6/2024 Legeak, abenduaren 20koak, bizirik direla ondoren transplantatzeko organoak edo ehunak ematen dituztenen babesa hobetzekoak, paragrafo bat gehitu dio Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 169.1.a) artikuluari. Paragrafo horren bidez, beste egoera bat gehitu zaie aldi bateko ezintasun-egoerei:
“Kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasuntzat hartuko dira transplantatzeko organoak edo ehunak ematen dituztenekin lotutakoak. Egoera horren barruan sartzen dira, batetik, emaileak Gizarte Segurantzaren osasun-laguntza jasotzen duen eta kirurgiarako prestakuntza medikoaren ondorioz lanerako ezinduta geratzen den egunak (egun solteak nahiz segidakoak), eta, bestetik, prestaketa hori egiteko edo transplantea egiteko ospitaleratzen den egunetik alta medikoa eman arteko egunak”.
Egoera berezia da, Legearen hitzaurrean adierazten denez: Transplanteen Erakunde Nazionalak ekintza altruistatzat hartzen du, eta, haren esanetan, “gizakien arteko borondatezko ekintza garrantzitsuena da, aukera ematen diena milaka pertsonari bizirik jarraitzeko edo beren bizi-kalitatea hobetzeko”. Gainera, mundu osoan liderra da Espainia organo-emateei dagokienez. Bada, egoera horietarako babes-erregimen berezi bat da hau, prestazio ekonomikoari dagokionez pribilegioak dituena. Hain zuzen, kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasunetarako ezarritako kotizazio-oinarriaren % 100eko prestazio bat da. Gainera, prestazio hori jaso ahal izateko, ez da kotizazio-aldirik eskatuko, eta kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasunari dagokion prestazioa erakunde kudeatzaileak edo kolaboratzaileak ordainduko du, hasi baja hartzen den egunetik eta alta hartu eta lanean hasteko gai izan arte. Ezintasun-egoera horretan, kotizatu egin beharko du langileak, ezinbestean.
2025eko martxoaren 3an sartuko da indarrean.
Raquel Martínez Balbas
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
