ARTECHE LANTEGI ELKARTEA SA, energia elektrikoaren arloko abangoardiako enpresa teknologiko eta berrikuntzako aitzindariak enpresa-berrikuntzako accesita jaso zuen 2025eko Mutualia Sarietan, adimen artifizialaren bidez neurrira egindako prestakuntza-bideo pertsonalizatuei buruzko proiektu batengatik.
Marta Ferrero Fraile, Global EHS Manager, elkarrizketatu dugu.

Zertan datza proiektua?
Barneko prestakuntza-sistema bat da, Artecheko langileek gure taldearentzat egindako bideoetan oinarritzen dena.
“Bideoetan, enpresaren berariazko edukia modu erakargarrian azaltzen da, langile guztiei Laneko Arriskuen Prebentzioko prestakuntza emateko”
Bideoak enpresaren egiazko beharretara eta ezaugarrietara egokituta daude, eta lan-inguruneko eta instalazioetan bertan egiten diren zeregin jakin batzuen irudiak dituzte. AAren bidez egin dira itzulpenak tokian tokiko hizkuntzetara, pertsona guztiek eduki berbera eskura dezaten.
Nola sortu zen lan-arloko berrikuntzaren proiektu honen ekimena?
Ekimena 2022aren amaieran sortu zen, Vidext startupa Artecherekin jarri zenean harremanetan, edukiak adimen artifizialarekin sortzeko plataforma eskaintzeko.
Lehenago jada identifikatuta genuen Artechen hobekuntzaren bat behar genuela laneko arriskuen prebentzioko prestakuntzan.
“Artechek garai hartan 13 ekoizpen-instalazio zeuzkan, eta hainbat herrialdetan kokatuta zegoen; beraz, hizkuntza, kultura eta legeen aniztasunak, eta langileen askotarikotasunak eduki bateratuak helaraztea zailtzen zuen”
Ondorioz, Vidextekin lan egiteko aukera hobekuntza-soluzio bat iruditu zitzaigun, taldeko instalazio guztietarako bateratu ahal izango genituelako prestakuntza, eta, ondorioz, prebentzioko irizpide, arau eta neurriak.
Zer rol jokatu du adimen artifizialak proiektu honetan?
Adimen artifizialari esker, bideoen edukiak arin eta erraz itzul ditzakegu, bai ahoz esaten direnak, bai irudietan gainidatzita ageri direnak.
“Tresna horri esker, bideoak beste hizkuntza batzuetara itzul ditzakegu, esaterako, ingelesera, turkierara, txinerara, indonesierara, are mexikar gaztelaniara ere. Hala, informazio bera jasotzen dute Artecheko langile guztiek, eta ulertzeko zailtasunik gabe”.
Gainera, plataformak aukera ematen du arraza eta nazionalitate desberdineko emakume eta gizonen abatarrak sortzeko; alegia, eduki bisuala aniztasunaren isla da, eta enpresaren errealitatera egokitzen da. Gainera, Artecheko langileetan oinarritutako abatarrak ere erabili daitezke.
Ondorioz, adimen artifizialari esker, prestakuntza-edukiak arin eta efizienteago sortu ditzakegu, ohiko ikasmaterialak baino lehenago eta merkeago, eta, gainera, ziur egonik edukiak pertsona guztien beharretara egokitzen direla.
Zer hobekuntza dakar proiektuak?
Hainbat hobekuntza dakartza. Esaterako, hauek:
- Prestakuntza-materiala Artecheren beharretara eta ezaugarrietara zehatz egokitzen da, eta lan-ingurunearen eta langileen zereginen egiazko irudiak ageri dira.
- Plataformak aukera ematen die Artecheko teknikariei bideoak erraz eta zuzenean eguneratzeko, eta ez dago zertan itxaron hirugarren bati irudi horiek prozesatzeko. Hala, talde-lana sustatzen da Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikarien artean ideia- eta ezagutza-trukea bultzatuz.
- Eta, jakina, taldeko instalazio guztiek irizpide korporatibo bateratuak aplikatzen dituzte.
Gainera, eduki horiek guztiak informazioa kudeatzeko plataforma batean txertatu ditugu, eta, hala, enplegatuek prestakuntza-programa aurreratu baten online edukirako sarbidea dute, prestakuntza-birziklatzeetan aurrez ezarritako aldizkakotasunarekin.
Zer emaitza lortu duzue plataforma ezarri ondoren?
Prestakuntza-saioak langileentzako erakargarriagoak izatea lortu dugu.
Oraindik ere goiz da gure istripu-tasen adierazleetan eraginik sumatzeko, baina ziur gaude prestakuntza eraginkorragoa izaten ari dela, langileen egiazko beharretara egokitu delako.
Gaur-gaurkoz, oso feedback positiboa bildu dugu, bai prestakuntza jaso dutenen aldetik, bai prestatzaile talde teknikoaren aldetik —langileei azalpenak eta laguntza eskaintzen diete prestakuntza-orduetan—.
Aplikatu al liteke proiektua beste enpresa batzuetan?
Bai, zalantzarik gabe, sektore eta tamaina guztietako enpresetan, baldin eta euren enplegatuak kasuan kasuko lan-jardunera erabat egokitutako ikus-entzunezko euskarri baten bidez prestatu eta informatu nahi badituzte.
