Koronabirusaren krisiak eragindako ezohiko egoera honek aurrera jarraitzen du; ondorioz, mota orotako kirol txapelketak, euskal federazioen ardurapekoak barne, bertan behera geratu edo atzeratu egin dira, kutsadurak saihesteko helburuarekin. Unión de Federaciones Deportivas Vascas / Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik, aurreko hilean zuen etxeetan ariketak egiten hasi zinetenean egin genuen bezala, pertsona bakoitzarentzat egokia den kirola egiteko gomendatzen jarraitzen dugu; izan ere, pertsona batzuk beste batzuk baino aktiboagoak dira. Bakoitzak bere gorputza ezagutzen du, eta ariketak bere ohituretara egokitu behar ditu, lesioak saihesteko. Kirola egitea baliagarria izango zaigu, egoera normaltzen denean hutsetik hasi behar ez izateko. Adinekoentzat, ariketa hauen xede-taldearentzat, aisialdirako modu osasungarria dira, eta asperduraren ordez hobeto sentitzeko eta osasun egoera ona mantentzeko lagungarriak dira. Horrez gain, dieta orekatua edukitzea, egoki hidratatzea, eta burua eta gorputza aktibo izatea ere lagungarria da. Oinarrizko ariketen errutina bat praktikatzen bada, itxialdi osasungarriagoa bermatzen da; izan ere, mugikortasuna lantzen da, oreka garatzen da, muskulu-masa mantentzen da, burua lanean jartzen da eta norbere arazoak kontrolatzen dira. Beti gogorarazten eta gomendatzen dugun bezala, beharrezkoa da muskuluak eta artikulazioak prestatzea ariketa modu seguruan praktikatzeko, zenbait minutuz aurretiko berotze-ariketak eginez. Berotzeko, besoak modu leunean aurrera eta atzera mugitu daitezke, enborra alboetara luzatu daiteke, kontrako besoa alde bererantz luzatuta eta gauza bera kontrako aldera errepikatuta, edo belaunak apur bat tolestu daitezke, mugimendu biribilak eginez. Lerro hauen bidez, sorbaldetako muskuluak lantzeko ariketa batzuk proposatzen dizkizugu, gorputzaren jarrera hobetzen laguntzeko, edo besoak luzatzea, gorputzaren alde banatara. Besoak luzatuta dituzula, esku-ahurrak beherantz jarri, eta, ondoren, gorantz, eta txandakatu. Ondoren, jarri eskuak sorbalden altueran, ukondoak tolestuta, eta biratu sorbaldak atzerantz; jarraian, biratu sorbaldak aurrerantz. Tolestu lepoa astiro-astiro aurrerantz, eta, ondoren, atzerantz. Gero, egin mugimendu biribilak lepoarekin; eraman ezkerreko belarria ezkerreko sorbaldara, eta, hortik abiatuta, eraman eskuineko belarria eskuineko sorbaldara. Badaude beste ariketa
egoki batzuk sorbaldak, bularra eta bizkarra lantzeko, adibidez: eseri aulki batean, luzatu besoak aurrerantz sorbalden altueran, esku-ahurrak kanporantz jarrita; ondoren, aulkian eserita zaudela, luzatu besoak alboetarantz sorbalden altueran, esku-ahurrak aurrerantz jarrita; amaitzeko, jarri eskuak aulkiaren bizkarraldean edo mahaiaren gainean, altxatu hanka bat atzerantz, mantendu jarrera horretan segundo batzuez eta egin gauza bera beste hankarekin.
Beste ariketa erraz bat da ohearen edo aulkiaren ertzetik, finko eserita zaudela, zutik jartzea eta berriro esertzea; bilatu altuera egoki bat, altxatzeko saiakera bakoitza konplexua izan ez dadin. Altxatzean besoak igotzen badituzu, apur bat gehiago aktibatuko da gorputza. Beste ariketa bat da altuera txikia duen maila edo gainazal irmo eta egonkor bat gaitzea, eta hori igo eta jaistea, eskuetan pisu apur bat duzula, intentsitatea areagotzeko. Era berean, ariketak egin daitezke, pedalei eragiten ari bazina bezala (laguntzen duen gailu estatiko bat izanez gero, askoz hobeto). Eseri aulki batean, bizkarra tente, eta altxatu eta eseri zenbait alditan jarraian; ariketa horrek ere hankak mugiarazten eta indartzen laguntzen du. Gimnasia egitea oso osasungarria da adina edozein dela ere, eta adinekoentzat funtsezkoa da, muskulu- eta hezur-masaren galera saihesteko. Gaur egun bizi dugun egoeran, oso erabilgarria eta beharrezkoa da. Horregatik, etxean zuen burua aktibo eta sasoian mantentzera animatzen zaituztegu.
