ABL_equipo_hall
Itzuli

A&B Laboratoriosek 20 urte bete ditu

Isabel Acevedo elkarrizketatu dugu (Produkzio-zuzendaria eta LSO)  A&B Laboratorios 2001ean sortu zen. Nola sortu zen enpresa, eta zein da bere jarduera nagusia? 

A&B Laboratorios de Biotecnología 2001ean sortutako familia-enpresa bat da eta helburu hau du: ohiko produktu kimikoak baino seguruagoak diren eta ingurumenaren gainean eragin txikiagoa duten produktu kimiko eta bioteknologikoak diseinatzea, fabrikatzea eta merkaturatzea. Hori lortzeko, 33 pertsona ari gara lanean egunero. Horietatik zazpik profil teknikoa dute eta I+G+b unitatea osatzen dute, zortzi produkzio-lanean aritzen dira, eta, gainerakoak, lan komertzialetan eta jardueraren euskarri-lanetan dihardute. Nazio mailan hasi zen enpresa hark arreta handia bereganatu du nazioarteko merkatuetan, eta 20 herrialdetan presentzia dauka gaur egun. 

Enpresari zer ondorio ekarri dizkio pandemia-urte honek, eta zer prebentzio-neurri hartu dituzue? 

Pandemia-urte hau oso gogorra izan da, bi arrazoi direla-eta: osasun-egoera eta horrek gugan sortu duen erronka. Izan ere, premia-premiazko desinfektatzaileen eskari biziki handiari erantzuna eman behar izan zaio, arazo eta ziurgabetasun handiko hornidura-kate baten bidez. Merkatuari begira, agertoki ezberdinak etengabe aztertzeari esker eta zailtasunak zailtasun, gure baliabideei ahalik eta etekinik handiena ateratzen ahalegindu gara, gure bezeroei eta gure sare komertzialari erantzunik hoberena emateko. 

Ahalik eta ingurunerik seguruenean lan egiteko xedez, prebentzio-neurriak hartu ditugu enpresa barruan: kontingentzia-plana, COVID-19aren aurkako neurriak, lan-talde espezifikoak sortzea, garbiketa- eta desinfekzio-plana egokitzea, etab. Emaitza onak lortzeaz gain asko ikasi dugu urte honetan

A&B Laboratoriosek pertsonekin eta ingurunearekin konpromiso sendoa dauka, baita ingurumenaren aldeko apustu garbia ere. Ingurumenarekin errespetua gordetze aldera, zer neurri hartzen dituzue zuen produktuekin lan egiten duzuenean? 

Sinetsita gaude gakoa zera dela: produktuaren diseinu-faseko erabakitze-prozesuan segurtasuna eta ingurumena txertatzea, eta, hori, produktuaren bizi-ziklo osoa kontuan hartuta. Hala, hauek denak kontuan hartzen ditugu: lehengaiak (horien eskuratzea, jatorria, arriskugarritasuna, zer ontzitan datozen), plantan produzitzen dugun modua eta produktuaren nahiz erabilitako ontzien garraioa, erabilera eta bizi-amaiera. Diseinu-fasean hori dena modu sistematiko eta kuantifikatuan kontuan hartzen badugu, prototiporik seguruena eta eraginik txikiena duena hautatu ahal izango dugu. Ekodiseinu-sistematizazio hori aplikatuz, kalitate benetan altuko produktuak garatu ditugu, eragin minimoa sortzen dutenak eta merkatuan oso onarpen ona daukatenak. 

Era berean, komunikazioan ahalegin handia egiten dugu, helburu hauekin: alde batetik, ingurumen-informazioa hornidura-katean zehar transmititzea, eta, bestetik, produktuen erabilera haien diseinuaren araberakoa izatea. Adibidez, ez du ezertarako balio erabileran 2 ml eskatzen dituen produktu garbigarri bat diseinatzea, erabiltzaileak dosifikazio hori bikoiztu egingo badu: eragin kaltegarria txikitzeko ahalegin guztia zakarrontzira doa. Hori dela eta, gure iritziz, gure ardura da produktua modu egokian erabiltzeko komunikazio eraginkorra sortzea ere. 

2018an, A&B Laboratorios enpresak Europako Ingurumen Saria irabazi zuen, garapen jasangarrirako kudeaketaren mailan. Zer eman zizuen aitorpen horrek? 

Lehenik, bultzada emozional bat izan zen, gure negozioa ulertzeko modua sendotu zuena, eta bide horretan aurrera jarraitzeko energiak eman zizkiguna. Pozgarria da jakitea zure lana eta ahaleginak hain modu nabarian aintzat hartzen direla. Gainera, gure produktuarentzako erakusleiho moduko bat izan zen nazioartean; horrek onura handia sortu digu alderdi komertzialean. 

Zein dira enpresaren helburu nagusiak jasangarritasun aldetik? 

2021. urte honetarako jasangarritasun-plan bat garatu dugu, honako faktore hauekin lotutako helburuak ezartzen dituena: balio-katea mapatzeagarapen jasangarrirako helburuak (GJH) estrategian txertatzea, jarraipena egitea, barne- eta kanpo-komunikazioa garatzea, trakzio-lana egiten duten eragileekiko lankidetza-proiektuak sustatzea eta salmenta-sailari laguntzea, erantzukizun sozialeko alderdiak komunikatuz. 

Nola txertatu dituzue GJHak estrategian? 

Txertatze-prozesua duela bi urte baino gehiago hasi zen, orduan, GJHekiko gure egoera zein zen aztertu eta diagnostikatu baitzen, gure jarduerak zein helbururekin egiten zuen talka jakiteko asmoz. Fase horren ondoren, gure helburu estrategikoak GJHekin erlazionatu genituen. Horri esker, gai gara irudikatzeko nola egiten duten talka gure helburu pertsonalek eta tokiko helburuek helburu globalekin. Urte honetan zehar, GJHak kudeaketa-planetan txertatuko ditugu. Horrela, garatu ahala, erakunde osoaren osagarri bihurtuko dira. 

Nola lortzen duzue garapen jasangarriko helburuak eguneroko jardueran zuen langileei helaraztea? 

Alde batetik, komunikazioko eta sentsibilizazioko barne-kanpainekin, erakundeko kide guztiok GJHak ezagut ditzagun, eta, gure jarduera profesionalarekin, baita etxeko esparruan egiten ditugun ekintzekin ere, lot ditzagun. Eta, bestetik, GJHak erakundearen estrategian txertatuta egotearen emaitza gisa —arlo eta prozesu bakoitzean—, gure eguneroko planen eta ekintzen parte izatera igarotzen dira.  

Zein erronka dituzue etorkizunari begira? 

Erronka nagusia zera da: José Luis Gutiérrez gure sortzaileak markatu zigun bidean aurrera jarraitzea, eta nazioko nahiz nazioarteko merkatuan berrikuntzan eta erantzukizunean erreferentzia izaten jarraitzea, aldi berean gure lehiakortasunari eta gure konpromisoari (bezeroekiko, gizartearekiko eta ingurumenarekin) eutsiz.  

ABL_equipo_hall

Lotutako berriak