Aldaketa bat izan da lanaldi partzialeko kontratua edo aldizkako kontratu finkoa duten langileen aldi baterako ezintasuneko (ABE) prestazioaren kalkuluan; 2025eko apirilaren 1ean sartu zen indarrean.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 248.1.c) artikuluaren lehengo testuak (indarrean izan zen 2025/03/31 arte) hau ezartzen zuen:
“c) Aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken altatik egiaztatutako lanaldi partzialeko kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza.
Aldizkako kontratu finkoa duten pertsonentzat, aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken deialdiak eragindako zerbitzu-ematea hasi eta araubide horretan alta eman zutenetik egiaztatutako kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza.”
Hortaz, 2025eko martxoa bitarte, artikulu horren arabera eta lanaldi partzialeko kontratua edo aldizkako kontratu finkoa duten langileei dagokienez, adibidez 2025eko martxoan hasitako ABE baten oinarri arautzailea kalkulatzeko, kontuan hartzen zen prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hiru hilabeteetako kotizazioa aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza; hau da, 2025eko otsaileko eta urtarrileko eta 2024ko abenduko kotizazio-oinarriak batu eta emaitza aldiaren egunekin zatitu behar zen: 28 + 31 + 31 = 90 egun.
Baina, gaur egun, 2025eko apirilaren 1etik aurrera, adierazitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 248.1.c) artikuluaren arabera (Erretiro-pentsioaren eta lanaren bateragarritasuna hobetzeko abenduaren 23ko 11/2024 Errege Lege Dekretuaren lehen artikuluko zazpigarren atala betez ezarria —abenduaren 24ko BOE—):
“c) Aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken altatik egiaztatutako lanaldi partzialeko kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hilabetearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza.
Aldizkako kontratu finkoa duten pertsonentzat, aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken deialdiak eragindako zerbitzu-ematea hasi eta araubide horretan alta eman zutenetik egiaztatutako kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hilabetearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza.”
Beraz, 2025eko apirilaren 1etik aurrera, lanaldi partzialeko kontratua edo aldizkako kontratu finkoa duten langileek mediku-baja hartzen dutenean, honela egingo dira kalkuluak: mediku-baja, adibidez, 2025eko maiatzaren 10ean hasten bada, ABEaren prestazioaren eguneko oinarri arautzailea kalkulatuko da kontuan hartuz mediku-bajaren aurreko hilabetearen aurreko 3 hilabeteetako kotizazio-oinarriak; hau da, ez lirateke kontuan hartuko 2025eko apirileko kotizazioak, eta 2025eko martxoko, otsaileko eta urtarrileko kotizazio-oinarrien batura aldi horretako egun naturalekin zatitu beharko litzateke: 31 + 28 + 31 = 90 egun.
Jesús María Vicente Cuadrado
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
