Oporraldia garai bikaina da erlaxatzeko eta hondartzaz eta mendiaz gozatzeko edo hirietan paseatzeko. Azken horri dagokionez, hiriez gozatzeko, Zirkulazio Araudia aldatu da, eta abiadura-muga berriak jaso ditu.
Hiri horietan, erabiltzaile zaurgarrienek (hala nola oinezkoek, bizikletek eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek) gero eta leku gehiago irabazi dute, eta haien segurtasuna gero eta beharrezkoagoa da. Alderdi horiek ez zeuden ziurtatuta aurreko abiadura-mugekin. Beti hain garrantzitsua den pedagogia eginda azaldu daiteke arau berri horren zergatia. Erabiltzaile zaurgarri horiek auto batekin talka egitearen ondorioz hiltzeko probabilitatea bost aldiz handiagoa da 30 km/h-ko abiaduratik 50 km/h-ko abiadurara pasatzen denean. 60 km/h-ko abiaduran zirkulatuz gero, hiltzeko probabilitatea % 85ekoa da; 40 km/h-ko abiaduran arriskua % 45 ingurura jaisten da, eta 30 km/h-ko abiaduran, % 5era. Ezberdintasunak oso adierazgarriak dira eta ondorioa argia da: neurri honek heriotzak ekidingo ditu. Ba al dago bizitza baino garrantzitsuagorik?
Gainera, hiri arteko bideetako hilkortasun-datuetan ez bezala, non neurriak eraginkorrak izaten ari diren (% 4,7ko urteko beherakada azken 10 urteetan), hirietan egoerak bere horretan jarraitzen du (% 0,4 soilik urtean, aipatutako aldian). Baina alarma guztiak piztu dira azken 4 urteetako datuak ikusita, hildakoen kopuruak gora egin baitu (59 hildako urtero, batez beste).
Bi faktorek azaltzen dute datu kezkagarri hori: alde batetik, erabiltzaile zaurgarrien kopurua igotzeak, eta, bestetik, biztanleriaren zahartze progresiboak.
Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, motozikletak eta bizikleten erabilera masiboa agertzearen ondorioz, erabiltzaile zaurgarrien kopuruak modu esponentzialean egin du gora azken urteotan, baita oinezko mugikortasunarekiko atxikimendua ere. Mugikortasun hori oso osasungarria da denontzat, baina zabalduagoa dago 65 urtetik gorako biztanleen artean (gaur egun biztanleen % 19 dira). Gainera, etorkizunean, litekeena da erabiltzaile zaurgarri horien kopurua nabarmen handitzea hiri-zirkulazioan; hortaz, gehieneko abiadura 30 km/h-ra mugatu beharra zegoen noranzko bakoitzeko errei bat duten bideetan, eta 20 km/h-ra plataforma bakarra duten bideetan. Horrela, automobilistak, motor-gidariak, txirrindulariak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gidariak eta oinezkoak segurtasunez bizi ahalko dira elkarrekin. Eztabaidaezina da istripu gutxiago egongo direla eta ez direla horren kaltegarriak izango.
Azaldutako guztia gutxi balitz, beste ohar bat: abiadura txikiagoan CO2 gutxiago isuriko dugu.
Nora garamatzate Zirkulazio Araudiaren erreforma hauek?
Bada, argi eta garbi, Europako administrazioen eta estamentuen arteko lankidetzarako apustu irmoa dira, hiri atseginagoak, seguruagoak eta, batez ere, osasungarriagoak sortzeko. Oinezkoentzako espazioak sustatuko dira, eta gozamena, merkataritza, eta, beraz, Hiri Hobeak bultzatuko dira.
