Apirilaren 2an Health 2.0 Basquek eta Mutualiak antolatu duten doako jardunaldian, pazientearen segurtasuneko eta lan-segurtasuneko prozesuetako transformazio digitalean izandako arrakastak azalduko dituzte adituek

Apirilaren 2an, Health 2.0 Basquek eta Mutualiak, Tecnalia eta Inithealth-ekin (Grupo Init) elkarlanean, antolatu duten “Transformazio digitala pazientearen segurtasuneko eta lan-segurtasuneko prozesuetan” doako jardunaldia izango da Bilbon, Bizkaiko Medikuen Elkargoan.
Aspaldi honetan, garrantzi handia hartu du pazientearen segurtasunak. Izan ere, funtsezko alderdia da laguntzaren kalitatean, jasotzen duten osasun-zaintzan seguru sentitu nahi duten pazienteentzat eta haien senideentzat, eta, orobat, osasun-laguntza segurua, eraginkorra eta efektiboa eskaini nahi duten kudeatzaile eta profesionalentzat.
Azken urteetan, estrategiak garatu dira, praktika klinikoan saihestu daitezkeen edo kaltegarriak diren gertaerak kontrolatzeko aukera eman dezaketen planak, ekintzak eta lege-neurriak proposatzeko. Jardunaldiaren helburua da arlo horretan egin diren proiektu desberdinen berri ematea.
Health 2.0 Basque-ren sortzailekide Gonzalo Lópezek eta Juan Carlos Santamaríak ongietorria egin ondoren, Mutualiako Laguntza Zerbitzuen eta Prestazio Ekonomikoen zuzendari Victor Echenagusiak hasiera emango dio jardunaldiari, eta Pazientearen Segurtasunari buruzko multzoa aurkeztuko du. Jarraian, Aseguramenduko zuzendari eta Osasun Kudeaketako Unitateko arduradun Miguel Ulibarrenak aditzera emango digu nola bilakatu den Pazientearen Segurtasuna funtsezko osagai, ospitaleko prozesuetako laguntzaren kalitaterako.
Ekitaldira joandako lagunek lehen eskutik jakin ahal izango dute zein diren Osakidetzan arlo horretan egin diren proiektuak eta izan diren arrakastak: besteak beste, farmakoaren trazabilitatea, kirurgiako prozesuak eta nazioarteko historia klinikoaren interoperatbilitatea.
Jardunaldiaren bigarren multzoa lan-segurtasunari buruzkoa izango da, eta, besteak, Mercedes, Petronor eta Mutualia egongo dira. Prozesu larri batzuetan egin dituzten transformazio digitaleko proiektuak azalduko dituzte, esaterako, itxitako lekuetan sartzean, atmosfera leherkorrak hautematean, eta osasun-kontsultako izuaren kudeaketan izandakoak.
Bukatzeko, Tecnaliako Oscar Lagek azalduko du nola gauzatu transformazio digitaleko proiektuak arlo honetan, teknologia disruptiboak erabiliz, adibidez, Blockchain.
Health 2.0 Basque komunitatea sortu da, Euskal Herriko osasunaren etorkizunean lidergoa eduki dezan, teknologiaren eta berrikuntzaren bidez. Hauek dira Health 2.0 Basque komunitatearen sortzaileak: Juan Carlos Santamaría, Inithealth-eko Negozio Garapeneko zuzendaria (Grupo Init); Blanca Usoz, Eroski taldeko Lan Osasuneko koordinatzailea; eta Gonzalo López, Inithealth-eko zuzendari tekniko komertziala. Health 2.0 Basque-ren sorburuan Health 2.0 dago, hau da, osasunean teknologia berriak sustatzen, agerian jartzen eta bultzatzen dituen mugimendu globala.
