Itzuli

“Ariketa fisikoaren eragina gaitza tratatzeko hartzen diren botikena bezain indartsua da”

Joan den asteazkenean, ekainaren 26an, “Ariketa sendagaia da” jardunaldia izan zen Mutualiaren Pakea Klinikan, Mutualiaren Osasun Hezkuntzako Ikasgelen esparruan. Jardunaldiaren xedea zen osasun-arloko langileei osasun-prestakuntza eta -zabalkundea eskaintzea. Gaian adituak diren lau mediku hauek parte hartu zuten:

  • José I. Emparanza, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Epidemiologia Klinikoaren Unitateko medikua: ariketak izan ditzakeen onura sendagarriei buruz aritu zen.
  • José F. Aramendi, Pakea Klinika eta Osasunkiroleko medikua: heriotza-tasaren eta ariketa fisikoa egitearen artean dagoen harremanaz hitz egin zuen.
  • Javier Barrera, Real Sociedadeko medikua: pazienteei ariketa fisikoa preskribatzeak duen eraginaz jardun zuen.
  • Xabi Valencia, Sociedad Deportiva Eibar-eko medikua: ospitaleratutako pazienteen eta ariketa fisikoaren arteko harremanaz hitz egin zuen.

Jardunaldiaren amaieran, elkarrizketa egin ahal izan genion José F. Aramendiri, eta ariketa fisikoaren eta heriotzen arteko erlazioaz egin genizkion hainbat galderari erantzun zien.

  • Ariketa fisikoa eta heriotza-tasa. Nondik hasiko gara?

Hasteko, ariketa fisikoari eta heriotza-tasari dagokienez, nire ustez, osasun-arloko profesionalek ondo jakin beharko lukete arriskurik handieneko faktorea sedentarismoa dela. Sedentarismoak areago igotzen du heriotza-tasa, obesitateak, hipertentsioak eta kolesterol altuak baino. Bestetik, ariketa fisiko erregularrari esker, gure egoera fisikoa 1 MET hobetzen badugu, gure heriotza-tasak %16 edo 17 egingo du behera; eta eskuan dugun indarra kilo batean handitzeko gai bagara entrenamendua eginez, gure heriotza-tasak %2 edo 4 egingo du behera.

  • Zer da gaixotasunak dituzten lagunentzako gainbegiratutako jarduera fisikoa? Nori dago zuzenduta?

Gainbegiratutako ariketa terapeutikoa ariketa terapeutiko berezi bat da, osasun-langileek etengabe gainbegiratzen baitute pazientea, ariketa egiten duen bitartean. Gaixotasun batzuetan, gainbegiratutako ariketa terapeutiko hau eraginkorragoa da gainbegiratu gabe egiten dena baino, esate baterako, aldizkako klaudikazioan edo “erakusleihoetako gaitzean”; gaixotasun honek min bizia eragiten du hanketan ibiltzean, hanketako arterien arteriosklerosiaren ondorioz.

  • Zein min-motaz ari gara?

Gaur egun, ondo dakigu ariketa lagungarria dela tratamendu gisa gutxienez 26 gaixotasunetan, eta, haietako batzuetan, ariketaren eragina gaitza tratatzeko hartzen diren botikena bezain indartsua dela.

  • Nola preskribatzen da ariketa?

Onura horiek guztiak lortzeko, gomendatzen den gutxieneko dosia da astean 150 minutuan ariketa aerobikoa egitea, eta astean indarreko ariketen 2 saio egitea.

  • Zer emaitza lor daiteke?

Ariketa fisiko erregularra eginez lortzen diren onurak ez dira soilik ikusten heriotza-tasaren jaitsieran; bestela ere islatzen dira, besteak beste: bizitza-kalitatea igotzea, antsietateak behera egitea, lo-aldiaren kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboa hobetzea.

Lotutako berriak