Itzuli

Alergiak

Alergiak, hipersentiberatasun erreakzio ere deituak, immunologia sistemak (gure organismoaren defentsek) substantzia jakin batzuekin –alergenoak– kontaktuan jartzean ematen dituen neurriz gaindiko erantzunak dira. Udaberrian gertatu ohi dira maizen; izan ere, alergeno nagusietakoak polenak dira, landareen ugalketa zelulak, eta ugari izaten dira urte sasoi horretan. Agente alergeno aipagarriak dira, orobat, inguruneko onddoak, hautsaren akaroak eta animalia batzuen epitelioak, besteak beste, txakur, katu, zaldi eta karraskarienak; era berean, elikagai edo botika batzuek eta intsektuen ziztadek –erlearenak edo liztorrarenak, esate baterako– ere eragin dezakete alergia.

Estimazioen arabera, biztanleriaren %20 inguruk du erreakzio alergikoren bat, eta, dirudienez, igotzen ari da kopuru hori. Espezialisten arabera, hurrengo 20 urteetan, europarren erdiek izango dute alergiaren bat; Espainiari dagokionez, biztanleriaren %30ek.

Alergiak oso gogaikarriak izaten dira, oro har, baina ez dira larriak. Dena dela, koadro konplexuagoak ondoriozta daitezke alergietatik, adibidez, asma.

Erreakzio alergikoen artean, erreakzio arinak eta larriak bereizten dira. Gehienek ondoez txikiren bat besterik ez dute eragiten: malko isuria edo begietako hazkura, doministiku batzuez gainera. Aitzitik, erreakzio alergiko larrienek heriotza arriskua ere ekar dezakete, baldin eta bat-bateko arnasketa ezintasuna, bihotzaren funtzionamendu okerra eta presio arterialaren jaitsiera nabarmena badakarte, shocka gerta baitaiteke halakoetan. Era horretako erreakzioei anafilaxia deritze, eta egoera jakinetan jasan ditzakete pertsona sentiberek, adibidez, elikagai jakin batzuk jan ondoren, botika jakin batzuk hartzean edo erle batek ziztatuz gero.

Alergenoa bera saihestea errazagoa da erreakzio alergikoa tratatzen saiatzea baino. Badira lanbide jakin batekin loturiko substantziek eragindako alergia batzuk (adibidez, irinak, egurrak eta abarrek eraginak); halakoetan, alergia duen pertsonak lanbidea aldatu behar izaten du. Sasoiko alergia handia izaten dutenentzat, berriz, alergeno horren eraginpean ez dagoen lurralderen batera aldatzea izan daiteke alergia saihesteko irtenbidea.

Alergenoarekiko kontaktua erabat saihesterik ez dagoen kasuetan, harekin ahalik eta kontakturik txikiena izatea gomendatzen da. Adibidez, etxeko hautsari alergia dion pertsonak akaroak dituzten etxeko altzari, alfonbra eta errezelak kendu beharko lituzke; lastaira eta burukoak babesgarri plastikoez babestu; eta hautsa eta gelak zapi heze batekin maiz garbitu.

Tratamendua:

  • Asma erasorik ez izateko, saihestu agente alergenoekiko kontaktua: saihestu polenarekiko, inguruneko onddoekiko, hautsaren akaroekiko edo animalia jakinen epitelioekiko kontaktua.
  • Ez egin intentsitate handiko ariketa polinizazio garaian, arnasketa eragotzi eta asma krisia eragin lezake eta.
  • Errinitisa izanez gero, komeni da asmari loturiko zantzuei arreta ematea (txistuak, arnasteko zailtasunak, etab.) –era horretako alergiak maiz sortzen baitu asma–, eta, zantzuren bati antzemanez gero, sendagileari galdetzea.
  • ANTIHISTAMINIKOEK histaminaren jarduna blokeatzen dute; histamina organismoak alergenoei aurre egiteko sortzen duen gai kimiko bat da. Histaminak doministikuak, mukia, begietako hazkura, azaleko hazkura eta urtikaria eragin ditzake. Erregulartasunez hartu behar dira antihistaminikoak. Logura eragin dezakete.
  • Immunoterapia: “desentsibilizazioan” edo “alergiarako txertoak hartzean” oinarritzen da, eta alergia eragiten duten gaien aurrean organismoak erreakzionatzen duen modua pixkanaka aldatzean datza, haien ondoriozko sintomarik jasan ez dezan. Botikak hartuta ere hobekuntzarik ez duten pertsonekin edo botika konbinazio garestia behar duten pertsonekin, urtean hilabete askotan sintomak dituztenekin eta sintoma horiek eragiten dizkieten faktoreak (alergenoak) saihestu ezin dituztenekin erabili ohi da, batik bat.

Lotutako berriak