ekfb
Itzuli

Atletismoa

Narriadura fisikoa saihesteko faktore garrantzitsua

Aurrekoan, atletismoaren inguruko zaletasunari buruz aritu ginen. Horrez gain, Euskal Federazioak denboraldi osoan zehar antolatzen dituen probak ere aipatu genituen. Hilabete honetan, esaterako, Eskolarteko Euskadiko Kros Txapelketa, 10.000 metroko Euskadiko Errepide Txapelketa eta Euskadiko Maratoi Erdi Txapelketa egingo dira. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan (webgune berritua du), modalitate honek ekartzen dizkigun onurekin jarraituko dugu. Esaterako, atletismoan, muskuluak asko lantzen dira. Gaitasun aerobikoa areagotzen da, bai eta zelula muskularren oxidazio-sistemen indarra ere. Faktore horiek muskuluen funtzionamendu hobea ematen dute, eta pertsona bakoitzaren erresistentzia muskularra handitzen dute. Izan ere, atletismoa erregulartasunez praktikatuz gero, muskuluak zabaldu eta indartu egiten dira, eta, ondorioz, malgutasuna areagotu eta muskulu-lesioak prebenitzen dira. Hala, ikerketa askok azpimarratzen dute kirol hori muskuluen malgutasun ezin hobea lortzeko ariketa onenetarikoa dela. Atletismoa praktikatzen dugunean, arnasketa-maiztasuna handitu egiten da, eta errendimendua erabat indartzen du. Hori dela eta, birikak funtzionamendu biziagora ohitzen dira, eta horrek pertsonen osasunean eta gaixotasunak prebenitzen laguntzen du. Izan ere, jarduera fisikoak maila guztietan areagotzen du gorputzaren erresistentzia. Horrela, gaitasun kardiobaskularra, muskularra eta arnasteko gaitasuna areagotzen ditu, bai eta nekea prebenitu ere. Kirol-praktika horri denbora eskainiz gero, gainera, organismoaren atal asko aktibatzen dira.

Organo gehienak erabiltzen dira ariketa fisiko hori egitean, beraz, jarduerak mesede egiten die. Hori dela eta, atletismoak gorputzaren narriadura fisikoa prebenitzen du. Horrez gain, organo fisikoen funtzionamendua areagotzen du, bai eta garunaren jarduera ere. Atletismoa praktikatzea faktore garrantzitsua da narriadura kognitiboa eta alzheimerraren antzeko gaixotasunak prebenitzeko. Atletismoak gaixotasun kantzerigenoen garapenean duen eraginaren inguruko datuak, hala ere, eztabaidatuagoak dira. Ikerketa batzuen arabera, ariketa aerobikoak koloneko minbiziaren aurkako efektu babeslea izan dezake, sabelaldean ariketa gehiago egiten delako. Ondorioz, heste-igarotzea erraztu eta idorreria murrizten du. Beste ikerketa batzuen arabera, efektu prebentiboek ere prostatako minbizian eta bularreko minbizian eragina izan dezakete.

Atletismoak haurrei ekartzen dizkien onurei dagokienez, sexuen arteko berdintasuna bultzatzen den kirol horrek gozatzeko eta ongi pasatzeko ezaugarri aproposak ditu. Gainera, onura fisikoak ditu, beheko gorputz-adarren indarra garatu eta erresistentzia fisikoa eta abiadura eskuratzen baitira. Korrika eginez, biriketako gaitasuna hobetzen da, eta egiaztatu da haurren hazkunde-hormonak eta muskuluen garapena estimulatzen direla. Onura horiez gain, atletismoak beste onura psikologiko batzuk ekartzen ditu, arazoak ahazten, konfiantza bereganatzen eta autokontrol gehiago eta egonkortasun emozional handiagoa izaten laguntzen baitu.

Lotutako berriak