
Kalkuluen arabera, 15.000 istripu inguru gertatzen dira urtero errepidean, gaizki seinaleztatutako ibilgailu matxuratuekin talka egiteagatik.
Bestalde, ibilgailu bat errepidean geldiarazten duten matxuren ia % 40 elektrikoak dira; hortaz, sarri askotan, larrialdi-seinalearen argia ez dabil.
Triangeluak jartzeko matxuratutako auto batetik jaisteak harrapatua izateko arriskua handitzen du. 2019 eta 2020 bitartean, 30 pertsona inguru hil dira zeregin horretan.
Gogora ekarri dezagun arriskuaz ohartarazteko triangeluak gutxienez 50 metrora jarri behar direla atzetik, noranzko bakarreko bideetan eta hiru errei baino gehiagoko noranzko bikoitzeko bideetan. Gainerakoetan, triangelu bat aurretik eta beste bat atzetik jarriko dugu, matxuratutako ibilgailutik 50 metrora, gutxienez.
Beraz, ibili behar dugun distantzia garrantzitsua da, luzea eta arriskutsua delako.
Jar gaitezen egoeran. Halako ibilaldi bat autobide, autobia eta bazterbiderik gabeko errepide arruntetan… Sofoklesek zioenez, beldur denarentzako dena dira zaratak, eta hori zarata handia da.
Errealitateak egunero-egunero erakusten digu gehienetan triangeluak ez direla behar bezala jartzen (10 edo 15 metrora, gehienez ere), hain zuzen ere, horiek jartzeak dakarren arriskuagatik.
Horren guztiaren aurrean, DGTk arrisku-egoera horri erantzun bat ematea erabaki du.
Nola eta noztik erabili behar da V-16 seinale berria?
Edozein larrialdi-egoeratan bidean gelditzerakoan erabili behar da. Ibilgailuaren alde altuenean jarriko dugu, ahalik eta ondoen ikusi dadin. Ez dugu irten beharrik izango, eta are gutxiago galtzadatik ibili eta trafikoa saihestu, triangeluekin gertatzen zen bezala.
Gailu horrek 1 km-ra ikusi daitekeen argi bat igortzen du, eta geolokalizazio-sistema bat du. Horren bidez, ibilgailuaren kokalekua DGT 3.0 hodeira bidaltzen da 100 segundoan behin, mezu aldakorreko panelen bitartez informazioa gidari guztiengana irits dadin.
2021eko uztailaren 1etik aurrera, gailu berri hori erabili ahal izango dugu (geolokalizatzailearekin edo gabe), edo triangeluekin jarraitu. 2026ko urtarrilaren 1ean behin betiko desagertuko dira egungo triangeluak, eta derrigorrezkoa izango da gailu berria erabiltzea larrialdiak seinaleztatzeko (geolokalizazioarekin).
Ikusten denez, gailu sinpleagoa eta seguruagoa da.
Triangeluok, eskerrik asko eta utzi pasatzen, iritsi da V16 berritua.
BAZEN GARAIA!!!