ekfb
Itzuli

Arrauna, osagarri gomendagarria

Hurbiltzen ari zaigu arraunaren denboraldi berri baten unerik gorenetako bat. Sustrai sendoak ditu kirol honek gure artean, eta jarraipen handia du beti, bai horretan jarduten dutenei dagokienez bai Kantauri itsasoan udan hain ugariak diren estropadak ikustera joaten direnei dagokienez. Kirolari asko daude sartuta euskal klubetan: Arkote, Bermeoko A. E., Orio, Donostia Arraun Lagunak, Deustuko Arraun Taldea, Hernaniko A. E., Getxoko Arriluze, Getariako A. E., Hondarribi, Hibaika, Mundakako A. E., Mutriku, Kaiku, Lutxana, Itsasoko Ama, Ilunbe, Isuntza, Kaiarriba A. E., Ondarroa, Zumaia, Zierbena, San Pedro, Santiagotarrak, San Nicolás, Tolosaldea, Pasai Donibane Koxtape, Raspas del Embarcadero, Zarauzko A. E. eta Ur Kirolak. Jarduera fisiko osoenetako bat proposatzen dute horiek guztiek; izan ere, arraunak gorputzeko gihar gehienak aktibatzea lortzen du.

Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren sail honetatik jakinarazten dizuegu arraunarekin irabazi egiten dela erresistentzia fisikoa, eta, aldi berean, indartu egiten dela sistema kardiobaskularra; horrez gainera, murriztu egiten da estres maila. Bestalde, aire zabalean zein indoor egin daitekeen kirola da, hainbat arraun makina baitaude, eta horiek guztiak oso aukera ona dira entrenamendurako, arriskuan jarri gabe bizkarra edo artikulazioak. Arrauna hautatzen dutenek pisua gal dezakete, kaloriak erretzen dituzte eta beren egoera fisikoa hobetzen dute, maila handi batean. Izan ere, gorputz osoa aktibatzen duen modalitatea da arrauna. Besoek, enborrak, aldakak eta hankek bat egiten dute, eta bihotza, birikak eta burua jartzen dituzte lanean, norberak erabakitzen duen errendimenduaren arabera.

Gorputzeko giharrak mugimendu maila handian luzatu eta uzkurtzen dira jarduera mota honetan. Horrez gainera, egiten den ariketa fisikoa, indoor arraun makinetan esate baterako, ezin hobea da lesio baten ondoren errehabilitazioa behar duten pertsonentzat. Eta beste entrenamendu aerobikoek ez bezala, hala nola korrika, indoor arraunak inpaktu txikia eragiten die kaltetuta dauden artikulazioei. Onuragarria da, halaber, koordinazioa, malgutasuna eta oreka lantzeko. Batzuek arrauna egiten dute osagarri gomendagarria delako beste kirol mota batzuetarako, esate baterako txirrindularitzarako edo igeriketarako. Denboraldiro egin liteke, forma ez galtzeko, edo beste jarduera fisiko batekin batera, gihar multzo desberdinen arteko desorekak saihesteko helburuarekin.

Gero eta gehiago lantzen da gorputza arraun makinan, eta oso egokia da gihar multzo bat baino gehiago aldi berean landu nahi denean, edo erresistentzia fisikoa, malgutasuna eta indarra sendotu eta hainbat giltzaduraren mugikortasuna hobetu nahi denean. Arraunean, gorputzaren parte handi batek jarduten du, eta gorputzaren goiko aldea zein behekoa lantzen dira. Esate baterako, besoak etengabe luzatzen eta tolesten dira, eta horregatik lantzen dira gihar guztiak, baita besagainak ere. Hori bera gertatzen da hankekin, batera erabiltzen baitira bernak, izterrak, ipurmasailak eta aldakak. Arraunak, halaber, enborraren goiko aldea indartzen eta tonifikatzen du, besagainek, bularrak eta bizkarrak parte hartzen baitute mugimenduan. Horrez gainera, erresistentzia ariketa bikaina da, gantza erretzen du eta oso onuragarria da bihotzaren eta zirkulazio sistemaren funtzionamendurako. Gihar multzo ugariren mugimendua eragiten duenez, hobetu egiten du gorputz osoko odol zirkulazioa, eta aurrea hartzen die osasun kardiobaskularrari kalte egin diezaioketen gaixotasunei. Arrauneko saio bizi batean 125 kaloria erre litezke ordu laurdenean, eta 500 kaloria inguru ordubetean. Beste abantailetako bat adrenalinaren deskarga da, handitu egiten da endorfina kopurua eta arindu egiten ditu tentsioak; hori dela eta, urduritasuna eta estresa murrizten laguntzen du.

Hori bai, treineru estropada batean ikus daitekeenez, sakrifizio handia egin behar da goren mailan lehiatzeko. Kirol honetan, gihar multzo asko lantzen dira mugimendu zabal baten bitartez. Belaunek, aldakek, besoek eta besagainek 90 eta 130 gradu bitarteko errotazioa egiten dute arraunkada bakoitzean, gainerako jarduera aerobiko gehienetan baino gehiago. Inpaktu txikikoa denez, hanketan indarra lantzen duten gainerako jarduerak baino egokiagoa da belaunentzat. Estropada sasoia dugu hau. Euskal Herriko herri askotan antolatzen dira estropadak, eta indoor arraunarekin ere saia zaitezkete. Bai gizonezkoen bai emakumezkoen treineruetarako, baten batek egingo du jauzi itsasora egunen batean.

Lotutako berriak