Auzitegi Gorenak zenbait adierazpen eman ditu “jaiotako seme/alaba”ren legezko kontzeptuaren inguruan, kontzeptu hori kontuan hartzekoa baita amatasun-osagarriaren sortzapena eta/edo zenbatekoa zehaztearen ondorioetarako. Adierazpen berrienen artean daude 2023ko otsailaren 15eko 135/2023 epaia (doktrina bateratzeko 2741/2021 kasazio-errekurtsoa) eta otsailaren 27ko 167/2023 epaia (doktrina bateratzeko 3225/2021 kasazio-errekurtsoa).
Arau horietan, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren 60.1 artikulua hartzen da abiapuntutzat (aurreko idazkeran, 2023/03/17ra arte indarrean egon denean): “Osagarria jasotzeko eskubidea eta zenbatekoa zehaztearen ondorioetarako, dagokion pentsioa eragin duen gertaera baino lehen jaio edo adoptatu diren seme-alabak bakarrik hartuko dira kontuan”.
Hortik aurrera, Auzitegi Gorenak Kode Zibilean “jaiotako seme/alaba”ren izaera aitortzeko legezko irizpidea eta helburua zehazteko ezarritakora igortzen gaitu.
Kode Zibilaren 29. artikuluak xedatzen duenez, “Jaiotzak nortasuna dakar; baina ernaldua jaiotzat jotzen da, mesedegarri zaizkion ondore guztietarako, ernaldu hori jaio bada hurrengo artikuluak adierazten dituen baldintzetan”.
Lege-testu beraren 30. artikulua, berriz, aldatu egin zuen Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legeak, 3. Xedapen Gehigarrian, eta hark planteatzen du zein izan behar duen kasu bakoitzari aplikatu beharreko legezko manuaren idazketak, jaiotako seme/alabaren legezko kontzeptua zehazteko, amatasun-osagarriaren sortzapenaren eta/edo zenbatekoaren ondorioetarako:
– Semearen edo alabaren “erditzea” gertatu zen egunean indarrean zegoen idazkera 2011/07/23 baino lehenagokoa baldin bada, horrek esan nahi du semea/alaba jaiotakotzat har daitekeela baldin eta “giza figura badu eta hogeita lau orduz amaren sabeletik oso-osorik askatuta bizi bada” (Kode Zibilaren 30. artikulua, uztailaren 21eko 20/2011 Legeak, 1989/08/14tik 2011/07/22ra indarrean egon zenak, erabilitako kontzeptua aldatu aurrekoa).
– Edo, bestela, osagarria lotzen zaion pentsio zehatzaren aitorpenaren egunean indarrean dagoen idazkerari jarraitu behar bagenio, kasu horretan, indarrean dagoen idazkera Erregistro Zibilari buruzko 20/2011 Legeak eragindako Kode Zibilaren 30. artikuluaren erreformaren ondoren indarrean dagoena izango litzateke, honela dioena: “Nortasuna bizirik jaiotzen denean lortzen da, amaren sabeletik oso-osorik askatu ondoren”, seme edo alaba bere kabuz ordu-kopuru jakin bat bizi dadin eskatu gabe nortasun juridikoa eskuratzeko, eta kontuan hartua izan ahal izateko amatasun-osagarriaren sortzapenerako edo, hala badagokio, ehunekoaren gehikuntzarako eskubideari dagozkion ondorioetarako.
Aurreratuko dugu dagoeneko ezen, 2023ko otsailaren 15eko 135/2023 epaian (doktrina bateratzeko 2741/2021 kasazio-errekurtsoa), gai hori zehazki planteatzen zenean, ez duela Auzitegi Gorenak erabakirik hartu, ezetsi egingo baitu epaien arteko kontraesanik ezagatik jarritako errekurtsoa, errekurritua eta kontrastekoa, funtsaren gainean ebatzi gabe. Hala ere, errekurritzen zen Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2021eko ekainaren 4ko epaiak berretsi egiten zuen demandatzaileari, 2021eko abenduaren 21etik erretiro-pentsio bat jasotzen duenari, % 15eko amatasun-osagarria jasotzeko eskubidea aitortzen zion Instantziaren epaia. Ondorio horietarako, kontuan hartu zen 1980an izandako hirukien erditzea, haurdunaldiko 6. hilabetean; hirukiak jaio eta ordu gutxira hil ziren (bi haur erditzeko unean, eta beste bat, jaio eta 7 ordura), eta Erregistro Zibileko abortu-sortan inskribatuta zeuden. Kasu horretan, Justizia Auzitegi Nagusiak pentsioaren gertaera eragilearen egunean indarrean zegoen eskubide zibila aplikatzea ebatzi zuen, eta ez erditu zenean indarrean zegoen zuzenbide zibila.
Orain dela gutxi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrare 60. artikuluaren 3 a) apartatuan egin den aldaketan, 2023/03/18tik indarrean dagoenean, honako hau xedatzen da: “…Osagarrirako eskubidea eta haren zenbatekoa zehazteko, pentsioaren gertaera eragilea baino lehen bizirik jaio diren edo adoptatu diren seme-alabak bakarrik hartuko dira kontuan”. Beraz, ebatzi gabe uzten da edo modu objektibo eta argian ebazten da planteatutako gaia, hain zuzen ere, aplikatu beharreko Kode Zibilaren 30. artikuluaren idazkerak zein izan behar duen: erditzen den egunean indarrean dagoena edo osagarria duen pentsioaren gertaera eragilearen egunean indarrean dagoena.
Bestalde, epai berriago batek, Auzitegi Gorenaren otsailaren 27ko 167/2023 Epaiak (doktrina bateratzeko 3225/2021 kasazio-errekurtsoa), planteatzen du ea hilda jaio den fetua kontuan hartu behar ote den ekarpen demografikoagatiko amatasun-osagarriaren zenbatekoaren sortzapenaren eta kalkuluaren ondorioetarako, aurreko idazkeraren 60. artikuluan arautzen den moduan, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuarekin bat etorriz. Eta Auzitegi Gorenak hasieratik argitzen du ezen, kasu honetan, eztabaidak ez duela zerikusirik lehen planteatutakoarekin, hots, erditze-eguneko Kode Zibilaren araua aplikatu behar den edo osagarria lotzen zaion prestazioaren gertaera eragilearen unean indarrean zegoena.
Bestelako kasu honetan, auzitegi horrek ebatzi du ezin dela aintzat hartu hilda jaio den semea/alaba, nahiz eta heriotza haurdunaldiaren amaieran gertatu, heriotza erditu baino lehen gertatu bada. Auzitegi Gorenaren hitzetan, “jaiotako seme-alabak” legezko adierazpenak “ez du onartzen legez jaiotako seme-alabatzat aitortu behar diren unearen aurretik hil diren fetuen erditzeak zenbatzerik”. Gainera, hilda jaiotako seme-alaben kasuan ez da betetzen ekarpen demografikoaren helburua, ez eta seme-alabak artatu eta zaintzeko helburua ere.
Guztiarekin ere, epaiak boto partikular bat jasotzen du, hilda jaio zen eta erregistro zibilean abortuzko izaki gisa inskribatuta zegoen seme/alabari dagokion ehunekoa kalkulatzeko zenbatu beharreko osagarriaren ehunekoaren igoera onartzearen aldekoa. Kasu horretan, arrazoitzen zuen ezen, 9 hilabeteko haurdunaldi oso bat izan dela nabarmenki kontuan hartuta, emakumeek langile izan eta seme/alaba baten baino gehiagoren ama izateagatik jasan duten diskriminazio-egoera konpentsatu beharko litzatekeela, nabarmenduz, halaber, Auzitegi Gorenak genero-ikuspegia kontuan hartuta aplikatzen duen interpretazioak dagoeneko ekarri duela Gizarte Segurantzako Sistemaren babesa zabaltzea eta dagozkion prestazioak jasotzea Gizarte Segurantzaren araudian jaso ez diren kasuetan.
Adierazi dugun bezala, 2023/03/18tik indarrean dagoen eta Auzitegi Gorenaren azken epaiaren ondorengoa den Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 60. artikuluaren egungo idazkerak baldintza hau jaso du: seme-alaba “bizirik” jaiotzea. Horrekin aurreko idazkera osatu du, lehen ez baitzen baldintza hori berariaz jasotzen. Horregatik, ulertu behar dugu dagokion pentsioaren gertaera eragilea baino lehen bizirik jaio diren (edo adoptatu diren) seme-alabak bakarrik har daitezkeela kontuan. Beraz, ez dirudi posible denik hilda jaiotako seme-alabak inolaz ere kontuan hartzea amatasun-osagarrirako eskubidearen ondorioetarako, 2023/03/18az geroztik legegileak berariaz baztertzen baitu kasu hori.
Cristina Cearra Guezuraga
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua
