Tentsioak askatzen ditu, eta, aldi berean, sasoian egoten lagunduko dizu
Futboleko modalitateen artean, areto-futbola da gure artean gehien egiten denetako bat, aspalditik. Adin guztietako jendea aritzen da kirol honetan, eta, azkenaldian, nesken artean ere ospe handia du. Izan ere, emakumeen Bilbo Fútbol Sala taldea Lehen Mailan dago gaur egun, 2019an igo ondoren. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan klub asko daude maila eta kategoria guztietan, hala gizonezkoetan nola emakumezkoetan, amateur mailan asko jokatzen den kirol honetan; hain zuzen ere, lagunarteko partidak egiten dira astean zehar eta asteburuetan. Espezialitate honetan aritzea oso onuragarria da, dibertigarria izateaz gainera. Lehenago esan dugun moduan, edozein adinekin jokatu daiteke kirol honetan, eta txikienak 6 edo 7 urterekin hasten dira. Abantailetako bat talde-lana sustatzen duela da, arreta handia jarri behar baitzaio gure kideek egiten dutenari; halaber, kirolari eskuzabala izan behar da, saria talde osoarentzat baita. Areto-futbolean dinamismoa, erresistentzia, abiadura eta arintasuna behar dira; horregatik, modalitate benetan osoa da, ikuspegi guztietatik. Gainera, kirol honetan aritzen direnek beren kontzentrazioa, erabakiak hartzeko gaitasuna eta ekimena hobetzen dituzte.
Jokalariek adiskidetasuna, taldean jokatzearen erantzukizuna eta hobetzeko grina bizitzen dituzte, adimen emozionala eta nortasuna garatzeko eta sasoi ona lortzeko helburua betetzen ari direla, areto-futboleko zelaian oso ondo pasatzen duten bitartean. Zelaia futbolekoa baino askoz ere txikiagoa da. Intentsitatea askoz ere handiagoa da, baloia beti hurbil dagoelako, eta erasoko eta defentsako jokaldiak bata bestearen atzetik etortzen dira. Beraz, beste kirol batzuk baino azkarragoa da, toki txikiagoan jokatzen delako; gainera, kokapenak etengabe aldatzeak, jarrerek, lasterketek eta mugikortasunak jokalarien gaitasun fisiko eta mentalak hobetzea eragiten dute. Kirol honek gure
gorputzaren beheko atala sustatzen du nagusiki; horregatik, jokalarien hankek indar handiagoa hartzen dute. Areto-futbolak, modu zehatzagoan kontrolatzen eta asko aztertuta prestatzen denez, onura handiak ekartzen dizkie haurrei. Mota honetako espezialitateek sozializatzen laguntzen dute, denbora, ahalegina, eta garaipenak eta porrotak partekatzen baitira taldekideekin.
Gure lurraldeetako herrietako zelai eta kiroldegi askotan entrenamendu eta partida asko egiten dira (ofizialak zein lagunartekoak), eta sasoia mantentzeko eta hobetzeko balio dute, bai eta tentsioak askatzeko ere, baldin eta kirola behar bezala ulertzen bada, hots, partida guztietan egon behar diren jokabide onaz eta kiroltasunaz. Areto-futbolean ere teknika handia behar denez, asko laguntzen du azkar eta eraginkortasunez pentsatzen, duen dinamismoagatik, bai eta joko-eremu txiki batean tokiak sortzeko, driblatzeko eta baloia pasatzeko beharragatik ere. Azken finean, modalitate honek, gainera, gaitasun kardiobaskularra hobetzen du, hanketako giharrak indartzen ditu, odola oxigenatzen du eta erreakzio-abiadura, koordinazio motorra eta ikusmen periferikoa estimulatzen ditu. Halaber, testosterona-maila handitzen du, jauziak indartzen laguntzen du, sozializatu egiten du, eta taldean lan egiten eta aurkariak errespetatzen irakasten die jokalariei. Jarduera osoa eta gogobetegarria da, eta adin guztietako jendeak hautatzen du.
