Ikasgeletara itzultzearekin batera, gora egiten dute eguneroko joan-etorriek eta, horrekin batera, presak, estresak eta eskola-atarietako ohiko aglomerazioek.
Horiek jokabide arriskutsuak eta gogaikarriak dira bidearen gainerako erabiltzaileentzat, eta txikienentzat ere hala izan daitezke, imitazioz ikasten baitute.
Gurasoek eta helduek hezkuntzarekin konprometituta egon behar dute, eta ulertu behar dute garrantzitsua dela haurrak ibilbide guztietan babestea, edozein dela ere ibilbidearen iraupena edo distantzia.
Trafiko Zuzendaritza Nagusiak honako segurtasun-jarraibide hauek ematen ditu:
✔ Auto-bidaietarako
Haurraren tamainara edo pisura egokitutako lotzeko sistema erabili behar da, ibilbidea laburra izan arren, eta haurra beti alde seguruenetik atera behar da autotik, hots, espaloiaren aldetik.
Egiaztatu behar da haurra ondo lotuta dagoela eta ez duela lasaierarik arnesetan, eta ez dagoela aulkira behar bezala egokitzea eragozten duen jantzi edo elementurik; eta haurrak inola ere ez du motxila jarrita eduki behar. Haurra lotzeko sistema autoaren atzeko eserlekuetan instalatu behar da eta, posible bada, atzeko eta erdiko eserlekuan.
Jarri aulkia fabrikatzailearen erabilera-eskuliburuan eta etiketan adierazten diren jarraibideak kontuz jarraituz, eta ainguralekua egiaztatuz. Derrigortasuna haurrak 135 cm-ko garaiera izan artekoa den arren, haur nagusien kasuan ere bizkarraldea duen aulki bat erabiltzea gomendatzen da 150 cm-ko garaiera izan arte, babesa eskaintzen baitu albo-talkekiko.
Ikastetxera garaiz joatea komeni da, bigarren edo hirugarren ilaran aparkatzea saihesteko, eta horrela haurra autoen artetik pasatzera ez behartzeko, horrek istripu arriskua areagotzen baitu. Beraz, behar bezala aparkatu behar dugu eta oso gomendagarria da “motxilaren trikimailua” erabiltzea, hau da, motxila maletategian sartzea, haurrak autotik eskolako aterantz korrika atera ez daitezen.
Autoaren atea ireki eta jaitsi aurretik beti kanpora begiratzeko keinua barneratzen badugu —eta haurrei azaltzen badiegu—, “motxilaren trikimailua” are eraginkorragoa izango da harrapaketak saihesteko edo oinezkoak edo bideko beste erabiltzaile batzuk ez jotzeko. Gainera, gogoan izan behar da autoan objektu solteak eramatea oso arriskutsua dela, desazelerazio handi batean objektuen pisua biderkatu egiten baita.
✔ Eskola-garraioko desplazamenduetan.
Eskola-garraioan, unerik arriskutsuena autobusera igotzean edo autobusetik jaistean gertatzen da. Haurrak ez du inoiz pasatu behar ibilgailuaren aurretik edo atzetik, egoera arriskutsuak saihesteko.
Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, eskola-garraioan gertatzen diren istripuen % 90 ibilgailura igotzeko edo hartatik jaisteko unean gertatzen dira, edo une horietatik gertu.
Gelditzeko eremuak errespetatu behar dira, garaiz joan behar da, eta haurrari irakatsi behar zaio behar bezala igotzen eta jaisten, inori bultza egin gabe. Saihestu arriskuak, eta ez itxaron haurrari errepidearen beste aldean. Izan ere, gerta liteke haurrak errepidea arduragabekeriaz gurutzatzea.
