Espainia Europako herrialde zahartuenen artean dago —biztanleriaren % 18,8k 65 urtetik gora ditu—, eta munduko bizitza luzeenetakoa dute hango biztanleek; izan ere, beste herrialde batzuen aldean, bizi-itxaropen handia dute (85 urte, emakumeen kasuan; eta 80 urte, gizonen kasuan).
Zenbait ikerketaren arabera, langileen % 28k 55 eta 64 urte bitarte izango ditu 2027. urte inguruan.
OMEren arabera, zahartzean, gaitasun fisikoak eta mentalak gutxitu egiten dira pixkanaka, eta galera hori lan-ingurunera eramanez gero, esan nahi du lanpostuaren eskaerei erantzuteko gaitasun funtzionalek behera egiten dutela.
Zahartzeak ondorioak ditu, bai produktibitatean, bai absentismo-indizeetan eta istripu-tasetan, langileen gaitasun funtzionala murriztu egiten baita, hau da, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko gaitasuna murriztu egiten baita.
Osasuntsu zahartzeak esan nahi du ongizatea ahalbidetzen duen gaitasun funtzionala garatzea eta mantentzea zahartzaroan ere.
Gaitasun funtzionala pertsona baten berezko gaitasunen araberakoa da, hau da:
- gaitasun fisiko eta mental guztien konbinazioaren araberakoa,
- bizi den ingurunearen araberakoa (zentzurik zabalenean ulertuta, eta ingurune fisikoa, soziala eta politikoa barne hartuta),
- eta bi alderdi horien arteko interakzioen araberakoa.
Zahartzeari dagokionez, gaur egungo helburu nagusietako bat da pertsonak luzaroago bizitzea osasun onarekin eta desgaitasunik gabe. Zahartze osasuntsua terminoaren barruan sartzen da hori, eta OMEk honela definitzen du: “zahartzaroan ongizatea ahalbidetzen duen gaitasun funtzionala sustatu eta mantentzeko prozesua”.
Horregatik, adindunek lanean maila optimoak lortu ahal izan ditzaten, bizitza-ziklo guztian egin behar dira jarduketak; izan ere, hasieratik esku hartuz gero, errazagoa izango da zahartze aktiboa izatea.
Aldaketa horiei guztiei aurre egiteko modu sinple eta eraginkor bat da muskuluak mugitzeko, berotzeko eta luzatzeko ariketak egitea, modu konstante eta sistematikoan.

Helburu horrekin, MUTUALIA ON programa jartzen du MUTUALIAk gure enpresa elkartuen eskura. Programa horren bitartez, lanpostuan artikulazioak mugitzeko eta muskuluak berotzeko eta luzatzeko errutina sinple bat egiteko ohitura zabaldu nahi dugu enpresetako langileen artean; alegia, 7-10 minutu inguruko ATSEDENALDI AKTIBO bat egiteko ohitura.
Muskuluak luzatzeko ariketek honako onura hauek ekartzen dituzte, nagusiki:
- muskuluetako zuntzak luzatzea eta pilatutako tentsioa desagerraraztea.
- koordinazioa hobetzea eta mugimendua erraztea.
- artikulazioen mugikortasuna eta muskuluen malgutasun-maila egokia mantentzea.
- lesioei aurrea hartzea, hala nola muskuluetako uzkurdurei, kontrakturei, lunbalgiei…
- lanean eta aisialdian jarduera biziak egitea ahalbidetzea, hala nola karga astunak deskargatzea, espazio txikietan edo jarrera behartuetan lan egitea, korrika egitea, igeri egitea, padelean aritzea, bizikletaz ibiltzea…
- ahalegin bat egin ondoren neketik hobeto errekuperatzea.
- langilearen pertzepzioa hobetzea, hau da, langileak bere gorputz-atalez eta haien egoeraren posizio erlatiboaz jabetzeko/sentitzeko duen gaitasuna hobetzea.
Informazio gehiago behar izanez gero, Prebentzioko Aholkularitzarekin jar zaitezke harremanetan, honako helbide elektroniko honen bitartez: prevencion@mutualia.es
