Itzuli

Ariketa sendagaia da, baita laneko medikuntzan ere

Elkarrizketa honetan, Aramendi doktoreak, Mutualiako Pakea klinikako kirol-medikuntzako mediku espezialistak, ariketa fisikoak osasunari dakarzkion onurez eta heriotza-tasan duen eraginaz hitz egin digu, ebidentzia zientifikoa oinarri hartuta. 

  • “Ariketa sendagaia da” American College of Sports Medicine-ren (Kirol Medikuntzaren Amerikako Elkargoa) marka erregistratua da. Zertan oinarritzen da? 

Funtsean, ideia honetan: medikuok ariketa fisiko gehiago errezetatu beharko geniekeela geure pazienteei. 

  • Zer zehaztasun metodologikorekin esan daiteke ariketak heriotza-tasan duen eragin onuragarria farmako askok dutenaren antzekoa dela? 

2013an, zehaztasun metodologiko oso handiko artikulu bat argitaratu zen British Medical Journal aldizkari entzutetsuan. Ikerketa hartan, zenbait gaixotasunen ondoriozko heriotza-tasan ariketak duen eraginari buruz argitaratu diren azterlan guztiak bildu zituzten, eta, horiekin batera, patologia horiengatiko heriotza-tasan medikamentuek zer eragin duten aztertuta zuten saiakuntza kliniko guztiak ere bai. Ikerlanen kalitatea baloratu zuten, eta onenen datuak bakarrik hartu zituzten. Emaitzak aztertuta, ondorioztatu zuten gaixotasun koronarioen, iktusen, bihotzeko gutxiegitasunaren eta diabetesaren prebentzioaren kasuan, behintzat, ariketak heriotza-tasa gutxitzen duela, gaitz horietarako erabili ohi diren botiken neurri berean. 

  • 2015eko “Exercise as medicine – evidence for prescribing exercise as therapy in 26 different chronic diseases” artikuluaren arabera, ebidentziak dio ariketa fisikoak onura dakarrela 26 gaixotasun kronikoren kasuan: nahasmendu muskuloeskeletikoak, gaixotasun neurologikoak, minbizia, gaitz endokrinologikoak eta kardiobaskularrak, funtsean. 
  • NME-en kasuan, eta zerbikalgian, lunbalgian eta artrosian zentratuz, zein da errezetarik egokiena? 

Egia esateko, ariketaren abantailetako bat da errezeta berak gaixotasun gehienetarako balio duela. “150+2” da errezeta hori.  

  • Deskribatuko diguzu? 

Kontsentsuz ezarrita dago ariketa fisikoaren onura guztiez gozatzeko erresistentzia- eta indar-ariketak egin behar direla. 

150 zenbakiak adierazten du pazienteak astean gutxienez 150 minutuz egin behar duela erresistentzia-ariketa (oinez ibili, bizikleta, mendia, dantza, eliptikoa…), neurriko intentsitatean, etaastean bi egunetan, gutxienez. 

+2k esan nahi du astean bi egunetan, gutxienez, pazienteak indar-ariketak egin behar dituela (pisuak, makinak, gomak, zintak, norberaren gorputzaren pisua erabilita…), bere gehieneko indarraren % 50ean. Muskulu-talde handien 8-10 ariketa egin behar dira, 10-12 errepikapeneko 2-3 sailetan. 

  • Bularreko minbiziaren kasuan, frogatuta dago ariketa fisikoaren eta heriotza-tasaren arteko loturarik? 

Bai. Bularreko minbizia duen paziente batek astean 4 orduz egiten badu ariketa, haren hilkortasuna % 22 jaisten da, eta astean 7 orduz egiten badu, % 40. 

  • Esan dezakegu ariketa benetako polipilula dela. Gure osasun emozionalari ere eragiten dio? 

Hala da, bai. Gutxienez 26 gaixotasunetan eragina duen beste botikarik ez dago; eta, gainera, kontrako hain efektu gutxirekin. Lehen aipatutako bigarren artikuluan, erakusten da ariketa eraginkorra dela depresioaren, antsietatearen, estresaren eta eskizofreniaren kasuan.  Lan batzuek frogatu dute ariketak depresioan duen eragina ohiko antidepresiboena bezain garrantzitsua dela. 

  • Nola eragiten du ariketa fisikoak gure gorputzean eta gogoan, hain onuragarria izateko? 

Duela urte batzuk dakigu muskuluek, lanean ari direnean, benetako hormona-organo batek bezala jarduten dutela. Dozenaka substantzia jariatzen dituzte, miokina izenekoak; horiek era askotako efektuak dituzte hainbat ehun eta organotan. Substantzia horietako batzuk antiinflamatorioak dira; beste batzuek odol-fluxua hobetzen dute; beste batzuek, berriz, zelulek oxigenoa hobeto erauztea eragiten dute… Mekanismo horien eta beste batzuen bitartez gauzatzen da ariketak gaixotasun askotan duen eragin onuragarria. 

  • Medikuek ariketa fisiko gehiago errezetatu beharko liekete beren pazienteei? 

Zalantzarik ez! 150+2, paziente gehienentzat. 

Lotutako berriak