Lehen antibiotikoa XX. mendearen erdi aldera sortu zuten, eta horrek medikuntza modernoaren ibilbidea aldatu zuen: gizakien eta animalien bakterio-infekzio gehienak tratatzen hasi ahal izan zuten.
Gaur egun, osasun publikoaren mehatxu larrienetako bat bakterioak sendagai-mota horiekiko erresistente bihurtzea da. Izan ere, bakterio multirresistenteek urtean 33.000 heriotza eragiten dituzte Europan, bai eta 1.500 milioi euroko osasun-gastu gehigarria ere.
Arazo horren sorburu nagusietako bat antibiotikoak gehiegi eta modu desegokian erabiltzea da, eta guztiok gara, neurri batean, erantzule. Konponbidea ere denon esku dago. Zuk ere zure aletxoa jar dezakezu! Lagundu antibiotikoek funtzionatzen jarrai dezaten.
Hobe da prebenitzea
Antibiotikoekiko erresistentzia-prozesua bi faktorek bizkortzen dute, nagusiki: batetik, botika horiek gaizki erabiltzeak; eta, bestetik, infekzioak prebenitzeko eta kontrolatzeko dauden hutsuneak. Denok har ditzakegu gertakari horren eragina murrizteko eta hedatzea mugatzeko neurriak. Mutualiak Eskuko Higienearen Batzorde bat du, zeinak, aldian-aldian, eskuak egoki nola garbitzen diren erakusten baitu, OMEren gidalerroei jarraituz, hau da, eskuak garbitzeko bost uneak aintzat hartuz. Gainera, jarraibide oso zehatzak ditu ebakuntzen aurretik eskuak garbitzeko eta desinfektatzeko, eskularruak eta mantalak jartzeko eta abar. Jarraibide horiei esker, asistentziarekin lotutako infekzio-indizeek behera egin dute Mutualian.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen du, batez ere:
- Eskuak maiz garbitzea.
- Elikagaiak ongi garbitzea.
- Gaixorik dauden pertsonekin harreman zuzenik ez izatea.
- Txertoen egutegia behar bezala betetzea.
Osasun-langilea edo farmazialaria bazara, infekzioak saihesten lagundu dezakezu:
- Eskuak, tresnak eta ingurunea behar bezain garbi daudela ziurtatuz.
- Zure pazienteen txertoen egutegiak egunean izanez.
- Bakterio-infekzioren baten susmorik izanez gero, kultibo eta proba egokiak eginez.
- Antibiotikoak behar-beharrezkoak direnean bakarrik aginduz eta emanez.
- Antibiotiko aproposa aginduz eta emanez, posologia egokiarekin eta dagokion denborarako.
Sendagaiak nork bere kabuz hartzearen arriskuak
Neguko gaixotasun askok sintoma berberak izan ditzakete, baina agian ez dute tratamendu bera behar. Aurrekoan gaixotu zinenean agindu zizuten antibiotikoarekin sendatu bazinen, tentagarria izan daiteke antzeko sintomak edukiz gero antibiotiko bera erabiltzea. Hala ere, tratatu zaituen sendagileak bakarrik erabaki dezake neguko gaixotasun hori sendatzeko antibiotikoak behar dituzun.
Hotzeriari eta gripeari aurre egiteko antibiotikoak hartzeak ez dizu mesederik egingo. Gainera, antibiotikoek ondorio kaltegarri desatseginak izan ditzakete: beherakoa, goragalea eta larruazaleko erupzioak, adibidez. Askotan, bakterio-infekzio arinak (adibidez, errinosinusitisa, bronkitisa eta eztarriko eta belarriko mina) tratatzeko ez dago zertan antibiotikoak hartu, gure immunitate-sistema gai baita, gehienetan, infekzio horiei aurre egiteko. Neguko gaixotasun gehienek hobera egiten dute bi asteren buruan. Sintomek irauten badute, garrantzitsua da sendagilea jakinaren gainean jartzea.

Javier de la Fuente Ortiz de Zárate doktorea
Mutualiako Infekzioen Batzordeko koordinatzailea
