Arrantza-sektorea funtsezkoa da munduko ekonomian, eta batik bat Espainiakoan, arrantza eta akuikultura enplegu- eta elikagai-iturri handiak izanik. Laneko istripu-tasa handia duten sektore horietako bat da. Gizarte Segurantzak emandako azken datuen arabera, gaur egun, Espainian, 30.000 langileri baino gehiagori eragiten die, eta lanaldiaren barneko istripu-intzidentzia Espainiako batezbestekoa ia halako bi zen 2023. urtean. Egoera hori agerikoagoa da istripu-intzidentzia hilgarriei erreparatuz gero; arrantza eta akuikultura sektorearen indizea indize orokorra halako 10 da, eta istripu guztien % 1,78 hartzen ditu.
Sektoreak hainbat bereizgarri ditu, nabigazioaren beraren ondorioz. Hauek dira: lantokia plataforma mugikor bat da (itsasontzia, mugimendu etengabean dagoena); maiz izaten dira kontrako baldintza klimatologikoak; makina arriskutsuak erabiltzen dira lanean, eta zarata, bibrazio, zama fisiko, muturreko tenperatura, agente kimiko eta biologiko eta abarrekiko esposizioa jarraitua da. Gainera, intimitaterik eza gehitu behar zaio horri guztiorri, baita espazioak murritzak direla eta familiatik urrun egoteak eragindako bakardade-sentimendua ere.
Horrek guztiak arrisku sorta zabala eragiten du (erorikoak, kolpeak, harrapatzeak, itotzeak, etab., eta arrazoi psikosozialen ondoriozko beste batzuk).
Arrisku horiek apaltzeko eta lan-baldintzak hobetzeko, erreferentzia-agiri hau dugu: Arrantza ontzien erabilerari loturiko arriskuen balorazio eta prebentziorako gida teknikoa Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalak (LSOIN) 2004an argitaratu zuen 1216/1997 Errege Dekretua betez (ED horrek arrantza ontzietako lan-segurtasuneko eta -osasuneko gutxieneko xedapenak arautzen ditu). Gero, 2023. urtean, eguneratu egin zuen, kontzeptuak gaurkotzeko eta 618/2020 Errege Dekretua betetzeko (ED horrek arrantza-sektoreko lan-baldintzak hobetzen ditu). Gidak kontuan hartzen ditu itsas segurtasunari buruzko beste arau batzuk ere, esaterako, 1032/1999 EDa eta 543/3007 EDa.
Gida teknikoa izanik, laguntza-tresna bat izatea du xede, armadoreek, eskifaiak eta agintariek errazago interpretatu dezaten araudia, arriskuen prebentzioa hobetzeko. Bi bloketan egituratuta dago: bata, 1216/1997 EDari buruzkoa; bestea, 618/2020 EDari buruzkoa. Administrazio publikoek arrantza ontzien gainean egiten dituzten kontrolak —laneko segurtasuneko eta osasuneko alderdiak barnean hartzen dituztenak— xehe azaltzen diren eranskin bat ere badu.
- blokea, 1216/1997 EDa betetzen duena, erreferentzia tekniko ezinbestekoa da, arrantza ontzietako arrisku ohikoenak eta egiturazko arriskuak ebaluatu eta prebenitzeko. Arrantza-lanari datxezkion arriskuak azaldu, eta arrisku horiek prebenitzeko irizpide teknikoak eta gomendioak ezartzen ditu, hala nola, ontziaren baldintzen ebaluazio espezifikoa, mantentze-lanak, seinaleztapena, taldearen eta norberaren babesa, prestakuntza eta informazioa, kontsulta eta parte-hartzea, etab.
- blokea 618/2020 EDak egindako hobekuntzetan ardazten da. Horien xedea da eskifaiaren bizi-kalitatea handitzea eta ontziak maila handiagoko bizigarritasun- eta ongizate-estandarretara egokitzea. Lanaldiei eta atsedenaldiei buruzko nahitaezko betekizunak ezartzen ditu, baita gela duinak eta espazio komun egokiak izateko irizpide teknikoak ere (aireztapena, argiztapena, gutxieneko neurriak, higienea isolamendu termiko eta akustikoa, uraren edangarritasuna, etab.). Halaber, eskifaiari bizigarritasun- eta ongizate-estandar berriei buruzko prestakuntza ematea exijitzen du. Azkenik, laneko arriskuak prebenitzeko arauen eta itsas arauen koordinazioan egiten du azpimarra, betetze integrala ziurtatzeko.
Azkenik, eranskinean, administrazio publikoek arrantza ontziei egiten dizkieten laneko segurtasun eta osasuneko administrazio-kontrolak xehe azaltzen dira. Egin beharreko ikuskapenak eta egiaztapenak ere adierazten dira, esaterako, ontziko bizi-baldintzak betetzearen gainekoa, segurtasun ekipoen eta instalazioen mantentzearen gainekoa, lanaldiak eta atsedenaldiak betetzearen gainekoa, etab. Gainera, kontrol horiek egiteko eskumena duten organismoak aipatzen dira (Merkataritzako Nabigazioaren Zuzendaritza Nagusia, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza, Itsasoko Gizarte Institutua…), baita ikuskapenetan sarrien detektatzen diren ez-betetzeak ere.
