haien laneko segurtasuna handitzea eta, bestetik, segurtasunari dagokionez, enplegatzaileen erantzukizuna areagotzea. Estatuak araudia betetzen lagunduko du. 

Arau berria honako puntu hauen bidez azter dezakegu: 

1-Enplegatzaileen betebeharrak 

Lege berriak derrigortu egingo ditu enplegatzaileak langileek jardungo duten etxeen arriskua aurretik ebaluatzera, egon litezkeen lan-arriskuak detektatzeko. Espazio horiek ebaluatzeko, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalak (LSOIN) diseinatuko duen tresna bat erabiliko dute (tresna zehazteke dago).  

Bestetik, enplegatzaileak doan eman beharko dizkio langileari «bere egitekoak behar bezala egin ahal izateko behar dituen laneko tresneria eta babes-ekipamendu indibidual egokiak», eta material horiez berriro hornitu beharko du langilea hala behar denean. 

2-Indarkeria-egoerei eta arrisku larri eta berehalakoei aurre egiteko protokoloak 

Familia-etxeko zerbitzuaren aurkako indarkeria- eta jazarpen-egoerei aurre egiteko jarduketa-protokolo bat ezartzea ere aurreikusten du lege berriak. Errege-dekretua argitaratu eta urtebeteko epea izango du LSOINek prozedura hori eratzeko. Hala, indarkeria edo jazarpena jasateagatik etxetik alde egitea ezingo da dimisiotzat hartu, eta ezingo da langilea kaleratzeko arrazoi izan. 

Gainera, arau honek arrisku larri eta berehalakoen aurrean jarduera gelditzeko eskubidea arautzen du eta, beraz, hori egiteak ezingo dio langileari inongo kalterik eragin. 

Horrez gain, etxean arrisku larri eta berehalakorik egonez gero, horren berri emateko eta beharrezko neurriak hartzeko betebeharra izango du enplegatzaileak eta, arriskuak jarraitu bitartean, ezingo die langileei lanera bueltatzeko eskatu. 

3-Prestakuntza eta doako azterketa medikoak 

Bestetik, Osasun Sistema Nazionalak (OSN) azterketa medikoak borondatez eta doan egiteko aukera eskainiko die langileei. Hainbat etxetan lan eginda ere, azterketa mediko bakarra egingo zaie, hiru urtean behin, langilearen berariazko onespenarekin eta «haren intimitatea errespetatzeko behar bezalako bermeekin». 

Halaber, etxeko lanei lotutako arriskuei buruzko prestakuntza jasotzeko eskubidea izango dute langileek. 

Nahiz eta hainbat etxetan lan egin, prestakuntza bakarra jasoko dute eta, ahal dela, lanorduetan. Hala egin ezin bada, lanorduetatik kanpo jasoko dute prestakuntza, baina hari dagokion atseden-denborarekin konpentsatu beharko da. Prestakuntza-programa hau Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (EEZP) finantzatuko du eta Enpleguan Prestatzeko Estatuko Fundazioak kudeatuko du (FSP). 

Hala ere, legean adierazi bezala, etxerako langileak kontratatzen dituzten familiek ez dute, printzipioz, bestelako gasturik bere gain hartu beharko, baldin eta zerbitzua ematen dien asegururik kontratatu nahi ez badute. 

4-Etxean laguntzeko enpresak 

Arauaren arabera, etxeko laguntzako langileak enplegatzen dituzten enpresak behartuta daude laneko arriskuen ebaluazio oso bat egitera. Ebaluazioa egintzat hartuko da baldin eta langileak jardun behar duen etxe guztietan «arriskuak aurrez aurreko bisita bidez egiaztatu eta ebaluatu badira». 

Halaber, enpresa derrigortuta dago babes-maila egokia bermatzeko beharrezko neurriak hartzera, besteak beste: kargak manipulatzeko bitarteko mekanikoak erabiltzea, zereginak egiteko langile gehiago kontratatzea edo etxe batetik besterako atseden-tarteak luzatzea. 

5-Indarrean jartzea 

LSOINek hamar hilabeteko epea izango du lantokiko arriskuak ebaluatzeko tresna sortu eta etxeen eskura jartzeko. Dena dela, lege berri honek arriskuen prebentzioaren arloan jasotzen dituen betebeharrak ez dira galdagarriak izango —hau da, ez dira indarrean sartuko— 2026ko urtarrilera arte. 

LSOINek ere hamabi hilabeteko epea izango du eskubide eta betebeharrei buruzko informazio guztia biltzen duen gida tekniko bat sortzeko.  

Halaber, itxaron egin beharko da EEZPk prebentzioari buruzko prestakuntza-jarduerak abian jartzeko ebazpen bat eman dezan. 

Eta Osasun Sistema Nazionalaren baitan azterketa medikoak egitearekin lotutako arau-aurreikuspenak garatu ondoren soilik izango da aplikagarria. 

Lotutako berriak