Antibiotikoen Erabilera Arduratsuaren Europako Egunarekin
Itzuli

Antibiotikoek EZ dute edozer sendatzeko balio

Antibiotikoek EZ dute edozer sendatzeko balio“, aurten ere lelo printzipal horren bueltan egingo dugu bat Antibiotikoen Erabilera Arduratsuaren Europako Egunarekin eta Antibiotikoen Erabilerari buruzko Kontzientziazioaren Mundu-astearekin, zeina sortu baitzen antibiotikoen erabilera egokiaren garrantzia ezagutarazteko eta haien eraginkortasuna eta pertsona guztien osasuna babesteko helburu nagusiarekin.  

Antibiotikoekiko erresistentzia da gaur egun munduan osasunerako, elikadura segurtasunerako eta garapenerako dagoen mehatxurik handienetako bat 

Antibiotikoak medikamentuak dira, bakterioen infekzioei aurrea hartzeko eta horiek tratatzeko erabiltzen direnak. Bakterioek antibiotikoekiko erresistentzia sortzen dute, eraldatu egiten direlako farmako horiek erabiltzen direnean. 

OMEren datuen arabera: 

  • Medikamentuen erdiak baino gehiago era desegokian agintzen edo ematen dira, eta pazienteen erdiek ez dituzte behar bezala hartzen. 
  • Egunetik egunera, ugaritzen ari dira infekzioak, eta tratamenduak gero eta zailagoak dira, antibiotikoek eraginkortasuna galtzen dutelako. 
  • Antibiotikoekiko erresistentzia dela medio, ospitaleko egonaldiak luzatu egiten dira; gastu medikoak handitu, eta heriotza kopurua igotzen da. 

Medikamentuak zergatik ez diren behar bezala erabiltzen 

OMEk dioenez, hauek dira medikamentuen erabilera okerra eragiten duten faktore nagusiak: ezagutza teorikoen nahiz praktikoen falta, zalantzak diagnostikoetan, preskriptoreek ikuspegi diagnostiko optimoen gainean duten ezagutza falta, informazio independenterik eza —hala nola jarraibide klinikoak edo pazienteei jarraipena egiteko aukeren jarraibideak— eta auzibideetan sartzeko beldurra. 

Antimikrobianoekiko erresistentziarako ekintza-plana 

2015eko maiatzean, Osasunaren Mundu Batzarrak ekintza-plan bat onartu zuen antimikrobianoekiko erresistentziaren gainean (antibiotikoekiko erresistentzia barne), farmako eraginkor eta seguruen bitartez gaitz infekziosoen prebentzioa eta tratamendua egiteko helburuz. 

Ekintza-plan horrek bost helburu estrategiko ditu: 

  • Antimikrobianoekiko erresistentziaren arloan sentsibilizazioa eta ezagutza hobetzea 
  • Zaintza eta ikerkuntza indartzea 
  • Infekzioen intzidentzia gutxitzea 
  • Medikamentu antimikrobianoen erabilera optimizatzea 
  • Antimikrobianoekiko erresistentzia borrokatzeko inbertsio iraunkorrak egiten direla ziurtatzea 

Estrategia Mutualian 

Mutualiak Infekzioen Batzordea du; bera arduratzen da ekintza ezartzeaz hiru ardatzen bueltan: 

  • Infekzioen prebentzioa. Zenbait protokoloren bidez, besteak beste: 
  • Eskuen higienea 
  • Tresneriaren eta ekipamenduaren higienea 
  • Osasun egoitzen garbitasuna 
  • Ingurumen arloko biosegurtasuna 
  • Antibiotikoen erabilera arduratsua 

Erabilera arduratsua eta zorrotza egitea behar den kasuetan; errezeta behar bezala agintzea eta pazienteari nola erabili behar duen eta oker erabiltzeak zer-nolako arriskuak dakartzan jakinaraztea. 

  • Gorabeheren jakinarazpena 

Infekziorik detektatzen bada, erregistro bat bete behar da. Hala, Infekzioen Batzordeak, hiru hilean behin, germenen eta duten erresistentziaren gaineko azterketa bat egiten du, eta infekzio horiei aurrea hartzeko eta berak kontrolatzeko behar diren ekintza zuzentzaileak ezartzen ditu. 


Mutualiaren Infekzioen Batzordea 

Lotutako berriak