Txema Franco Barrosorekin gaude gaur. Barroso Gorabideko zuzendari kudeatzailea da, eta Bizkaiko elkarte horri buruz hitz egingo digu. 1962tik, adimen-desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien gizarteratzea eta bizi-kalitate bultzatzen ditu Gorabidek.
Gorabide aitzindaria izan da Bizkaian, beste erakunde batzuekin batera, adimen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioan. Azken urteotan, zer bilakaera izan du gizarteak pertsona horien dibertsitateari eta integrazioari buruz duen pertzepzioak?
Gizarte gisa aurrerapauso handiak eman ditugu, maila askotan. Adimen-desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aitortu dira, aukera-berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izan dadin eremu guztietan. Eta ez soilik eremu sozialetan, baita ere parte-hartze politikoan, aisialdian, kulturan, osasunean, lanean, prestakuntzan eta abarretan. Komunitatean duten parte-hartzea ikusarazten eta normalizatzen ere aurrera egin da. Eta, azkenik, inklusioan aurrera egin dugula esango nuke, baita ekarpenari dagokionez ere, nork bere aletxoa jartzen baitu Bizkaia inklusiboagoa eta solidarioagoa izan dadin.
Zer ekarpen egiten du Gorabidek adimen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioa agerikoagoa eta sozialki onartuagoa izan dadin?
Elkarte gisa, adimen-desgaitasuna duten pertsonen kolektiboa ikusgarri egiteko aukerak eta espazioak sortzeko potentziala duten ekintza komunitario guztietan inplikatzen gara. Eta hor funtsezko zeregina betetzen du gure profesionalen inplikazioak; beti erakutsiko diegu gure aintzatespena eta esker ona. Gainerakoaz haiek arduratzen dira, adimen-desgaitasuna dutenak; gizartean parte hartuz, harresiak eraisten dituzte eta onarpen soziala areagotzen dute.
Parte-hartze soziala eta aisialdi-guneetan parte hartzeko aukera izatea zutabe garrantzitsuak dira adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizitzan. Zer ekimen garatu ditu Gorabidek gizarte- eta kultura-jardueretan kolektibo horren inklusioa sustatzeko?
“Aisialdirako eta parte-hartze sozialerako eskubidea oso garrantzitsua da pertsona guztientzat, baina agian are garrantzitsuagoa da zailtasun handiak dituztenentzat.”
Gorabidek aukera inklusiboak sortu nahi ditu, eta aukera horiek ingurune komunitarioetan gauzatu daitezen saiatzen gara: zinemara joatea, txangoetan parte hartzea, zerbait hartzera irtetea, beste edozein bezalakoak diren kuadrillak osatzea, boluntariotzan jardutea eta abar. Baita errugbian, surfean edo pilotan jardutea ere, kasuan kasuko klubek antolatutako taldeetan. Futbolean eta saskibaloian talde propioak ditugu, salbuespen batekin: Genuine Ligan, Athletic Clubekin kolaboratzen dugu.
Lan-arloan, zein dira adimen-desgaitasuna duten pertsonek lan-mundura sartzeko dituzten erronka nagusiak?
“Aurrerapenak aurrerapen, adimen-desgaitasuna duten pertsonek langabezia-tasarik handiena eta jarduera-tasarik txikiena dute.”
Une honetan, hauek dira erronka nagusiak: prestakuntza-prozesuak egokitzea, lan-merkatuan sartzen laguntzeko; adimen-desgaitua duten pertsonen lan-gaitasunei buruzko sentsibilizazioa lantzea enpresetan; eta adimen-desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa eskuratzeko duten aukera orokortzea.
Badago lankidetzarik edo hitzarmenik tokiko enpresekin adimen-desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa sustatzeko?
Bizkaian, Lantegi Batuak Fundazioa sustatu zuen Gorabidek. Fundazio horrek berrogei urte daramatza Bizkaiko enpresekin lanean, eta adimen-desgaitasuna duten ehun pertsona baino gehiago sartu dira enpresa horietan lan egitera.
“Oso garrantzitsua da pertsonak zein enpresak babestuta eta lagunduta sentitzea gizarteratze-prozesuan.”
Gainera, gero eta naturaltasun handiagoz bizi da prozesu hori, ez industrian bakarrik, baita zerbitzuetan ere.
Zer eragin du laneratzeak adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizitzan, bai maila pertsonalean, bai gizartean integratzeari dagokionez?
“Euskal gizartean, lanak gure identitatearen zati garrantzitsu bat izaten jarraitzen du; eta, desgaitasuna duten pertsonen kasuan, funtsezko elementua da inklusio erreala eta eraginkorra lortzeko.”
Autoestimuaz harago doa, baita lan egiteko eta harremanak izateko gaitasunak areagotzeaz harago ere. Horregatik, oso elementu garrantzitsua izaten jarraitzen du.
Nola irudikatzen du Gorabidek adimen-desgaitasuna duten pertsonen etorkizuna Euskadin, eta zer helburu dituzue datozen urteetarako?
Imajinatzen dugun gizartean, ez da albistea adimen-desgaitasuna duen pertsona batek lana eta bizimodu independentea izatea; aisialdia atsegin duen horretan igarotzen du, eta pertsona gisa erabat garatzeko behar dituen laguntzak soilik jasotzen ditu. Gure erronka amets horiek betetzeko baldintzak sortzea da.
Amaitzeko, zer mezu bidali nahiko zenioke gizarteari inklusioak, boluntariotzak eta erakundeen babesak adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat eta haien familientzat duten garrantziari buruz?
Adierazi nahi dudan gauza bakarra da lankidetza korala behar dela adimen-desgaitasuna duten pertsonak erabat gizarteratzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko. Haiek eta haien familiek sortutako mugimendu bat, profesionalak, administrazio publikoak eta gizarte osoa biltzen dituena. Boluntarioek aparteko aipamena merezi dute. Boluntarioen parte-hartzerik gabe, pentsaezina litzateke iristen garen toki guztietara iristea: laguntza ematen dute irteeretan, oporretan, aisialdian… Esandakoa: pentsaezina. Eta, beraz, ezinezkoa da behar adina eskertzea adimen-desgaitasuna duten pertsonen eskubideekin duten inplikazioa.