Itzuli

Atletismoa

Egonkortasun emozionala eta gogobetetasuna

Gure artean beti izan da handia atletismorako zaletasuna. Gero eta gehiago, gainera. Eta Euskal Federazioak jarduera eta lehiaketa asko antolatzen ditu urte osoan zehar. 2018ko egutegi luzea proba konbinatuen Euskadiko Txapelketarekin hasi zen, eta ondoren etorri ziren nazioarteko kros ikusgarriak zein Ibilketako Euskadiko Txapelketa. Urtea amaitu bitartean, dozenaka eta dozenaka lehiaketa egongo dira, hainbat modalitatetan, eta gure ordezkari asko eta asko gogor ahaleginduko dira emaitzarik onenak lortzeko. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren sail honetan, oraindik ere ari gara erakusten kirol bakoitzak, izan era amateurrean zein profesionalean, zer onura dituen. Kasu honetan, atletismoarenak. Jarduera horrek obesitatea eta diabetesa prebenitzen ditu; kolesterol maila hobetzen du, baita arnasketa eta aldartea ere. Gainera, masa muskularra eta konfiantza handitzen ditu, eta egonkortasun emozional atsegingarria ematen du. Atletismoak diziplina asko ditu; besteak beste, multzo hauek bereiz daitezke: lasterketak, jaurtiketak, jauziak, proba konbinatuak eta ibilketak. Horien guztien ezaugarria da, gainera, ariketa aerobiko nabarmena eskatzen dutela. Gorputza mugitzeak onura zuzenak eragiten ditu pertsonen egoera fisikoan. Hala, gorputza mailarik onenean mantentzeko, ezinbestekoa da egunero ariketa fisikoa egitea, dosi txikian bada ere. Hori dela eta, lerrootan, beti azpimarratzen dugu sedentarismoa dela osasun fisikoaren etsairik handienetako bat. Eta, aitzitik, atletismoa izan daiteke aliaturik onena. Frogatuta dago.

Berriz ere azpimarratu nahi dugu ariketa fisiko oro dela onuragarria gure gorputzaren osasuna hobetzeko. Batik bat ariketa aerobikoarekin lotuta daude gure gorputzean eragiten dituen abantaila fisikoak. Eta atletismoa da gure gorputzari gogobetetasuna ematen dion kiroletako bat. Aipa ditzagun horietako batzuk. Atletismoaren edozein modalitate praktikatzeak bultzatzen du gantz azidoen erabilera, maila jakin bateko esfortzu fisiko bat egiteko oinarri energetiko direnez gero. Hala, glukogeno muskularra gordetzeko aukera ematen du, eta jarduera metaboliko orokorra handitzen du, bai jarduera fisikoa egiten denean bai esfortzua egin ondorengo orduetan eta are egunetan ere. Atletismoa egiteak eragiten du gorputzak energia gastu bat egitea, eta, horri esker, argaldu edota obesitatea prebenitu daiteke. Era berean, jarduera atletikoren bat egiten dugunean, gorputzak handitu egiten du intsulinarekiko sentsibilitatea. Jaitsi egiten da plasmako hormona horien kopurua, eta luzatu egiten da pankrea endokrinoaren iraupena. Horregatik, atletismoa da jarduera onenetako bat diabetes mellitusa —glukosa kontzentrazio altuak izatea odolean era iraunkorrean— prebenitzeko, eta gaixotasun horren eraginei aurre egiteko. Bestalde, kolesterol maila ere hobetzen du; hain zuzen, atletismoa da odoleko kolesterol eta triglizeridoen maila erregulatzeko abantaila gehien ematen dituen kiroletako bat. Frogatuta dago: atletismoak gure sistema kardiobaskularrean eragiten duenez, osasunari mesede handia egiten dio. Atletismoa praktikatzeak hobetu egiten du bihotzaren errendimendua, gutxitu egiten baitu esfortzu zehatz bat egiteko behar den energia kopurua. Frekuentzia kardiakoa eta presio arteriala ez da hainbeste igotzen, eta handitu egiten da gehienezko gastu kardiakoa, frekuentzia kardiakoa sedentarismo egoerako balio normaletatik gora igo gabe. Horregatik, atletismoari esker, funtzionamendu kardiobaskularra hobetzen da, eta gaixotasunak garatzea prebenitzen da. Era berean, hipertentsio arteriala duten kirolarien presio arteriala kontrolatzen laguntzen du, bai geldirik daudenean zein esfortzua egiten ari direnean. Asko dira, ikusi denez, atletismoaren abantailak; horrenbestez, hurrengo zenbakian ere horiek hartuko ditugu mintzagai.

Lotutako berriak