Itzuli

Ahots-kordetako noduluak

Arrazoi nagusia hitz egitean egindako gehiegizko esfortzua edo ohitura txarrak dira, baita ingurune-zarata baino bolumen handiagoa erabiltzea edo fonazioaren batez besteko gaitasunaren gainetik hitz egitea ere. Mutualiak tailer praktikoak antolatzen ditu, lan-tresna gisa ahotsa erabiltzen duten langileei zuzenduta.

Ahots-kordetako noduluak laneko gaixotasunen koadroan sartu zituztenetik aurrera (azaroaren 10eko 1299/2006 ED), ahotsaren nahasmenduaren ezaugarriak eta maiztasuna aztertzea Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen barruan dago.

Ahots-kordetako noduluak sortzeko arrazoia ahots-kordak etengabe eta gehiegikeriaz erabiltzea da. Horren ondorioz, korda guztietako ehuna leundu eta handitzen da.Ehun horiek gogortu eta kailu baten antzeko lesio bihur daitezke. Zenbat eta gehiago luzatu ahotsaren gehiegizko erabilera, orduan eta gehiago gogortuko dira noduluak.

Patologia horiek oso ohikoak dira ahotsa erabiltzen duten profesionalengan (irakasleengan, adibidez), eta lanerako ezintasun iragankorrak eragiten dituzte. Ahotsaren patologiek komunikazioari eragiten diote, eta kaltetutako pertsonei eguneroko jarduerak normaltasunez eta erosotasunez egitea eragozten diete. Arrazoi nagusia hitz egitean egindako gehiegizko esfortzua edo ohitura txarrak dira, baita ingurune-zarata baino bolumen handiagoa erabiltzea edo fonazioaren batez besteko gaitasunaren gainetik hitz egitea ere.

Biztanle guztien %5 inguruk du nahasmendu hau; irakasleen artean, %17tik %57ra artekoa da kopurua.

Erreferentziatzat hartzen dugun ikuspuntuaren arabera (medikuena, foniatrena, musikariena), esan dezakegu ahotsa laringean dauden ahots-korden bibrazioak sortzen duela. Bibrazioa birikek airea kanporatu eta kordetatik igarotzean sortzen da, eta, ondoren, erresonantzia-barrunbeek modulatu eta artikulatzen dute (soinua anplifikatzen duten zuloek). Pertsonen arteko komunikaziorako bidea da, baita nork bere ezagutzak, pentsamenduak eta sentimenduak adierazteko eta komunikatzeko funtsezko bitartekoetako bat ere. Harreman pertsonaletan zein profesionaletan gehien erabiltzen dugun komunikatzeko bidea da.

Ahotsa hatz-marka bezala erabil daiteke, pertsona bakoitzak bere ahotsa baitu. Ahotsa berezko nortasun hori ematen dioten 3 ezaugarriekin defini daiteke: intentsitatea, tonua eta tinbrea.

Ahotsa ondo erabiltzeko kontuan hartu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat arnasketa da. Ez-borondatezko prozesu automatikoa da. Arnasketa hezi egin behar da, fonazio-prozesua eraginkorra izateko; izan ere, arnasa ondo hartzeak ahots-korden elastikotasuna handitzen du, eta horrek ondo funtzionatzen badu, artikulazio-organoen eta erresonantzia-barrunbeen bizitasuna eta elastikotasuna handitzen da. Hainbat arnasketa-mota daude: klabikularra (desegokiena), torazikoa, abdominala edo diafragmatikoa eta kosto-abdominala. Azken hori da fonaziorako egokiena eta osoena, fonazioa luzatu, kanporatutako airea erregulatu eta ahotsaren bolumena handitzen baitu.

Aho-nekearen arrazoietako bat arnasketa txarra da. Behar-beharrezkoa da aire nahikoa izatea, eztarria, lepoa eta sorbaldak ez behartzeko. Diafragma ahulak ez du indar nahikorik arnasketa egiteko. Ahotsa etenekin irteten da, soinu batzuk ezin dira igorri.

Ahotsari eragin diezaioketen arrisku-faktoreen artean, honako hauek nabarmendu ditzakegu:

Faktore pertsonalak:

  • Gorpuzkerarekin eta osasunarekin lotutakoak. Adina (bai nerabezaroko bai helduaroko aldaketa hormonalek eragina dute), sexua (ohikoagoak dira emakumeengan), gorpuzkera, edo honako hauek izatea: errinitisa, faringitisa, alergia-gertakariak, digestio-nahasmenduak (errefluxu gastroesofagikoa, adibidez) edo nahasmendu endokrinoa.
  • Ohitura toxikoak. Tabakoaren keak mukosa narriatzen du eta errefluxua sortzen laguntzen du; alkoholak ahotsaren tonua eta hedadura txikitzen ditu.
  • Elikadura. Gozagarri gehiegi hartzeak, kafeak eta koipeek errefluxu gastroesofagikoa sortzen laguntzen dute.
  • Sendagaiak. Mukosak lehortzea, urdail-azidotasuna handitzea, muskulu-tonua txikitzea eta antzekoak eragin ditzakete.
  • Estresa. Arnas- eta bihotz-maiztasuna eta tentsio muskularra handitzen ditu. Ahotsa lepoaren aurrealdeko eta laringeko hipertentsio muskularrarekin igortzen da, eta ahots-korden aldaketa biomekanikoak eragiten ditu, lesioak agertu arte.
  • Beste batzuk. Ahoko aerosolek, gozokiek eta mentoletik sortutako substantziek narritadura eta lehortasuna dakartzan errebote-efektua eragiten dute, eta, horrela, mukien loditasuna gehiago aldatzen da eta garrazpera baldintzatzen da.

 

Laneko faktoreak:

  1. Ingurumenaren arlokoak:
  • Hezetasuna. Hezetasun txikiak (berogailuaren erabilerak, hautsak edo antzekoek eragindako gehiegizko lehortasuna) ahots-kordak lubrifikatuta mantentzea zailtzen du. Bestalde, gehiegizko hezetasunak (aire zabaleko jarduerak) alergien, narritadurazko eztularen, mukien eta antzekoen intzidentzia handitzen du.
  • Tenperatura. Gehiegizko hotzak edo beroak eragina du.
  • Aireztapena. Aire-korronteak, aire girotua, agente patogeno gehiago egotea dakarren aireztapen eskasa…
  • Narritagarriekin eta beste kutsatzaile batzuekin harremanetan egotea. Kutsadura kimikoak (aire-freskagarriak, intsektizidak…), kutsadura biologikoak (birusak, bakterioak, onddoak…) eta partikula mineralek (klariona, batez ere klarion ez-hipoalergenikoa, igeltsua…) arnas-mukosa narriatzen dute, jariakinen biskositatea handitzen dute eta alergiak areagotzen dituzte.

 

  • Ingurune-zarata. Soinuaren intentsitatea 1 dB handitzen da zarataren mailak gora egiten duen dezibelio bakoitzeko. Ingurune-zarataren maila honako hauek handitu dezakete: kanpoko zaratek (trafikoa, industriak, sirenak, klaxonak), barnekoek (kanalizazioak, igogailuak, sanitarioak, luminariak…), auzokideek, elkarrizketek, musikak, oihuek…
  • Lokalaren kalitate akustikoa (irakasleen kasuan). Ikasgelen neurriak, lurzorua estaltzen duten materialak, paretak…

Arlo honetan egindako ikerketen arabera, ikasgeletan normalean dagoen ingurune-zarata 55 dB ingurukoa da. Irakasleak 15 dB inguru igo behar du tonua ingurune-zarataren gainetik. Horrek esan nahi du irakasleak jardunaldiaren zati handi batean 70 dB-ko intentsitatearekin hitz egiten duela, elkarrizketarako ahotsaren intentsitate fisiologikoa 65 dB-ra heldu ez arren. Hori ahalegin arriskutsua da ahots-kordentzat.

  1. Antolamenduaren arlokoak.
  • Lan-gainkarga. Irakasleen kasuan, etengabe igo eta jaisten dute tonua komunikatzeko, ohartarazteko, akuilatzeko, galdetzeko, erantzuteko… Batzuetan, irakasleek arbelean idazten duten bitartean hitz egiten dute, eta horrek ahots-tonua igotzera behartzen ditu.
  • Abeslari eta aktoreen kasuan, ikuskizunen programazio trinkoak edo lanaldi luzeak egoten dira.
  • Ordutegia. Bi orduz hitz egiten egon ondoren, 30-45 minutuko atsedenaldia egin behar da.
  • Irakasleen kasuan, oso garrantzitsua da irakasle-lanak eta ikerketak, tutoretzak edo praktikak aldizkatzea.
  • Prestakuntza. Ahotsa erabiltzeko eta ahots-nahasmenduak prebenitzeko prestakuntza-falta.
  • Ikasle-kopurua ikasgelako (irakasleen kasuan). Ikasgelako oinarrizko zaratan du eragina. Zenbat eta ikasle gehiago, orduan eta zarata-maila handiagoa.

Prebentzio-neurriak:

  1. Ingurumenaren arlokoak:
  • Hezetasun-maila kontrolatzea. %30 eta %70 artean (486/1997 ED).
  • Aireztapena eta airea berritzeko prozesua kontrolatzea. Pertsonako 8 l/s-ko aire emaria ikasgeletan eta agertokietan, eta 15 l/s pertsonako dantzalekuetan.
  • Aire-korronteak kontrolatzea. Airearen abiadura ez da 0.25 m/s baino handiagoa izan behar beroa ez den giroko lanetan, 0.5 m/s baino handiagoa giro beroko egoneko lanetan eta 0.75 m/s baino handiagoa giro beroko egonekoak ez diren lanetan.
  • Hauts-maila murriztea. Klarion hipoalergenikoak eta errotuladoreak erabiltzea edo arbela digital interaktiboekin ordeztea.
  • Produktu kimikoen erabilera murriztea. Intsektizidak, aire-freskagarriak, kea.
  1. Ingurune-zarata murriztea. Ikasgeletan zarata ez da 40 dB baino handiagoa izan beharko, bulegoetan 40 dB baino handiagoa eta merkataritza-guneetan 50 dB baino handiagoa. Horretarako, gelaren bolumena eta hori osatzen duten materialen soinu-absortzioa kontuan hartu behar dira, eta isolamendu akustikoa kontrolatu behar da.

 

  1. Antolamenduaren arlokoak:
  • Lana behar bezala banatzea. Gainkarga saihestea eta ahotsak atseden hartzeko denbora-tarteak aurkitzea.
  • Ahots-funtzioaren erabilera murriztea baliabide teknikoen bidez; esaterako, arbel digitalen, mikrofonoen edo diapositiben bidez.
  • Edateko ura ematen duten iturriak izatea.
  • Enpresak hauxe egin behar du: berariazko informazioa eta prestakuntza eskaini eta osasuna berariaz zaintzen dela bermatu.

 

  1. Norberak egin beharrekoak.

 

  • Bizimodu osasungarria. 8 ordu lo egitea, ariketa fisikoa egitea, elikadura ona izatea, ura sarri edatea, kafea eta tea edatea saihestea, ez erretzea, mentoldun gozoki eta txikleak hartzea saihestea, elikagaien edo edarien tenperaturaren bat-bateko aldaketak saihestea, urdail-urinaren errefluxua sortzen laguntzen duten otordu oparoak saihestea, eta arnasa hartzea eta botatzea zailtzen duten jantzi esturik ez erabiltzea.
  • Aho-funtzioa babestea. Ingurune-zarata baino ozenago hitz egitea saihestea, ez-hitzezko moduak aurkitzea arreta mantentzeko eta ulermena hobetzeko (txaloak, txistu-hotsak, kolpeak), luze hitz egiten egotea saihestea, komunikatuko diren pertsonen arteko distantziak murriztea, ahotsa anplifikatzeko bitarteko eskuragarriak erabiltzea, aho-nekea saihesteko teknikak erabiltzea, muga fisikoak ezagutzea ahotsaren tonuari eta intentsitateari dagokienez, lepoko, sorbaldako eta eztarriko muskuluak tenkatzea saihestea, arnasa egoki eta sudurretik hartzea, jarrera egokiak erabiltzea, ahotsaren erabilera ahal den neurrian murriztea, aho-nekearen lehen zantzuak detektatzen ikastea, ahotsak imitatzea saihestea, eta asko hitz egin behar bada, 60/10 araua erabiltzea (60 minuturo 10 minutuko atsedena hartzea).

Ondorio gisa, ekintza fisiologiko egokietan oinarritutako aho-teknika eraginkorrak (arnasketa egokia; muskulu-tonua eta jarrera egokiak; erabilitako ahotsaren intentsitatea, tonua eta tinbrea kontrolatzea, eta artikulazio aske eta bizia) lesioak eta fonazio-organoen patologiak saihestuko ditu. Mutualiaren Prebentzio Sailak tailer praktikoak antolatzen ditu logopeda batekin. Logopedak hiru saiotan irakatsiko du aho-teknika egokia erabiltzen, talde txikietan. Informazio gehiago:

PREBENTZIO SAILA

prevencion@mutualia.es

944 042 105 | 943 440 526 | 945 009 077

Lotutako berriak