Arraunketa, historiaren arabera, gure artean errotuen dagoen kiroletako bat da. Orain, uda garaian, Euskal Federaziora atxikitako klub askok praktikatzen dute. Hasita dago, adibidez, traineruen denboraldia, kirol horren zaleen artean halako grina sortzen duena. Praktikatzen dutenek onura fisiko asko dituzte. Onura horiek beste modalitate batzuen osagarri izan daitezke, hala nola korrika egin, igeri egin, txirrindularitza edo beste edozein jarduera.
Traineruen garaia da. Traineru-tripulazio bat hamahiru arraunlarik eta patroi batek osatzen dute. Arraunlariak biko sei zerrendatan banatuta egoten dira, gehi brankakoa; azken hori bere aurreko tostan egoten da. Kirolari batek ababorrean arraun egiten du, eta besteak istriborrean. Bizkarrez egiten dute, hau da, popara begira. Patroia zutik egoten da popan, brankara begira, eta bere arraunarekin ontzia gidatzen du. Kirol honetan gihar-multzo asko lantzen da, mugimendu zabal baten bidez. Belaunek, aldakak, besoek eta sorbaldak 90etik 130era graduko errotazioa egiten dute arraunkada bakoitzean, gainerako jarduera aerobiko gehienetan baino handiagoa. Giharren lanketa horrek arrauna kaloria erretzaile handi bihurtzen du, eta, aldi berean, malgutasuna eta indarra garatzen ditu. Gainera, arraunean ez dago talkarik, eta praktikatzen duen kirolariak kontrolatzen du intentsitatea. Espezialitate honek giharrak modu koordinatuan lantzeko aukera ematen du, eta horrek indarra maximoan, errepikatuz eta arin erabiltzea eskatzen du. Gihar-multzo nagusi bakoitzak laguntzen du ekintza horretan. Arraunkada bakoitzean hankak estutu eta zabaldu egiten dira, eta beraz, aztaletako, izterretako, izterreko bizepsetako, ipurmasailetako eta aldaketako giharrak lantzen dira. Inpaktu baxukoa denez, askoz ere erosoagoa da belaunentzat, hanken indarra garatzen duten gainerako jardueren ondoan. Arraunketa enborreko gihar abdominalak eta bizkarrekoak lantzen dituen ariketa-modu bakarretako da. Enbor sendo batek onura asko dakartza, hasi bizkar sendoago batetik eta jarrera hobe bateraino. Arraun egiteak goiko enborra ere indartzen eta suspertzen du. Sorbaldak, bizkarra eta besoak inplikatuta daude arraunkada bakoitzean. Estropadetako ekintza ikusgarria da. Bihotzari eta birikei on egiten die, esan dugun bezala, gihar-multzo askori batera lan eginarazten baitie. Beraz, arraunketa oso ona da sistema kardiobaskularrarentzat, osasun kardiobaskular hobea eragiten baitu. Goiko trena eta behekoa batera aritzen dira, eta horregatik jarduera hau erresistentzia orokor edo globalekotzat hartzen da. Arraunean egiten den keinua ez da ia traumatikoa artikulazioentzat, eta, beraz, ez dago lesioak izateko aukerarik. Hala ere, garrantzitsua da keinua modu egokian egiten jakitea. Arraunean egiteak gorputz osoari dakarkion mugimendu erritmiko naturalak kaloriak erretzeko aukera ematen du, hanketan karga handirik jarri gabe. Lantzen den gihar-kopuru handiaren artean, jarrerakoak eta egonkortzaileak dira nabarmen. Horrek bizkar osasuntsuagoa eta giharrak suspertzea eragiten du. Arraunak ariketa kardiobaskularra sustatzen du, hau da, bihotzak bere bihotz-maiztasuna handitzen du intentsitate txikiarekin. Horrek lan aerobikoaren eremuan jartzen gaitu, ohartu gabe, eta denborarekin mantendu ahal izango dugun intentsitate batean. Gainera, kirol ideala da errehabilitaziorako. Eta ez baduzue praktikatzen, goza ezazue udan. Gure gomendioa da. Estropadak ikusgarriak dira, eta gure euskal kostaldeko inguru idilikoetan egiten dira.