ZEIN DA AMATASUN-PRESTAZIOAREN OINARRI ARAUTZAILEA, AURREKO URTEAN ENPRESA BERAREKIN KONTRATU DESBERDINAK IZAN BADIRA?

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) 2018ko uztailaren 3ko epaiak, 1253/2018 zenbakidun erregutze-errekurtsokoak, zehazten du oinarri arautzailea kalkulatzeko irizpidea zein den, emakumezko langileak kontratu desberdinak (lanaldi partziala, lanaldi osoa, lanaldi partziala) izan dituenean jarraian beti enpresa berarekin eta egitate sortzailea gertatzean lanaldi partzialean egon denean.
Abiapuntu gisa, kontuan izan behar duguGizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 179 1 artikuluan xedatutako; horren arabera, “Amatasunagatiko prestazio ekonomikoa izango da kasuan kasuko oinarri arautzailearen ehuneko 100eko subsidioa. Ondore horietarako, oinarri arautzailea izango da gertakari arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestazioarentzat ezarritakoa.”
Jarraian, lanaldi partzialeko langileen Gizarte Segurantza arautzen duen 1131/2002 Errege Dekretuko 4. artikulura joan behar gara; izan ere, honakoa aurreikusten du, orain interesatzen zaigunaren ondorioetarako: langileek aldi baterako ezgaitasunaren prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea izango dute, aurreko artikuluan eta ondorengo ataletan ezarritako berezitasunekin; kontratu mota horretako permanentzia-tipoa dena delakoa izan da ere, haiek ezarri ahal izango dira: Prestazioaren eguneroko oinarri arautzailea izango da egitate sortzailearen aurreko 3 hilabeteetan enpresan ziurtatutako kotizazio-oinarrien batura benetan lana egindako egunez zatitu ondoren irteten den emaitza, aldi horretan kotizatutakoa hori izango delako.
Amatasun-prestazioak arautzen dituen 295/2009 Errege Dekretuko 7.2 artikuluak, “prestazioaren kalkulua” aipatzean, aurreikusten du lanaldi partzialerako kontratatutako emakumezko langilearen kasuan subsidioaren oinarri arautzailea ondorioztatzeko, lan-etenaldia hasi aurreko 12 hilabeteetan enpresan ziurtatutako kotizazio-oinarriak batu eta 365 egunez zatitzen direla.
Araudi hauekin, aztertu eta zehaztu beharra daukagu amatasun-prestaziorako oinarri arautzaile zuzena zein den, azkeneko kontratua erditu baino 5 egun lehenago egin baitzen eta lanaldi partzialekoa zen, nahiz eta aurreko urtean lanaldi osoko eta lanaldi partzialeko kontratuak ere egon enpresa berean.
Planteatutako gaiari emandako irtenbidea ez da izango Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak erabakitakoa, hau da, egitate sortzailearen garaian indarrean zegoen kontratuan egindako kotizazioak kontuan hartzea, lanaldi partzialeko kontratukoak.
Gure Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak uste du arau juridikoen interpretazio integratzailea egin behar dela, horietako batek berak ere ez baitu kontuan izan kasu honetako errealitatea, enpresa berarentzako lanean aritu arren, jarraipen irtenbiderik gabe lanaldiari dagozkion kontratu mota desberdinekin.
Justizia Auzitegi nagusiak uste du egitate sortzailea gertatu den denboran indarrean dagoen kontratuan egindako kotizazioak soilik hartzeko dioen araurik ez dagoela, eta kontuan izanik amatasun-prestazioak arautzen dituen 295/2009 Errege Dekretuko 7.2 artikuluan adierazitakoak, hau da, lanaldi partzialerako kontratatutako langileen berariazko prebisioa, subsidioaren eguneroko oinarri arautzaileak egitate sortzailearen aurreko 12 hilabeteetako kotizazio-oinarriak dituela erreferentzia gisa, berariazko arau hori ezarri behar da kasu honetan; beraz, amatasun-prestazioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko, egitate sortzailearen aurreko 12 hilabeteetan egondako egiazko kotizazio-oinarriak hartuko dira kontuan, eta ez amatasun egoerara igarotzean indarrean zegoen lanaldi partzialeko kontratuan kotizatutako egunengatiko oinarria, prozeduran ziurtatu baita lanaldi desberdin horiek eskatzailearen behar objektibo eta errealei erantzuten ziela.
Raquel Martínez
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
