Javier de la Fuente Dk., Mutualiaren Infekzio Batzordearen arduradunak, erresistentzia horrek osasunean duen eraginaren berri eman digu, baita prebentzio neurriak azaldu ere.
Antibiotikoekiko erresistentzia noiz eta nola gertatzen da
Antibiotikoak dira bakterioek eragindako infekzioei aurre egiteko eta haiek tratatzeko erabiltzen diren sendagaiak. Sendagai horiek erabiltzean bakterioak sendagaiari aurre egiteko mutatuz gero, antibiotikoekiko erresistentzia sortzen da. Hau da, bakterioak beraiek bihurtzen dira antibiotikoekiko erresistente, ez gizakiak edo animaliak. Botikekiko erresistentzia duten bakterio horiek, hortaz, infekzioak eragin diezazkiekete gizaki eta animaliei, eta haien infekzioak bakterio ez erresistenteak baino zailagoak izaten dira tratatzeko.
OMErentzat, erabateko lehentasuna du antibiotikoekiko erresistentziaren kontrako borrokak
Osasunaren Mundu Batzarrak antimikrobianoekiko erresistentziari buruzko mundu mailako ekintza plan bat onartu zuen 2015eko maiatzean, zeinak barne hartzen baitzuen antibiotikoekiko erresistentzia ere. Haren xedea da gaixotasun infekziosoak botika eraginkor eta seguruen bidez prebenitzen eta tratatzen jarraitu ahal izateko bermeak ezartzea.
Sendagaien erdiak baino gehiago modu desegokian agintzen, ematen edo saltzen dira, eta pazienteen erdiak ez ditu hartzen behar den moduan, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jakinarazi duenez. Beraz, errezetarekin nahiz errezetarik gabe saltzen diren botikak modu desegokian erabiltzen dira, gehiegi erabiltzen direlako, gutxiegi erabiltzen direlako edo behar ez denean erabiltzen direlako.
Sendagaiak behar ez bezala erabiltzea
Sendagaien erabilera desegokia dakarten arazoen artean, honako hauek aipatu ditu OMEk: polifarmazia (botika gehiegi hartzea); antibiotiko eta indizioen gehiegizko erabilera; botikak irizpide klinikoekin bat etorri gabe agintzea; eta nork bere burua modu desegokian medikatzea.
Antibiotikoen gehiegizko erabileraren ondorioak
Antibiotikoen gehiegizko erabilerak areagotu egiten du antimikrobianoekiko erresistentzia eta gaixotasun infekziosoei aurre egiteko eraginkortasuna galtzen duten botiken kopurua. Kirurgia prozedura eta neoplasiaren kontrako tratamendu asko eta asko ezin egin litezke infekzioei aurre egiteko antibiotiko egokirik gabe. Erresistentziak luzatu egiten ditu gaixotasunak eta ospitaleko egonaldiak, eta sare sanitarioak kolapsatu litzake, gaur egungoaren moduko egoera kritiko batean, pandemia egoerak sistemari eragin dion saturazioa kontuan hartuta.
Sendagaiak desegoki erabiltzen laguntzen duten faktoreak
OMEren arabera, sendagaien erabilera desegokiaren arrazoi nagusiak dira jakintza teoriko eta praktiko nahikorik eza, diagnostikoari buruzko zalantzak, sendagaiak agintzen dituztenek ikuspegi diagnostiko optimoen behar adinako ezagutzarik ez izatea, informazio independenterik eza, hala nola pazienteen jarraipenerako irizpide klinikoak edo aukerak, eta balizko auziekiko beldurra.
Sendagaien erabilera hobetzeko estrategiak
“Garabidean dauden herrialdeetako lehen arretan botiken erabilera hobetzeko estrategia eraginkorrenaren oinarriak dira langile sanitarioen prestakuntza eta ikuskapena, kontsumitzaileen hezkuntza eta botika egokien hornidura, kantitate egokitan”, OMEk dioenez; nolanahi ere, orobat dio esku-hartze bakartuak egiteak eragin murritza duela.
Gaur egungo adierazleen arabera, beren burua medikatzen dutenen artean, gehienek modu kontzientean eskuratzen dute botika –jakin arren antibiotikoak erabiltzeko errezeta behar dela– eta beren kasa kontsumitzen dute, erabilera desegokia eginez.
Antibiotikoekiko erresistentziaren ondorioz, garestitu egiten dira kostu medikoak, luzatu ospitaleko egonaldiak eta handitu hilkortasuna. Antibiotikoen aurkako erresistentzia, gaur egun, osasun publikoaren mehatxurik nagusietako bat da. Oso garrantzitsu da guztiek, bereziki osasun adituek, elkarrekin lan egitea, mehatxu handi hori geldiarazteko.

Javier de la Fuente Dk.
Mutualiaren Infekzio Batzordearen Arduraduna
