Mutualiak Osasun Digitalaren Nazioarteko IX. Kongresuan parte hartu du, UPV/EHUren udako ikastaroen barnean. Donostian izan da ekitaldia, irailaren 12tik 16ra bitartean, eta hainbat erakundek osasun digitalari buruz dituzten ezagueren eta esperientzien berri eman dute, tresna digital berrien bidez osasun arretaren kalitatea hobetzeko xedez.
Irailaren 16an, mahai-inguru bat egin da, Health 2.0 Basque guneak moderatuta, eta, mahai-inguru horretan, hainbat erakundek beren berrikuntzak aurkeztu dituzte, besteak beste, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteak, Init Taldeak eta Vicomtech zentroak, Multiverse Computing konpainiak, Panel Health-ek eta Mutualiak.
“Adimen artifiziala, bajen kontrol eta jarraipenaren esparruan” proiektua aurkeztu du Mutualiak, eta proiektu horren helburu nagusia hauxe da: osasun arloko gure profesionalek erabakiak hartzeko baliabideak hobetzea eta erabakion kudeaketan laguntzea. Proiektua garatu ahal izateko, hiru fase bereizi dira:
- Datuak eskuratzea. 11 urteko datuak bildu dira, anonimizatuta, eta Mutualiako Segurtasun Batzordeak gainbegiratuta bete da zeregin hori.
- Datuen azterketa, eta eredu prediktiboa, Kaplan-Hayer estatistika eta Weibull eredu parametrikoa aukeratzea.
- Mutualiako Etika Batzordearen ebaluazioa eta ondorengo hedapena. Adimen artifizialeko programetarako printzipio eta eskakizun etikoak betetzea, eta eredua pazientearen historia klinikoan txertatzea, bai eta gure osasun langileen prestakuntza ere.
Mutualiako Informazio Sistemen arloak lanean jarraitzen du eraldaketa digitalerako prozesuan, pazienteei zuzendutako arreta-zerbitzu digitalak hobetzeko helburuarekin; bide horretan, pazienteen segurtasuna eta datuen babesa une oro bermatzen ditu. Arlo horretan, Etika Batzordea eta Pazientearen Segurtasunerako Batzordea ditu, betekizun horiek betetzen direla ziurtatzeko, bai eta AENOR erakundearen hainbat ziurtagiri ere, hala nola informazio-segurtasunari dagokiona, ISO/IEC/27001, eta Segurtasun Eskema Nazionalarekiko (ENS) adostasun-ziurtagiri berria.

