RECEMA-WEB.jpg_2142931170
Itzuli

Irailaren 30ra arte eman dezakete alta RED sisteman langile autonomoek

Izapideak elektronikoki egin beharko dituzte, urriaren 1etik aurrera jakinarazpenak jaso eta sinatzea barne.

Norberaren konturako langile horiek Datuak Bidaltzeko Sistema Elektronikoan (RED sistema) sartu beharko dute ordutik aurrera, eta, beraz, bide horretatik egin beharko dituzte afiliazioarekin, kotizazioarekin eta kuota-bilketarekin loturiko izapideak. Derrigortasun horrek jakinarazpenak jasotzea ere barne hartzen du, beraz, horiek kontsultatu eta sinatzeko, Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoko (GSEE) dagokion zerbitzuan sartu beharko dute.

Hori bera xedatzen du ESS/214/2018 Aginduak, martxoaren 1ekoak; sei hilabeteko epea ematen du (apirilaren 1etik urriaren 1era) norberaren konturako langileak izapideak egiteko sistema honetara egoki daitezen. Eginbehar hori betetzeko, izapideak hiru eratara kudeatu daitezke: REDen baimendutako baten bidez, zuzenean Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoan (GSEE) edo aurrez aurre.

Nori eragiten dio 2018ko martxoaren 1eko ESS/214/2018 Aginduak?

Zehazki, honako hauei eragiten die: norberaren konturako langileei, Nekazaritzako Langileen Sistema Berezian (NLSB) izena eman duten pertsonei eta Itsasoko Langileen Araubide Bereziko I. taldeko pertsonei.

Autonomo naizen heinean, zer betebehar berri ditut?

Ministro Aginduak xedatzen du elektronikoki kudeatu behar direla afiliazioarekin, kotizazioarekin eta kuota-bilketarekin loturiko izapide guztiak. Horrek, GSEEan agertuz, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren jakinarazpenak eta komunikazioak jasotzea barne hartzen du.

Noiztik aurrera?

2018ko urriaren 1etik aurrera egongo da indarrean betebeharra, egun horretan eraginpeko araubideetan alta emanda dauden pertsona guztientzat. Aldez aurretik ez da posta bidez betebehar horren inguruko jakinarazpenik bidaliko.

Non kudeatu ditzaket Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekiko izapideak?

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak (GSDO) bi bide elektroniko eta aurrez aurreko bat ditu, eta langileek bide horien bidez egin ditzakete kudeaketak:

Elektronikoak:

•             RED sistema (Datuak Bidaltzeko Sistema Elektronikoa). Sistema horren bidez, RED sisteman baimena duen pertsona derrigortuta dagoen pertsonaren ordezkaria izango da. Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoan (GSEE) daude RED sistemako baimen bati langile autonomoaren afiliazio-zenbakia (AZ) esleitzeko edo esleipena kentzeko zerbitzuak.

•             Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoa (GSEE). Langile autonomoak GSDOarekiko izapideak zuzenean GSEEan eskuragarri dauden hainbat zerbitzu elektronikoren bidez egiteko aukera dauka. Zerbitzu batzuek eskaerak Erregistro Elektroniko bidez (EE) aurkezteko aukera ere ematen dute.

Aurrez aurrekoa:

FR 103 ereduaren bidez: «RED sistemaren eremuan afiliatu baten (AZ) ordezkari gisa jarduteko baimena».

Kasu horretan, Mutualiak kudeaketa erraztuko dizu: FR 103 eredua PDF dokumentu batean emango dizu, atxikitako Excel dokumentuan agertzen diren pertsonen datuak jarrita.

Jar zaitezte harremanetan Mutualian normalean zuen kudeaketa-lanak egiten dituen pertsonarekin eta eman iezaiozue Excel dokumentua eskatzen dizkizuegun datuekin. FR 103 ereduaren PDF dokumentuak itzuliko dizkizue, eremuak beteta, GSDOan aurkeztu ahal izateko.

Lotutako berriak