el ejercicio es medicina
Itzuli

Ariketa fisikoa, sendabiderik onena zenbait gaixotasun saihesteko eta tratatzeko 

Ariketa sendabide gisa 

 
Aramendi doktorea kiroleko medikuntzako espezialista da Mutualiaren Pakea Klinikan. Haren arabera, ariketa fisikoa oso garrantzitsua da zenbait gaixotasun saihesteko eta tratatzeko oinarrizko tresna terapeutiko gisa, eta eragin handia du heriotza-tasan.  “Ariketa sendabidea da” kontzeptua American College of Sports Medicinek sustatu du, eta medikuek pazienteei ariketa gehiago egiteko agindu behar lieketela bultzatzen du. Hori guztia ebidentzia zientifikoan oinarrituta dago; ikerketa ugariren arabera (besteak beste, British Medical Journal aldizkarian argitaratutakoa), gutxienez gaixotasun koronarioan, iktusean, bihotzeko gutxiegitasunean eta diabetesaren prebentzioan, ariketak heriotza-tasa txikitzen du, eta gaixotasun horiek tratatzeko erabiltzen diren botiken kopurua murriztu ere bai. 

Ebidentzia zientifikoa  

Ariketak onura egiaztatuak ditu 26 gaixotasun kronikotan, hala nola asaldura muskuloeskeletikoak, minbizia, gaixotasun neurologikoak eta kardiobaskularrak. Ariketak benetako “polipilula” gisa jokatzen du, osasun mentalean ere efektu positiboak baititu, eta depresioaren, antsietatearen, estresaren eta eskizofreniaren sintomak arintzen baititu. Zenbait ikerketak adierazten dute depresioan ariketa fisikoaren efektua ohiko antidepresiboena bezain garrantzitsua dela.  

Nola eragiten du ariketa fisikoak gure gorputzean eta adimenean?  

Muskulua gure mugimenduen eragilea da, eta, horrez gain, benetako organo hormonal gisa jokatzen du, eta miokina izeneko dozenaka substantzia jariatzen ditu. Substantzia horiek askotariko efektu onuragarriak dituzte organismoan; esaterako, hantura murriztea, zirkulazioa hobetzea eta zelulek oxigenoa hobeto erabiltzea. Besteak beste, horrexegatik ditu ariketak efektu onuragarriak hainbeste gaixotasunetan. 

Ariketa tratamendu medikoan integratzea 


Atseden hartzea beti izan da gaixotasunen bat duten pazienteentzako gomendio nagusia. Hala ere, gaur egun, badakigu aktibo egotea funtsezkoa dela bizkorrago eta modu eraginkorragoan sendatzeko. Ariketa fisikoak onura asko izan ditzake: gaixotasunak saihesten laguntzeaz gain, tratamendu medikoen eraginkortasuna hobetu eta albo-ondorioak murriztu ere egiten ditu. 

Ariketa-errezeta: 150+2 


Proposatutako “150+2” errezetan, astean gutxienez 150 minutuz erresistentzia ertaineko ariketa egin behar da (adibidez, oinez ibiltzea edo bizikletan ibiltzea), eta beste 2 egunetan, indar-entrenamendua.  

Nahiz eta indar-entrenamendua beti gizonei lotuta egon den, frogatu da erregulartasunez halako entrenamendua egiten duten emakumeei sintoma fisikoak arintzen zaizkiela (esaterako, mina, sentsibilitatea, bularreko mina eta idorreria), baita sintoma psikologikoak ere (adibidez, antsietatea, depresioa eta hilekoaren aurreko suminkortasuna). Gainera, zenbait ikerketa zientifikoren arabera, indar-entrenamenduak efektu analgesikoa du: zoriontasun-sentsazioa hobetzen du, eta osasun mentala babesten du.  

Ariketa fisikoa pertsona bakoitzaren egoerara egokitu behar da, baina erregulartasunez egitea funtsezkoa da osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko, baita gaixo egotean ere. Aramendi doktorearen hitzetan, “benetako pilula” da, eta denok sartu behar genuke gure eguneroko bizitzan, modu osasungarriago eta osoagoan bizitzeko. 

Lotutako berriak