Itzuli

AMURRIO FERROCARRIL enpresaren esperientzia exoeskeletoen erabilerarekin 

Amurrio Ferrocarril y Equipos S.A. enpresa Amurrion kokatuta dago, Araban, eta, 1880az geroztik, burdinbideko materiala fabrikatzen, muntatzen eta mantentzen dihardu. Bere historian zehar, Espainiako eta Europako burdinbide eraikuntzako proiektu nagusietan parte hartu du.  

Ekitaldi honen hasieran, Mutualiak bere enpresa bazkideei eskaintzen dien exoeskeletoen doako mailegu zerbitzua erabiltzeko eskaria egin zuen lantegiko Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikari Estíbaliz Ortiz Durántezek. Zehazki, bizkarreko eta eskuko ekipoak eskatu zituzten, haiek lantegian probatu eta aztertzeko. Hona hemen haren esperientzia. 

Nola sortu zen lanpostu jakin batzuetan exoeskeletoak erabiltzeko premia? 

Lanpostu guztiei buruzko azterketa egin zen, jakiteko zer lanpostutan zegoen gihar-hezurretako gorabeherarik gertatzeko aukera gehien eta behar bezala antolatu ahal izateko prebentzio jarduera. Azterketa horretatik ondorioztatu zen lanpostu batzuetan hobekuntzak egiteko beharra, lunbarretan eta eskumuturrean ahalegin berezia eskatzen dutenetan, hain zuzen.    

Zer motatako lanpostuetan probatu dira ekipoak? 

Prentsako lanpostuetan erabili ditugu bi ekipoak, atal desberdinetan.

Zer zailtasun izan dituzue ekipoak erabiltzean? Aldi berean erabili dituzue biak, bizkarrekoa eta eskukoa? 

Bizkarreko ekipoari dagokionez, langileak uzkur ziren, hasieran, ekipoa blokeatu/desblokeatu beharra dagoelako gorputza lekualdatzeko edo makurtzeko (kokoriko egin beharreko lanetarako), baina, pixkanaka, praktikarekin eta denborarekin, egokitu egin ziren.   

Eskuko ekipoari dagokionez, zailtasun handiagoak izan genituen hasiera-hasieratik. Langileek galgekin eta neurketa elementuekin egin ohi dituzten lanak ez dira bateragarriak eskuko exoeskeletoarekin, ez baitu uzten tresna horiek behar bezala eusten eta erabiltzen.  

Gailuak banaka nahiz biak batera erabili ziren. Biak aldi berean erabiltzea ez zen erosoa, langileak elementu asko eraman behar zituelako soinean. 

Proben ondoren, zer balantze egiten duzue exoeskeletoen erabileraz? 

Bizkarreko ekipoaren kasuan, amaierako balantzea positiboa da, nabarmen murrizten baitu gerrialdearen ahalegina. Eskukoari dagokionez, berriz, emaitza ez zen izan hain ona, ez baitzen erosoa, langileek askotariko eragiketak egin behar izaten dituztelako eskuekin; horrez gainera, lanak egitean sentikortasun handiagoa eskatzen zuten.  

Aldaketa orok dakartza erresistentziak. Zer jarrera izan dute langileek? 

Uzkur agertu ziren, hasieran; eskuko ekipoarekin lan egiteko, batez ere. Baina bizkarreko ekipoa erabili, eta ikusi zutelarik bizkarra aurrera makurtzean neurri handian arintzen zuela gerrialdeko gainkarga, langileek beraiek eskatu zuten ekipoak probatzen jarraitzea.  

Zein da etorkizuna, ergonomiaren esparruan? 

Bada, iruditzen zait gero eta gehiago erabiliko direla kanpo-elementuak, hala nola exoeskeletoak, garabiak eta orotariko elementu lagungarriak. Langileak gero eta gehiago jabetzen dira lanak modu desegokian edo gorputz jarrera okerretan egiteak dakartzan ondorio fisikoez, eta hori oso lagungarria da etorkizunera begira eta neurri berriak ezartzeari begira.  

Exoeskeletoen erabilerari eta maileguari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, egin kontsulta gure prebentzio aholkularitzari.

Lotutako berriak