Tenperatura txikietan lan egitea arrisku garrantzitsua da zenbait sektoretan, hala nola nekazaritzan, arrantzan, eraikuntzan, basogintzan, elikagaigintzan eta hotz-ganberetako jardueretan. Horrelako egoerek baliteke osasunaren gainean berehalako ondorioak izatea eta segurtasuna arriskuan jartzea, prebentzioko neurri egokiak ezarri ezean. Horrenbestez, funtsezkoa da lan-inguruneko hotzaren ondoriozko arriskuak ulertzea langileen segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.
«Hotzak eragindako estresa: langileek truke termikoan eragina duten faktore fisikoen eta klimatikoen interakzioaren ondorioz (ingurune-baldintzak, jarduera fisikoaren maila eta erabilitako jantziak) jasaten duten gehiegizko bero-galerak eragindako karga termiko negatiboa». (Erreferentzia: NTP-1036. Hotzak eragindako estresa).
Hotzak eragindako ondorioak
Lan-ingurunean hotzaren eraginpean egoteak baliteke eragina izatea osasun fisikoan nahiz mentalean. Gorputz-tenperatura jaisteak baliteke hipotermia eragitea; haren hasierako sintomen artean daude sorgortasuna, hotzikarak eta nahasmendua, eta ondorioak larriak izan litezke behar bezala tratatu ezean. Larruazalak arriskua du gainazaleko izoztea edo izozte sakona izateko, batez ere ageriko aldeetan, hala nola aurpegian, eskuetan eta oinetan.
Tenperatura txikiek gutxitu egiten dute trebetasuna nahiz malgutasuna, eta gainera, nekea eragiten dute, kontzentratzea zailtzen dute eta produktibitatea murrizten dute; horrez gain, handitu egiten dituzte estres- eta antsietate-mailak, eta eragina dute bai gaitasun fisikoetan, bai kognitiboetan eta psikomotorretan. Halaber, aire hotzaren ondorioz gerta liteke arnasbideak narritatzea eta arnas infekzioekiko sentikortasuna areagotzea, eta horrek dakar laneko istripu eta lesio gehiago egotea.
Arrisku-faktoreak
- Ingurumen-baldintzak: haizea, hezetasuna eta tenperatura.
- Esposizioaren iraupena.
- Jarduera mota: lan estatikoak versus dinamikoak.
- Ekipamendu desegokia.
Hotzean lan egitea prebenitzeko neurri nagusiak
Funtsezkoa da gomendio hauek hartzea tenperatura txikien eraginpean dauden pertsonen gorputz-beroa atxikitzeko eta osasuna babesteko:
- Jantzi egokiak erabiltzea, baita arropa termikoak eta iragazgaitzak.
- Gorputz-adarrak oinetako eta osagarri egokien bidez babestea.
- Lehor egotea, eta arropa hezea ordeztea hotz-sentsazioa larriagotu ez dadin.
- Giro beroetan atsedenaldiak egitea eta elikagai beroak kontsumitzea.
- Langileei informazioa eta gaikuntza ematea (hotzaren arriskuen gainean eta hipotermia- eta izozte-sintomak goiz antzematen jakiteko).
- Langune isolatuak eta klimatizatuak bermatzea, posible den aldiro.
- Nork bere burua babesteko ekipo espezializatuak erabiltzea.
- Egoera meteorologikoa monitorizatzea eta prebentzio-neurriak haren arabera egokitzea.
Laneko hotzari aurre egiteko teknikaren eta antolamenduaren arloko neurriak
- Lanaren plangintza: berreskuratze termikorako ordutegiak eta aldiak antolatzea; lehenetsiko da hotz biziko uneetan hotzaren eraginpean ez egotea; zereginen txandaketa ezartzea giro hotzetan egondako denbora ahalik eta txikiena izan dadin; aldian behingo etenaldiak ezartzea gorputza berriz berotu dadin.
- Babes kolektiboa: instalazioak isolatzea eta klimatizatzea, eta behar bezala egokitutako atsedenguneak ematea; ingurune-egoera nahiz langileen osasun-egoera ikuskatzea, eta jarduerak bertan behera uztea behar izanez gero.
- Babes pertsonala: arropa eta babes-ekipo egokiak ematea, hala nola jantzi termikoak eta oinetako isolatzaileak.
- Prestakuntza eta zaintza: langileei arriskuen, diagnostiko goiztiarraren eta prebentzio-neurrien gaineko prestakuntza ematea; komunikazio-bide errazak izatea, arrisku-egoeren berri emateko eta proaktiboki jarduteko.
Larrialdien aurrean jarduteko protokoloak
- Hipotermia: berehala eramatea ingurune bero batera, arropa hezeak eranztea eta kanpoko beroa aplikatzea.
- Izozteak: ukitutako eremua ez igurztea, beroa mailaka aplikatzea eta arreta mediko espezializatua bilatzea.
Etenaldien eta atsedenaldien garrantzia
Hotzaren eraginpean egin beharreko lanetan funtsezkoa da maiz etenaldiak egitea osasuna zaintzeko eta energia berreskuratzeko. Ezinbestekoa da langileek atsedenaldiak baloratzea eta enpresek politikak hartzea halakoak ezar daitezen errazteko. Tenperatura txikien eraginpean egoteak ekarritako arriskuak gutxiagotzeko prebentzio-plan guztietan elementu nagusiak dira etenaldien kudeaketa egokia eta etengabeko prestakuntza.
